Miriam Arandia kazetariak gidatu du saioa eta berarekin batera parte hartu dute Xabi Zeberio eta Garazi Esnaola eskualdeko musikariak. Zeberiok kolaborazioak egin izan ditu Izarorekin eta Esnaola taldeko partaideetako bat da gaur egun. Ekitaldia amaitzeko, hiru musikariek batera kantu bat jo dute.
Bere ibilbideari errepasoa eginez ekin dio saioa Andresek. Hastapenetatik hasi dute kontakizuna Arandia eta Andresek. Unibertsitate garaian elkarrekin ikasi zuten elkarrizketatzaile eta elkarrizketatuak, eta beraien arteko konplizitatea eta bizipenak baliatuz landu dute saioa. Hainbat anekdota jarri ditu mahai gainean Miriam Arandiak, tartean Izaro Andresek berak e-postaz bidalitako testu bat.
Kantuak sortzeko prozesuari buruz ere aritu da Andres. Gaur egun ezer berririk idazteko aukerarik izan ez duela azpimarratu du musikariak “ez dut topatu momenturik dena albo batera utzi eta kantuak idazteko, gogoa badudan arren”. Hizkuntzarekin ere, kantuak euskaraz idaztean batuan idatzi ohi dituela onartu du Izarok, bizkaierara jotzeko tentaziorik ez duela izaten. Momentu honetan ez da hasi disko berrian pentsatzen: “Ideia asko ditut, baina denborarik ez” azpimarratu du Andresek.
Denbora gutxian bizi izan duen arrakasta ere izan du hizpide mallabitarrak. Jarraitzaile ugari ditu Andresek Euskal Herrian eta horrek beregan eragina duela onartu du Sormenetiken: “Arrakastak gazte harrapatzeak eragin izan du nigan. Jendeak zuri buruzko irudi bat egiten du eta zuk hori izan nahi duzu, eta sarritan ez zara iristen. Horrek frustrazio sortzen du” azaldu du abeslariak Sormenetiken urte honetako azken saioa ixteko.