Gael Elkarteak eutsi egin dio iaz eskuratu zuen Mikrofutsaleko Munduko Kopari. Iaz bezalaxe bi talde atera ditu aurten ere. Pasa den urtean lehenengo eta hirugarren izan ziren; aurten, berriz, txapeldun eta txapeldunorde izan dira bi taldeak.

Horrek erakusten du Gipuzkoako Herri Txikietako Ligan dagoen maila, eta talde guztien eta arduradun guztien lana goraipatzeko unea iritsi da. Talde handienen artean borrokatzeko beldurrik ez duela ikusi zen iaz, eta aurten berretsi egin du Gaelek.

Gael B taldeak irabazi du eta Gael A izan da bigarren, baina biak dira txapeldunak. Biak zuten irabazteko maila, bien artean talde handi bat osatzen dute, eta bereizketarik ezin da egin, biak merezi dute txapeldun izatea, eta guretzat denak dira txapeldunak.

Finalerdirik ez da jokatu azkenean, izan ere, Español Lloretek atzo irabazi zuen areto futboleko txapela, eta gauean iragarri zuen, uko egiten ziola mikrofutsaleko finalerdiari. Ondorioz, beste hirurek denak denen aurka jokatuz ligaxka jokatu dute. Aurreneko partida Gaeleko bi taldeek jokatu dute eta Unax Iztuetak lortu duen golak erabaki du. Partida hasi bezain azkar sartu du, gainera.

Bigarren partidan Gael A eta Pegasus talde errusiarra lehiatu dira, eta euskal jokalariek irabazi dute 2-1 Unai Altunak eta Eñaut Balerdik lortutako golei esker. Bi partidetan jokalari guztiak oso urduri agertu dira, dutena eman ezinik. Behin bi partida jokatuta, Gael B taldeak berdinketa nahikoa zuen errusiarren aurka, eta horixe egin dute, 0-0 berdindu baitute. Oso urduri aritu dira, eta sufrimenduarekin izan bada ere, azkenean behar zen puntua lortu dute garaipena eskuratuz. Aurrena eta bigarren, baina ohorea Gaelentzat, hamar jokalari, denak primerakoak, eta denek merezi dute lortu duten garaipen handia.

Arratsaldean areto futbola bukatuko dute. 18.45ean hasita 5., 6. eta 7. postuak erabaki beharko dituzten postuak jokatu beharko ditu Gaelek Israelgo Jatt eta Kataluniako Lloreten aurka.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!