Uztaritzeko elkarteen eguna ospatu da eta aukera paregabea izan dute bertako eragileekin egon, hitz aspertuan aritu eta elkar ezagutzan sakontzeko. Helbide elektronikoak eta telefono zenbakiak trukatu ostean, elkarrekin oheratzeko proposamenak etorriko dira. Denbora kontua izango da.
Pasa den martxoaren 21ean etorri ziren Tolosara Uztaritzeko eragileetako ordezkariak. Kultura, azoka eta euskara uztartzen dituen Sormenetik egitasmoan, lehenik, eta Tolosako Lizardi elkartean Galtzaundikoek antolatutako bazkarian, ondoren, hartu zuten parte. Tolosako Katiuska antzerki taldekoak eta Uztaritzeko Zortziko elkartekoak bertan ezagutu ziren; laster etorri ziren gonbiteak: Katiuska taldekoek “Zartaka!” antzezlana Uztaritzen aurkezteko gonbitea jaso eta hala egin zuten maiatzaren 16ean.
Orduan bezala, pasa den larunbatean ere uztariztarrek kafea hartzera, bazkaltzera… gonbidatu dituzte tolosarrak. Elkar limurtu nahian dabiltza batzuek eta besteak. Eta, bazkariaren ostean Uztaritzeko herria ezagutzeko aukera izan dute. Elkarrekiko desiraren erakusle, elizara lehen aldiz Uztaritzen sartu denik ere izan da. Hala galdetu du haur tolosarrak: erraldoiak hemen bizi al dira?
Kultur eta kirol elkartekoez gain, Tolosako hainbat enpresari ere Uztaritzen izan dira larunbatean. Beraien intereseko ekoizle eta enpresen berri izan eta lan munduan ere ate berriak zabaltzeko aukerak aztertu dituzte.
Ondoko aste eta hilabeteetan sarri izango dugu Uztaritze eta bere inguruen berri egunkarietako ekonomia eta ingurumen sailetan. Izan ere, urrea ustiatzeko lanak hasi nahi dituzte bertan.
Tolosako eragileek Uztaritzeko elkarteekin batera egun bateratua antolatzeko gonbitea jasoko dute. Galtzaundik egin asmo die. Hizkuntza, kirola, kultura, lana… asko dutelako partekatzeko, eman eta jasotzeko. Finean, elkar ezagutzen aritzetik elkarrekin taularatzeko, bakoitzak bere altxorrak ikustaraziz bi herrien senidetzean sakontzeko aukera aparta dago. Pertsonen arteko harremanekin trinkotzen dira herriak, indartzen dira hizkuntzak eta kulturak. Lotan ametsak partekatzeko ala jolaserako, elkarrekin oheratzeko ordua da. Aniztasunak egiten gaituelako aberats; han-hemengo herritarren arteko harremanak direlako gure altxorrak.