Iritzia: Errimategiko kajoietan miatzen

Erabiltzailearen aurpegia Felix Irazustabarrena 2015ko urt. 27a, 13:44

Eskualdeko bertsozaleon zita bihurtu da, Tolosako Leidorrekoa, azken urteotan. Eta ia arrakasta ziurtatuta balego bezala joaten gara saiora.

Aurreko urteko saioak utzitako zapore gozoak eta, berriro egindako komunikazio lan onak, aretoa gainezka egotea ziurtatzen du. Aukeratutako bertsolariek ematen dituzten garantiak; Amaia Agirrek mimo handiz prestaturiko gaiak izango direla jakiteak... Matematikaren zehaztasunetik gertu, probabilitateak esaten zigun ordu pare ederra pasako genuela, larunbat arratsaldean.

Eta hala izan aurten ere! Saio handia izan zen. Bertsoaldi serio eta sakonen bat edo beste ere bai, eta gehiena umoretik.

Bertsolari guztiak aritu ziren ondo, gai-emailea primeran. Baina begiak eskualdeko bertsolari batengan jarriko ditugu oraingoan.

Anjel Mari Peñagarikano zegoen saioan eta horrek guztia baldintzatzen du, bere bertsokera erdigune bihurtzen baita gehienetan.

Bere umore zuzena, bere ateraldiak, bere komunikatzeko gaitasunean entzuleak bereganatzeko abilezia... Peñakeriak deitu izan diogu horri bertso munduan.

Estilo berezia du anoetarrak, eta bere errimatzeko moduak markatzen du asko estilo hori. Oso gutxitan edo inoiz erabiltzen ez diren oinekin jolastea gustatzen zaio: izen propioek, maileguek, marka izenek... leku zentrala dute Anjel Mariren errimategiko kajoietan. Bertsoa egiten hasi ere gaiari, erregistroari, ondo datorkion hitz batetik hasiko da. Eskuineko aldea bizpahiru txispazorekin bete, eta osatuko du neurrira datorkiona. Kontziente, gainera, gai horrekin, momentu horretan balioko diola horrek, ez beste inon.

Lehenengoz erabiltzeak ere bai, baina, batez ere, pare-parean tokatzeak, asmatzeak, ematen dio bere estiloari jendeak hainbeste estimatzen duen distira hori.

Erraz gogoan hartzekoak ere badira, eta bertsolari baten bertsoak memorietan gordetzeak egiten du bertsolari hori handi. Virgo veneranda.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!