Laster arte Mintzalagunak!

Erabiltzailearen aurpegia Galtzaundi 2016ko ekainaren 23a

Tolosan Mintzalaguna egitasmoan euskara praktikatzen ari diren lagunek 2015-2016 ikasturteari amaiera eman diote ekainaren 22an Larramendi Auzo Elkartean egindako afari-meriendarekin.

Galtzaundik dinamizatuta, euskara praktikatzeko beharra duten 54 herritar eta hiztun lanetan aritu diren 7 bolondres iraila eta ekaina artean, astero, 3-8 pertsonek osatutako taldeetan elkartu dira. Horien kasik erdiak bildu dira ikasturteari amaiera emateko antolatutako afari-meriendan.

Pintxoak, marmitakoa, gazta, sagardoa, ardoa eta ura lagun, hitz aspertuan aritu dira. Halaber, “Ni eta euskara: ibaia” ariketa egin dute, bakoitzak bere bizitzan euskararekin izan dituen bizipenak, sentimenduak, harremanak... irudikatuz. Esaterako, ondokoa adierazi dute: "euskararekin zabaltzen dira nire ezagutzak, nire lagunak, nire zoriontasuna... Ibaiak bezala aldatzen ditugu koloreak, pentsamendua... Eta gazteagoak sentitzen gara".

Parte hartzaileek oso positiboki baloratu dute Mintzalaguna egitasmoa. Euskara praktikatzeko beharra dutenen kasuan, gune intimoan eta lagun giroan euskaraz aritzeko aukera dutelako. Hiztunen kasuan, berriz, astean ordubete eskainiz lagun berriak egin eta herritar horien euskararekiko ezagutza eta erabilera areagotu dutelako.

Irailean izen emateekin hasiko den ikasturte berriaren esperoan, 20:30ak aldera eman diote amaiera hitzorduari.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!