Erauntsitik babesera bildu orduko, «gazte kontuak, gutxienez euskaraz ari dituk», pentsatu nuen neure artean. Ataritik hurbil, nire adintsuko bat telefonoz hizketan, «bai egin ditut erosketak, ogia, laranjak eta jogurtak, creo que no me olvidado de nada». Eta nik lepoa egingo nukeen, baietz, zer edo zer ahaztu zuela. Etxera iristerako beldur nintzen, seme-alabetakoren batek «zer, berandu, no?» galdezka irekiko ote zidan atea. Ez zen halakorik gertatu, baina sumatu izan ditut gurean ere, «en plan euskara moderno horretan» solasean. Eta nik ere zenbatetan erabili ote ditut halako makuluak. «A sako». Isiltzeko hobea nago, beraz.
Joxe Manuel Odriozolak berriki argitaratutako Nora goaz euskalduntasun honekin? liburuan nabarmendutako ideietako bat etorri zitzaidan burura. Nola gure gurasoen euskalduntasuna ahozko kulturan oinarritzen zen eta gaurko euskalduntasuna, berriz, erdal elebidunen gainean eraikia dagoen, eta «erdararen eskale» bihurtu gaituen euskaldunak.
Zubi horretan bizi baikara, orain euskaraz abiatu eta gaztelaniaz segi, edo alderantziz, «modo erdara batuan», baina irudipena izango da agian, bi hizkuntzetan firin-faran gabiltzanean, gero eta errazago eta maizago ez ote garen gaztelaniara lerratzen. Hain da indartsua urakanaren eragina. Eta gu arnasgune batean bizi garenik, gurean euskarak arnas hartzen duenik, guk euskaraz asko, askotan eta askorekin hitz egin dezakegunik... Altunak eta Saralegik lau t’ erdiko finalean kasu.
Urruntzen garenean gure oasi geografiko eta soziolinguistikoetatik, hurbiltzen garenean urakanaren begira, orduan ezinak eta erresuminak. Pablito Berasaluze eta Urrutikoetxea elkarren artean gaztelaniaz entzutean, adibidez. Orduan bestelako pentsakizunak eta ahaleginak. Hobe lukeela gure euskarak gaztelaniako makuluekin, herren eta trakets, estropezuka eta ezinean, baina oinez bidea egitea, mutu geratzea baino. Ez dagoela euskara txarragorik, egiten ez dena baino. Izan ere, Odriozolaren arabera, «bi erdarak ditugu benetako nazio hizkuntzak gurean, hauek eratzen eta kohesionatzen dituztelako gizarte nazional hegemonikoaren harreman-sareak; eta euskara, aldiz, komunitate erregional etniko baten mintzabidea da funtsean». Tolosaldea oro har, Durangoko Azoka, BECeko finala, «modo ironian» abiatutako idatziño hau irakurtzen ari zareten Galtzaundi-Atarikide guztiak, zer gara oasi eta komunitate horretako bidaide, gogaide ez besterik.
Ikuspegi eta aldarte kontua ere bada. Oasiko ezkorrenek putzu ilun bat besterik ez dute begietsiko, eta baikorrenek «itsaso urdin eta zabal bat» irudikatuko dute ausaz. Auskalo, hor erdibidean ibiliko gara nonbait, elurretan hegoak kizkurtuta beti haize kontra dabilen euskararen txantxangorri. Jakinik seme-alabek D ereduan ikasi arren, Goazen! ikusi eta Gaztea entzun arren, eta guk geuk ere behin eta berriro «ahora» aldarrikatu arren, «puto urakan» isil batek astintzen gaituela une oro komunikabideetatik, Internetetik, gizarte-sareetatik, nonahitik, eta, aterkiari gogor eutsi arren, zirrikitu guztietatik sartzen zaigula erdara. Eta gu, batzuetan, korrontea ibili arren, leihoak irekitzen ere aritzen garela.