Nora goaz erdal elebitasun honekin?

Erabiltzailearen aurpegia Joxe Manuel Odriozola 2018ko urr. 1a, 10:49

Euskalduntasunaren izaerak edo nolakotasunak baldintzatzen badu euskararen erabilera, D ereduak sortzen dituen euskal hiztunen inguruko datu eta informazio baikorrenak ere oso ezkorrak dira, tamalez. Begien bistakoa da D ereduaren emaitzek lekuan lekuko egoera soziolinguistikoaren araberako euskalduntasuna sortzen dutela.

Guk dakigula, D ereduaren euskalduntasunak nekez sortuko du euskal hiztun eta irakurle aktiborik euskararen arnasgunetzat dauzkagun eremuetatik kanpo. Izatekotan, eremu erdaldunduetako familia euskaltzaleetan egiten den transmisioa izan liteke salbuespena. Baina azken kasu horretan ere ingurune soziolinguistiko makro erdaldunak berehala higatuko du etxean mamitutako gaitasun komunikatiboa eta jarrera euskaltzalea.

Eusko Jaurlaritzak bere hizkuntza politika zuritzeko aldizka jakinaraziko digu zenbat euskal hiztun berri sortu diren hezkuntza sistemari esker. Inoiz ez dakigu euskal hiztun berri horien euskalduntasuna zehatz-mehatz zertan den. Gehienak erdal elebidunak direla adieraziko digute; hori, gutxienez, esaten digute. Erdal elebidun izateak gure baldintza soziolinguistiko makurrean dituen ondorio larriez, ordea, hitz erdirik ere ez. Euskara hizkuntza etniko minorizatu bat izateak hiztunaren gaitasun komunikatiboan muga izugarriak eragiteaz gain, euskaldunon psikologian, motibazioan eta jarreran dituen ondorio uzkurgarriak isilpean geratzen dira horrelako txosten eta adierazpenetan.

D ereduak elebidunak sortzen omen ditu, baina nolakoa da benetan elebitasun horren pean bizi diren euskal hiztunen eta irakurleen praktika linguistikoa? Galdera horri erantzun nahi ez izateak, argi uzten du, gure ustez, Jaurlaritzak ez duela onartu nahi bere hizkuntza politikaren porrota. Gero eta euskaldun gehiago omen gara Euskal Autonomia Erkidegoan. Haatik, euskal hiztun eta irakurle horiek, salbuespenak salbuespen, ez dira euskaldunak, euskalduna izatea euskaraz osoki edo partez bizitzea baldin bada. Euskaraz bizitzeko gaitasun komunikatibo eta identitate-atxikimendu askirik gabeko hiztunen fabrika bihurtu zaigu D eredua gehienbat.

Erdal elebidunak gehienbat erdal elebakarren sailean kokatu behar genituzke euskararen erabilerari dagokionez. Zantzu guztien arabera, erdal elebiduna ahoz eta idatziz erdal elebakarra da; onik onenean, elebitasun pasiboaren rola bete lezake. Eta, hain zuzen, zer-nolakoa da elebitasun pasiboaren emaitza hizkuntzetako bat estatu boterearen hizkuntza denean eta bestea botere horrexek berak baztertzen duenean?

Euskaraldiaren atarian gaudenez, ez gara hemen elebitasun pasiboa kritikatzen hasiko, baina badago zer hausnarturik elebitasun mota horren eraginkortasunaz. Oraingoz, bego honako ohartxo hau: elebitasun pasiboa izatez oso iraungikorra da, erabiltzen ez den hizkuntzaren gaitasun pasiboa (ulermena) iraungi egiten delako berehala. Jakina denez, hizkuntzak berehala ahanzten dira erabili gabe, eta hizketarik gabekoen ulermena zer esanik ez. Horregatik, elebitasun pasiboan oinarritutako solasak ez du gutxieneko duintasun komunikatiborik bermatzen hiztunen artean. Galdetu bestela euskaldun zahar askori zergatik jotzen duten erdarara euskaldun berria hitzak asmatu ezinean sumatzen dutenean. Ez baita beti izaten jarrera pedagogiko kritikagarria dutelako.

Nora goaz, beraz, erdal elebitasunarekin? Erdal elebidunak sortzen dituen hizkuntza politika honekin? Euskal nortasuna arrotz zaien D ereduko hiztunekin? Euskaldun sentitzen ez diren belaunaldi berriekin? Nortasun nazional euskaldunean hezteko eta sozializatzeko ahalmenik ez daukan hezkuntza sistema honekin? Euskararentzat egitura soziolinguistiko hegemoniko makrorik sortzeko botererik erakusten ez duen politika autonomiko honen iruzurra gero eta nabarmenagoa da.

Hori eta horrenbestez, erdararen morrontzarik gabeko hiztunak behar ditu euskararen normalizazio sozialak. Euskal elebidunak behar ditugu lehenbailehen, euskaratik eta euskaraz bizitzeko gai diren euskaldun alfabetatuak. Hizkuntzaren egoera etniko minorizatuetan hori ere nahikoa ez denez, euskal identitate nazionalaz taxututako euskaldunak sortzea dugu helbururik behinena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!