Maiatza hasieran Murtzia II espetxeko 8. moduluko hainbat presok, haien eskubideen defentsan borroka bat abiatu zuten. Bost aldarrikapen nagusirekin: preso gaixoak eta zigorra ia osorik bete dutenak aske uztea; Bisitak jaso ahal izatea; COVID – 19tik babesteko materiala edukitzea eta frogak egitea. Senideren bat hilez gero beilatokira edota hilerrira joan ahal izatea.
Patxiri aste horretan hasitako protesten "buru" izatea leporatu zioten. Mehatxatu egin zioten behin eta berriz, horrek ekar ditzakeen ondorioak aipatuz.
Maiatzaren 11an modulu buruak helarazitako mehatxuak bete ez ditzan eta kartzelako 8. modulutik urrundu dezaten, babes judiziala eskatu eta egarri eta gose greba hasi zuen.
Isolaturik, bisitarik gabe, COVID-19az babesteko bitartekorik gabe eta aktibitate guzti-guztiak anulaturik mantentzen dituzte presoak. Inolako eskubiderik gabe daude eta hau salatzeagatik eta preso guztien eskubideak bermatzeko ari da borrokan Patxi Ruiz. Azpimarratzekoa da Patxik duen larritasun egoera, bere bizitza galtzear dagoen honetan.
Presoen babesgabetasuna geroz eta handiagoa denean Patxik hasitako gose eta egarri grebak eta honen inguruan antolatutako elkartasun keinuek lortu dute errealitatearen gordintasuna agerian jartzea. Ehundaka militante preso daudela, gizartean normaltasun faltsu bat irudikatu nahi duten arren, borrokaren ondorio lazgarrienak jasaten daudela ziegetan. Hala ere, deigarria iruditzen zaigu egoeraren gordintasuna ikusita, gizarteak presoen eta kartzelaren inguruan duen ardura bere ez egitea, eta errealitate honen aurrean ez ikusiarena egin edo arretarik ez jartzea.
Horregatik espetxeratuek hasitako borroka hauek zein hauek babesteko aurrera eramandakoek, AMNISTIA barnebiltzen duen estrategia politiko baten beharra eta urgentzia berresten dute, indar korrelazio baten nahitaezko emaitza modura. Garaipen politikoarekin lotutako amnistiaren ulerkera berreskuratu behar dela uste dugu, hau da, euskal langile klasearentzat ez dela askapen prozesu errealik egongo presoak gure kabuz askatzeko gaitasunik eskuratu ezean.
Honetaz gain, Tolosan maiatzaren 22an, arratxaldeko 20:00etarako deitu den manifestazio deialdiarekin bat egiten dugu, eta bertara azaltzera deitzen dugu.