Prest

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Artola 2019ko apirilaren 7a

Jarri gara prest, preokupatzen gintuenaz «okupatzeko». Eseri gara, eta poztu, hain premiazko iruditzen zitzaigun elkarren presentziaz.

Hitz egin dugu eta entzun, entzun eta erantzun, geroko gaizki-ulertuak saihesteko prebentzio neurriak hartuta. Partekatu dugu diagnostikoa: osasuntsu gaudela dirudi, baina badira irudia lausotzen duten presio guneak. Zabaldu dugu perspektiba: ez da hizkuntza jokaleku honetako ertz bakarra. Noren teilatuan dagoen pilota? Nirean eta zurean, gurean eta haienean, baldin eta nik, zuk, guk eta haiek elkar konprendituko badugu, berdinetik berdinera.

Premisa horrekin, eta «preokupazio», premia, presentzia, prebentzio, presio, perspektiba eta elkar konprenditzeko pretentsio guztiarekin aurkeztu dugu, Tolosaldeko Euskararen Mahaia. Alegia, prebisio guztiek zioten bezala, praka bete lan pragmatiko: gobernantza eredu berritzaile bat proban jartzea (eta probokatzea); eskualde mailako hizkuntza politika definitzea (eta defenditzea); baliabideak adostu eta abian jartzea (prezioaz gogoratzea); gizarte esparru guztietako eragileekin elkarlana bermatzea (edo berrasmatzea); inklusioranzko bidea egiteko diskurtsoa garatzea (alegia, entzuten ikastea); garapen sozioekonomikoarekin uztartzea (gurdirik ez hustutzeko) eta bizitza sozio-kulturala euskaraz izan dadin bermatzea (kaleko etxeko-lana). Eta, hori guztia, euskara indarberritu eta benetan komunikazio eta kohesio hizkuntza izan dadin.

Prentsa bidezko predikuak maiatzeko haizeak eraman ez ditzan, jarri gara prest, beraz, jakinik oraino, ez dugula egin besterik, prest jartzea baino…

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!