Hala izan da atzo Senpereko lakuaren bueltan egin zen festa: 60.000 lagun inguruk, giro ezin hobean, euren ekarpena egin zuten Ziburuko Kaskarotenea ikastola eraikitzeko. Tolosaldetik ere hamarnaka lagun joan ziren, kotxez, furgonetan eta autobusez. Izan ere, Galtzaundi euskara elkarteak antolatuta bi autobus irten ziren Tolosatik, Anoeta, Irura eta Villabonan ere geldialdiak eginez.
Geroz eta herritar gehiago dira Ipar Euskal Herrian euren seme-alabak euskaraz hezi nahi dituztenak eta, horren erakusle, Ziburuko ikastola berria eraikitzeaz gain, beste hiru ikastola egin asmo dituzte datorren urtean Lapurdin eta Behe Nafarroan, hurrenez hurren, Basusarrin, Biriatun eta Azkaraten.
Herri Urratsera joaterik izan ez zutenek hemen egin dezakete euren diru-ekarpena.
ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?