'Baleak ikusi ditut', urriko irakurgaia

Erabiltzailearen aurpegia Galtzaundi 2018ko urriaren 9a

Galtzaundiren irakurle taldearen urriko saioan Javier de Isusi komikigile bizkaitarraren Baleak ikusi ditut nobela grafikoa landuko dute.

Hilaren 24an izango da hitzordua, 19:00etan Tolosako Kultur Etxean. Yurre Ugartek dinamizatuko du eta saioa guztiz irekia bada ere, bertan parte hartzeko ezinbestekoa izango da liburua irakurrita izatea.

Javier de Isusiren Baleak ikusi ditut gertakizun erreal batean oinarria duen nobela grafikoa da. Elkarren kontrako bideak ibiltzea suertatu zaien hiru pertsona dira protagonistak, eta, hala ere, elkarrekin topo egin nahi dute, pertsona moduan topo egin.

Sinopsia: Proventzako kartzela batean ezagutuko dute elkar Josuk eta Emmanuelek; bata etakide ohia da, bestea berriz, GALeko kide ohia. Handik ia mila kilometrora bizi da Anton, Josuren txikitako laguna; ETAk aita hil zion hogeita bost urte lehenago, eta heriotza horren itzalean bizi da oraindik ere.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!