Euskara behar dela eta ez dela

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Telleria 2018ko abe. 21a, 13:43

Pasa da Euskaraldia. Ondorengo baloraziorik ez da falta izan, eta anekdotak anekdota, bat nator bere arrakasta nabarmentzearekin. Errekonozimendu eta zorionik jaso dute bultzatzaile eta parte hartzaile guztiek. Merezitakoak zalantza izpirik gabe.

Izan dira noski kanpainan parte hartu ez dutenak ere; Maialen Arzallusek abestu ere egin zien doinu arrotz bezain ezagun hartan «... Euskaraldia hasi da, denontzat ez baina, ...». Horientzat ere baliagarria izan dela esango nuke, tarteren batean behintzat batzuk isilik mantentzeko balio izan duelako.

Horietako bat Maite Esporrin, PSNko zinegotzia Iruñeko Udalean. Hauxe bere aurreko marmarra: «Euskara hizkuntza eskakizuna ezarri du Iruñeko Udalak hainbat lanpostutan, eta ez dago justifikatua inolaz ere. Esan, adibidez, zertarako behar duen albaitari batek euskara... Hobeto ulertuko diote animaliek?».

Hauxe da maila. Eta bati baino gehiago taxuzko arrazoia irudituko zaio gainera. Zinegotziak oraindik ez daki albaitariaren bezeroak, berez, ez direla animaliak, animalia horien jabeak baizik. Mekanikari baten bezeroak kotxeak ez diren bezala. Hiztunak alegia, eta ez lau hankakoak.

Aspaldikoa da zenbait lanetarako euskara eskatzea eta lanerako eskubideak eztabaidarako gai bihurtzeko joera. Gehienetan, eztabaida erabat interesatua. Politikoki interesatua esan nahi dut. Lanpostu publikoetarako euskararen titulazioaz ari ginela, gogoan dut elkarrizketa bat gure herrikide batekin. Pertsona honek senitarteko bat zuen lanerako deialdi batean euskara azterketa pasa ez zuena; sistemaren makurrak azaleratu nahian, sutsu agertzen zen azterketa moduaren aurka; eta ez zuen euskarazko azterketa onartzen, ezta beren ikaste prozesu osoa euskara hutsean eman zutenentzat ere.

Baina oposizio publikorako ez da aski ikasketa batzuk (edo titulua) egin izana. Ezta titulua ere. Gai batzuk menderatzen direla frogatu beharra dago, beste hautagaiekin lehiaketan. Eta hori neurtzeko, hauxe aukerako beste sistema: euskararen maila frogatzeko azterketa egin ordez, galdetegi osoa (gaien azalpena, lan praktikoa, elkarrizketak, etab.) bi hizkuntza ofizialetan eginaraztea. Erdia eta erdia. Ahoz zein idatziz. Derrigorrez.

Eta behin azterketa gaindituta eta zerbitzu publikorako balekotzat emanda, zerbitzu hori herritarraren aukerako hizkuntzan eman ere. Bestelakora ere ohitu xamarrak gaude. Irudipena daukat funtzio publikoetarako postuetan, euskarari dagokionean, sarrerako gaitasunean baino jarreretan dugula ajea. Eta hor zerbitzari publikoaren gogoa ezin da herritarraren aurretik jarri. Herritarrak aukeratu behar du komunikazio hizkuntza. Eta herri langileak, horretan erantzun.

Aspaldi gaude hauteskunde kanpainan. Etengabe ia. Berriz ere ikusiko dugu euskara harrika egiteko erabiltzen. Guk kanpainaren giroari eusten asmatu behar. Eta Euskaraldiarena natural bihurtzen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!