[Gutuna] «Eman diezaiogun hauspoa Nafarroako euskalgintzari!»

Erabiltzailearen aurpegia Galtzaundi 2016ko urr. 11a, 14:34

Argazkia: Kilometroak 2016, Bergara (Goiena.eus).

Udazkenean sartzearekin bat Ikastolen aldeko jaiek garrantzia hartzen dute euskal egutegian. Urriko lehen igandean Bergaran ospatu ziren Kilometroak eta eskualdeak urtero bezala erakutsi du baduela konpromisoa Gipuzkoako Ikastolen aldeko jaiarekin, Galtzaundiren balorazioaren arabera.

Aurtengoan ere zortzi autobus antolatu ditugu Zizurkil, Billabona, Irura, Anoeta eta Tolosa artean. 400 euskaltzaletik gora bildu ginen, beste herrietatik antolatu ziren autobusak eta autoz gerturatu zirenak kontutan hartu gabe.

Trenez gerturatu ezin daitezkeen herrietan urtero antzeko datuak izaten ditugu: 400 lagun inguru biltzen gara eta hori pozgarria da. Gipuzkoako Ikastolen aldeko jaia pasatu da, ordea, eta Nafarroako Ikastolen aldeko jaia gerturatu zaigu. Datorren igandean, urriaren 16an, izango da Viana-Lodosan, Hartu, Tenka, Tira! lelopean.

Galtzaunditik ere asmo hori dugu: udazken hasieran HARTU zen ohiturari jarraituz, euskararen aldeko soka TENKAtu eta datorren igandean euskararen alde TIRA egitera animatu nahi ditugu eskualdeko herritarrak. Horretarako urtero bezala autobusa antolatu dugu. Polita litzateke aurreko urteetan antolatzen den autobusaren kopurua bi autobusetara igotzea eta Kilometroetan euskarari emandako babesa berrestea.

Aurten Erriberan ospatuko da Nafarroa Oinez, Viana eta Lodosa artean. Bertako Errigora egitasmoarekin eskualdeak hartu duen konpromisoa ikusita eta eskaria urtetik urtera handitu egin dela ikusita, urriaren 16an ere gorakada hori nabaritu beharko genuke. 

Autobusa 8.30ean irtengo da Tolosako zezen plazatik eta Anoeta, Irura, Billabona eta Zizurkil pasa ostean, Vianara helduko da egun osoko festaz gozatzeko. Galtzaundiren egoitzan eman daiteke izena, ostegunera arte 9:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 19.00etara, edo ostiralean 8:00etatik 12.00etara. 12€ izango da txartelaren prezioa eta Atarikide zaretenek abantaila izango duzue:10€.

Ea lortzen dugun Tolosaldetik Nafarroako euskalgintzari hauspoa ematea!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!