[GUTUNA] Mintzalagunei gutuna

Erabiltzailearen aurpegia Galtzaundi 2018ko eka. 28a, 10:31

Ordubete. Ordubetean kafetxo bat har dezakezu lagunarekin, edo paseo bat eman, edo erosketak egin... Ordubetean bada ere, euskaraz bizi zaitezke. Horrela erabaki dute Tolosaldeko hainbat lagunek, astean ordubete hartu eta kidearekin euskaraz egitea: mintzalagun egin dira.

Iragan urrian hasi genuen ikasturtea, eta etorri bezala joan dira udazken, negu eta izan gabeko udaberria. Hilabete guzti hauetan zehar euren mintzalaguna ezagutu dute, hasierako arroztasuna ezaguna bihurtu zaie, eta zenbait kasutan baita lagun egin ere. Huskeria dirudi, baina ez da erraza gaur egun ordubete zuretzako hartzea, are zailagoa da esfortzu gehigarria eragiten dizun horretarako inbertitzea. Horixe egin baitute, denboran eta hizkuntzan inbertitu.

Bizitzeko euskararik behar ez den lurralde honetan euskaraz hitz egin nahi izatea gehiago eskertu behar genuke. Eskertzekoa da beraien interes eta prestutasuna, lagunarekiko hartzen duten konpromiso txikia, eta euskarari dioten begirune eta errespetua. Horrela aritu dira astez aste, mihia trabatu eta astindu, bidelagun izan dutenaren konpainian. Oraindik esan ez badizugu, eskerrik asko bihotzez, mintzalagun!

Eta ekaina bere hondarrera iritsi den honetan, udako solstizioak iragarri digu ikasturte bukaeran gaudela. Agian asteroko hitzorduak ez dira asterokoak izango, oporrak hartuko ditugun seinale. Euskarak, ordea, ez du etenik. Txoritxoak atseden hartuko du, bai, baina indarrez gainezka etorriko da irailean, udazkeneko hego-haizearekin batera: badator Euskaraldia.

Mintzalagun, Euskaraldian ere aukera duzu zure onena emateko; denok dugu aukera. Belarriak prest edota ahoa bizi-bizi, hamaika egunez euskaraz bizitzeko ariketa soziala egin dezakegu guztiok.

Hamaika egun, 365era iristeko.

Berriro diogu, mila esker egitasmo honetan parte hartzeagatik, mila esker zure denbora gure hizkuntzari eskaintzeagatik.

Amasa-Villabonako Udala, Zizurkilgo Udala, Anoetako Udala, Tolosako Udala, Andoaingo AEK eta Galtzaundi Euskara Taldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!