Salba nazazu!

Erabiltzailearen aurpegia Idoia Bengoetxea 2018ko uzt. 2a, 11:31

Bizkaiko herri txiki bateko ostatuan geunden lasai ederrean Euskal Herriko txoko guztietatik joandako hainbat lagun; gehienak Hegoaldekoak, hori bai. Telebistako programazioaren harira abiatu zen solasa, eztabaida zabalago bati bide eman ziona. Baten batek aipatu zuen zenbait gauza errazegi ematen ditugula ontzat, euskaraz direlako soilik.

Kanpotik nahiko egur jasotzen dugula eta, barrura begirako kritikek izutzen omen gaituzte. Geure burua txiki eta zaurgarri ikusten dugu, antza. Eta, hortaz, kezkatuta zegoen ondokoari ikusitako kaka guztiak ez ote ditugun errepikatzen. Denak ez du balio, esaten zuen.

Bigarrenak, aldiz, kontrakoa, kritikoegiak garela. Goazen! saioa hartu zuen hizpide, aipatuz hartaz sekulakoak eta bi botatzen dituztenak ez direla konturatzen zer balore duen, batik bat eremu ez-euskaldunetan, haur eta gaztetxoek euskarazko erreferentziak izateak, euskara aditu eta euskal kantak abesteak. Ondokoak, ados, hori oso ondo dagoela, baina zer premia dagoen apaizen barnetegi horretan gertatzeko istorioa, ea zein joaten den gaur egun hemen horrelako eskola batera, eta beste kexa ugari.

Beste batek, berriz, euskaraz denetik eskaini behar dela irizten zuen. Ez omen da posible gure hizkuntzan guztia alternatibo-hezitzaile-jator eta abar luze bat egitea, ze, gero, lagunok, badirudi euskal herritarrok (edo hegoaldeko euskal erditarrok bederen), arrainak ura bezala, TELE5eko telezaborra behar dugula, edo hori diote estatistikek, behintzat. Beraz, telezaborrari bai, baina euskaraz. Bere izebaren adibidea jarri zuen: Sálvame ikusten omen duela, eta «sikiera, euskaraz ikusiko balu...». Hainbeste «normalizatu» nahi izango genuenik ere!

Gaiarekiko dudan ezjakintasuna dela medio, telebistako programazioaz iruzkinik egitera ez naiz ausartzen. Guztien iritziek eman zidaten zer pentsatua, egia esan. Kontuak kontu, telebistaz haratago, badago euskaraz ekoizpen erakargarriagoak, modernoagoak, salgarriagoak eta ez dakit zer gehiago egin behar direlako ustea, eta, egia esan, ez daukat ideiarik ere hori zer den, ezta nola egiten den ere. Sortzailea banintz, euskaraz zer egin behar den ez, nik zer egin nahi dudan pentsatu nahiko nuke, eta horixe egin euskaraz; hizkuntzak ni ez, nik behar baitut hizkuntza munduan bizitzeko. Zokoratutako mintzaira honetan existitzea aukeratzen dugu egunero euskaldunok, eta geure existitzeko modua bilatu nahian gabiltza. Inperiorik eta best-sellerrik ez dugu, baina egin ditzakegu gauza eder askoak.

Sálvame-ra itzuliz, susmoa dut adiskidearen izebak saioa gaztelaniaz ikusiko lukeela, Euskal Telebistan antzeko zerbait emango balute ere. Salváme, Salváme da, eta Belén Esteban, ordezkaezina: gurea kopiatu-itsatsi formula patetiko samar bat izango litzateke segur aski, nahi eta ezina, aberats plantak egiten dituen ahoberoa gogora ekarriko ligukeena. Izebak, ikustekotan, nahiagoko luke euskaraz «Tribuaren Berbak» edo «Ur handitan» ikusi, hori ez bailuke edukiko gaztelaniaz. Halaxe erakarri zuen ikasle bat euskarara bertsolaritzak, bertsoak ulertzeko gogoak, alegia; eta bestea Mikel Laboak zer kantatzen zuen jakin-nahiak, eta bestea BAP eta Anestesia entzuteak. Ez horrek bakarrik, baina horrek ere bai.

Edo auskalo, agian zeharo okertuta nago, eta izugarrizko arrakasta izango luke saio horrek, eta jendea jo eta su euskara erabiltzera bultzatuko luke. Ezin jakin. Zer diozu, irakurle, zeuk ikusiko al zenuke Salba nazazu!?

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!