Bi urtetik behin antolatzen du Garabide elkarteak bere formazio proiektu nagusia: Hizkuntza Biziberritzeko Estrategiak Aditu Ikastaroa, hau da, hizkuntza gutxituen biziberritze prozesuak bultzatzeko formazioa. Aurten irailaren 24tik abenduaren 16ra, hamabi hizkuntza gutxitutako aktibista diren hogei indigena daude Euskal Herrian, bai unibertsitatean klaseak jasotzen, bai euskalgintzako eragileengana bisita didaktikoak egiten eta baita herriz-herrikako biran ere. Testuinguru honetan elkar ezagutzeko tarte bat hartu nahi dute Tolosan, Galtzaundiren babesarekin, asko baitaukagu elkarrengandik ikasteko.
Garabide Elkartea kooperazio era berria egiten duen Gobernuz Kanpoko Erakundea da. Zehazki, lankidetzaren alorrean munduko hizkuntza gutxituen biziberritze prozesuak bultzatzen ditu euskararen esperientziatik abiatuta eta Tolosako Udalak urteak daramatza bere jarduna babesten.