Galtzaundi 30 urte

‘Galtzaundi 30 urte’ kontzertua: sarreren informazioa

Erabiltzailearen aurpegia Galtzaundi 2021ko ots. 5a, 16:47

Aurten inauteriak ospatuko ez direla ikusita ere, Galtzaundik ekitaldi kulturala antolatu du inauterien bueltan, bere izenari men eginez eta 30. urteurrena aprobetxatuz, inauterietako musikan euskarak duen garrantzia azpimarratzeko. Osasun egoeraren ondorioz festak betiko moduan ospatzea posible ez bada ere, inauterietako kantuekin osatutako kontzertua antolatu da otsailaren 14ean, 12:00etan, Leidorren, ‘Galtzaundi, 30 urte’ izenpean.

Et Incarnatus orkestrak emango du kontzertua, eta musikari eta kantari ezagunen kolaborazio ugari izango dira bertan. Inauteri kutsuko emanaldi berezia izango da, mimoz prestatua, eta betiko kantuak modu desberdinean entzuteko aukera izango dute entzuleek, inauterietako doinuak harizko orkestra batek interpretatuz. Et Incarnatus orkestrarekin batera, hainbat inauterizalek eta taldek ere parte hartuko dute ikuskizunean. Kantuan Leire Berasaluze, Kristina Aranzabe, Xabier Ormazabal eta Ana Otxoa arituko dira; eta musika alorretik Xabier Berasaluze ‘Leturia’ pandero-jolea, Gorka Benitez saxofoi-jolea eta Incansables txarangak parte hartuko dute orkestrarekin batera.

Aforoari dagokionez gehienez 400 lagun bilduko dira ikuskizunean. Kontzerturako sarrerak astelehenean jarriko dira salgai eta ez da erreserbarik onartuko. Sarrerak Galtzaundiren egoitzan salduko dira (Nafarroa etorbidea, 6, Tolosa).

Galtzaundiko bazkideek 15 euro ordaindu beharko dute sarrera bakoitza eta gehienez bi sarrera erosi ahalko dituzte prezio horretan. Bi sarrera baino gehiago erosi nahi izanez gero, sarrera bakoitzarengatik 17 euro ordaindu beharko dituzte. Galtzaundiko kide ez direnek berriz, 17 euro ordaindu beharko dituzte.

Sarrerak erosteko egunak eta ordutegiak:

  • Astelehenetik ostiralera, hilaren 8tik 12ra, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara.

Sarrera guztiak zenbakituak izango dira eta salmenta orduak mantenduko dira, beti ere sarrerak agortzen ez badira; hala balitz, Galtzaundik horren berri emango du.

 

Egin zaitez Galtzaundikide!

Tolosaldeko euskaltzaleak batu eta euskararen normalizazioan eragitea da Galtzaundi Euskara Taldearen helburu nagusia. Horrexegatik, Galtzaundik eskualdeko euskaltzaleak ahaldundu eta zaindu nahi ditu. Hori dela eta, elkarteak antolatzen dituen ekimenetan Galtzaundikideek abantailak izaten dituzte. Oraindik bazkide ez bazara, animatu eta egin zaitez Galtzaundiko kide; ez du kostu ekonomikorik, eta euskararen aldeko jardunean norbere ekarpena egiteko aukera ematen du Galtzaundira biltzeak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!