Irazustabarrena eta pilotaren gazi-gozoak

Erabiltzailearen aurpegia Felix Irazustabarrena 2015eko uztailaren 20a

Zornotzako Master Kaiolaren finala 22-13 galdu du alegiarrak, Petiteren aurka. Sakean min handia egin dio errioxarrak Irazustabarrenari.

Ezin izan zuen Aratz Irazustabarrenak Zornotzako Master Kaiola txapelketako finala irabazi. 22-13ko emaitza geratu zen Amorebieta IV pilotalekuko markagailuan, eta honenbestez, Errioxara joan zen aurtengo txapela. Iban Petitek eraman zuen bertara.

Jubenil mailako finala zen Zornotzakoa eta lau t’erdian jokatu zuten buruz buru kategoria horretako onenek.
Finalak ez zuen historia gehiegirik izan. Nahiko azkar hartu zion alegiarrari aurre Petitek eta tarte horri eusten joan zitzaion partida osoan. Irazustabarrenak borrokatu zuen baina ezinezkoa egin zitzaion errioxarraren joari, batez ere bere boleari, aurre egitea.

Hala ere, zulo handiena errestoan izan zuen Intxurreko pilotariak. Tanto asko egin zizkion lehen jokaldiarekin. Sakearen meritua edo errestoan ez asmatzea.

Bestelako jokaldietan ere, batez ere arriskatu zuenean, ez zitzaizkion alegiarrari gauzak nahi bezala atera eta era horretan bueltatu zen finaletik herriko festetara. Finala jokatu izanaren pozarekin, baina bertan gehixeago eman ahal ez izanaren penarekin. Jokoaren gazi gozoak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!