Urtea joan eta urtea etorri

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Telleria 2018ko urt. 29a, 10:33

Kaixo irakurle. Galtzaunditik jasotako deiari erantzunda, hemen nauzu tarteka zertxobait idazteko konpromisoarekin, euskararen inguruko noizbehinkako poztasun aldiez bezala, etenik ez duten kezken inguruan ere.

Aurtengoa bere bidea egiten hasia bada ere, aurrekoan izandakoak fresko ditugu oraindik memorian. Ez da garai txarra balantzea egiteko ere, balantza egiteko bere arrisku guztiekin. Eta botila erdi hutsa erdi betea nola, euskararen ingurukoek ere denetik eman dutela iruditzen zait: gozotik adina garratzetik. Denak sartzeko lekurik ez, aukera hala moduzkoa egin eta txarretik onera.

Albistea da euskararen erabilera ez datorrela bat ezagutzaren igoerarekin eta azken hamar urteetako epealdiari erreparatuta, beherantz egin duela zertxobait, apalaldian sartuta. Baita orain arte itotzetik salbatzeko flotagailutzat genituen arnasguneetan ere. Beste latitude batzuetan, Irlandan gaelikoaren kasuan, gertatzen den fenomeno bera gurean ere. Eta jaitsiera hango mailetara iristen ez bada ere, erakuts dezake zerbait egin ezean noraino irits daitekeen behera behar hau. Ezaguna da urrutiko modek gurean duten harrera beroa...

Oraindik ere, zenbait alderdi politikoen matrakak ere ez du etenik, nagusiki administrazioarekin lotutako lanpostuetara iritsi nahi duten langile gaiei euskara eskatzearen aurka, eta hizkuntz eskakizunak albora uztearen alde. Donostiako turismo bulegoan ingelesa, frantsesa edo gaztelania jakin gabe ezin daitekeela lanean ari ulertzen duten horiexek, ezin ulertu gurean bi hizkuntza ofizialak taxuz menderatu gabe nekez egin dakiokeela diskriminaziorik gabe arreta edozein herritarrari. Edo ondoegi ulertzen dute beren boto parrokia nondik etor dakiekeen.

Erantsi horri euskararen titulu bat atera beharrean dauden batzuk, lan hori egingo dioten ordezkoa ordaintzeko prest egon eta iragarkiak jartzera ere ausartu direla inor animatzeko. Jokaldia ondo atera eta behin titulua lortuta, ez da zaila imajinatzea zer nolako erabilera egingo duten horiek euskararena lanean bezala gainerako jardunetan.

Onetik ere izan dela aurreratu dizuet. Urtearen hondarrean aurkeztu ziguten Euskaraldia ekimena, euskararen erabilera bultzatzeko proposamena. Euskal Herri osokoa instituzioen onarpenaz eta parte hartzeaz sortutako egitasmoa. 2018ko amaiera xamarrean egingo bada ere, bitartekoa ere adi jarraitzeko modukoa izango da seguru.

Eta aldarte berri horren erakusgarri, Gipuzkoako Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari kargua utzi berritan, Mikel Irizarrek esandakoak. Bereziki azpimarratu eta eskertu duenean eragileen artean konplizitateak eraikitzeko eta elkarlanerako sumatu duen jarrera. Eta euskararen biziberritze prozesuan jauzi bat eman ahal izateko denon artean baldintzak sortzea lortu izana. Datozen urteak ederragoak izango omen dira bide horretan. Ez du soinu txarra musika honek.

Eta bidean asmatuko bagenu, erabilerarekin berez egin beharko luke gora kontsumoak ere. Hartara, Inuxenteen egunean ATARIA-rengatik jotako hil kanpaiak umorezko parodiatzat hartzen jarraituko genuke, deskuidatuz gero hurrengo batean benetako malkoez jaso partez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!