[GUTUNA] Pintaketen inguruan Olatz Peoni erantzunez

Erabiltzailearen aurpegia Ezpala Gaztetxea 2018ko ots. 19a, 13:44

Tolosako gazte asanbladako kideok inauterietako larunbatean Olatz Peon alkateak egindako adierazpenei erantzuteko beharra ikusi dugu.

Ostegun Gizeneko manifestazioaren harira (guk eta Tolosako Neska Taldeak deituta), pintaketa batzuk burutu zituzten mobilizazioaren inguruan zenbiltzan gazte batzuek Tolosako Alde Zaharrean zehar; Gazte altxa, Kapitala suntsitu, Antolatu, Errepresiorik ez eta abar.

Olatz Peonek soilik itxura eta formen gaineko irakurketa bat egin du, edukia bigarren plano batean utziz.
Kasu honetan pintaketa hauek elementu zehatz batzuen kritika egiten zuten eta edukiak izan beharko luke eztabaidaren erdigune.

Mota hauetako gutun akritikoek, eztabaida politikoak garatzeko interesa baino, forma eta itxurara mugatzen diren diskurtsoak erreproduzitzea dute helburu gazteak era merkean kriminalizatuz eta oinarrian dagoen arazoa karikaturizatuz, eta honela edukiaren inguruko eztabaidak gauzatzeko gaitasun eza erakusten dute solaskideek.

Bakea, elkarbizitza, berdintasuna eta honelako termino abstraktuez josten dira mota hauetako eskutitzak, edukiaren inguruko posizionamendu gabeak, eta beraz, arazoek behar dituzten irtenbideen inguruko planteamendurik gabeak direlarik.

Olatz Peonen gutunetik hiru zati atera ditugu gure iritzia adibide zehatzetan hobeto irudikatuko delakoan.
«Beti pentsatu izan dut gure inauteriek, plazaratzen diren parodien sormen-lana, originaltasuna eta umoreaz harago, uneko gaien inguruko kritika eta satirarako aukera eskaintzen dutela, eta baita bidegabeko egoerak salatzekoa ere, baina betiere errespetua oinarri izanik», Olatz Peon alkateak esana.
Pintaketa guztien helburua salaketa eta kritika bat egitea izan dira.

Kasu honetan, Tolosako gazteok gure eskubide abstraktu den adierazpen askatasuna gauzatzeko eskura ditugun baliabideak erabili behar izan ditugu, eskubidea benetan burutu ahal izateko, eta baliabide horiek xumeak izan ohi dira; eskualdeko komunikabideak, sare sozialak, herriko paretak… Gure aldarrikapenak ez datoz bat gaur egun indarrean dagoen marko politiko-ekonomikoarekin eta horregatik ditugu beharrezko gure bide propioak garatzea herritarrei gure aldarriak zabaltzeko, Diario Vasco, EITB eta horrelakoetan ez baitigute inoiz ere tartetxo bat ere eskaini orain arte, informazioa manipulatu eta gezurrak esateko soilik ez bada.

Olatz Peonen gutunaren beste pasarte bat: «Baina, kezkatzen nau ere, are gehiago, eragin zuzena badu merkataritza eta beste hainbat jardueretan».
Azalpen moduan. Guk, errespetu osoa diegu Tolosako merkataritza txikia osatzen dutenei. Beraien lan indarra saltzera kondenatuta dauden eta egunero goizeko seietan esnatu beharra duten langileak dira gehienak.

Pintaketen mezuek argi eta garbi erakusten zuten ez zela beraiekiko eraso bat eta ez da bat bakarra ere egin inongo erakusleihotan edo antzekoetan. Horregatik gure iritziz ez du inolako eragin zuzenik (objektiborik) izango komertzioetan, beraien diru sarrerak ez baitira jaitsi edo igoko pintaketen ondorioz, baina (subjektiboki) dendariren bat gaizki sentitu bada esan behar dugu ez zela gure asmoa hala gertatzea eta ez dagoela zantzurik horrelako pentsamenduak eraikitzeko.
Alkatearen beste esaldi bat:  «Adierazpen askatasunaren eta aniztasunak duen muga bakarra parekoaren askatasuna eta aniztasuna da».

Adierazpen askatasuna eta aniztasunaren muga, bera ukatzen duten elementuak dira: botere burgesa, instituzioak, legeak, polizia, eta abar, eta pintaketek, elementu hauen salaketa egiten zuten momentutik, askatasuna eta aniztasuna babesten dituzte.
Askatasuna eta aniztasuna eskuratzeko bidea, langileok elkarrekin egin beharko dugu, ezberdintasunak ezberdintasun bizi baldintza eta eginkizun historiko batzuek batzen gaituztelako, eta gure interesen aurkakoak diren gutxiengo bati hortzak erakutsi beharko dizkiogu, beraiek baitira askatasunaren muga bakarra.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!