T.G.A.-ren idatzia

Erabiltzailearen aurpegia Ezpala Gaztetxea 2016ko api. 4a, 16:51

Tolosako Gazte Asanbladako kideok hainbat gauza azaldu nahi dizkiegu Tolosarrei. Aurreko martxoaren 19an udalaren EH plazako lokaletik desalojatu osteko testuinguruan, manifestazioa burutu eta kultur-etxea okupatu bezain laster, udaletxeak txosten bat luzatu zigun.

Txosten horretan, Santa Luzia auzoko eraikin baten argazkiak agertzen ziren, “Sebendenea” deiturikoarenak hain zuzen ere. Txostenarekin batera esan ziguten beraiek prest zeudela etxe horretan gure proiektuari lekua uzteko, eta bazituztela beste proiektu batzuk ere buruan eraikin berean, musika taldeek ensaiatzeko lokalak adibidez. Hala ere, argi gelditu zen eraikina ez zela beraiena eta eraikina erosten saiatuko zirela esan ziguten. Ondoren, atariari helarazi zioten proposamen bat egin zigutela eta gure erantzunaren zain zeudela.

Batetik, mahai gainean ez dago proposamen zehatzik, beraien hitza bakarrik daukagulako, eraikin horretan gaztetxea posible izango ote den batere bermerik ez daugularik. Beraz, eraikinaren jabetza udaletxearena izan gabe, eta inongo teknikariren firma edo berme zehatzik eduki gabe, ez zaigu batere kontu serioa iruditzen eta oso harrigarria egin zaigu udaletxea gure erantzunaren zain egotea. Ondotxo dakigu gu orain beraien zain gelditzeak, gure mugimendua ahultzea eta azken hilabeteetan lorturiko indarra apaltzea besterik ez lukela ekarriko, eta gainera inongo bermerik gabe eta batere fidagarria egiten ez zaigun instituzio baten eskuetan geldituko ginateke.

Bestetik, gogoratu nahi dugu baita ere, aurkeztu genuen proiektuan gaztetxeak izan beharko lituzkeen ezaugarrietan, gertutasun geografikoa aipatu genuela. Gazteen problematika landu eta egunerokotasuenan gazte ugariren topalekua izan nahi duen proiektua ez dugu aipatu diguten eraikina bezain urrun ikusten. Gaur egungo gizartean gazteon egoera lehentasunezko gaia da eta herrian zentralitatea behar du.

Aipatzekoa da baita ere, txostena eman ziguten lehen momentutik esan zigutela beste proiektu batzuekin batera joango zela gaztetxea. Guk ez dugu inolako arazorik espazioak gizarteko beste hainbat talderekin partekatzeko eta hare gehiago, elkarlanean aurrera egiteko. Hala ere, gure eraikinean ez dugu udaletxearen eskuhartzerik nahi, proiektu autogestionatuetan sinesten dugulako, herritik herriarentzat sortutakoetan, eta udaletxeari nabari da hori ez zaiola asko gustatzen.

Kultur-etxea okupatu genuenean publiko egin genuen posizioan berresten gara gaurkoan ere. Udalak baditu Tolosan bereak (guztionak) diren espazioak, eta horietan egokiena EH plazako lokala dela argi dugu baina beraien plana lokal hori pribatizatzea da, etekin pribatura bideratzea. Guk herriaren eta bereziki gazteen mesederako proiektu bat dugu baina gu urrun ikusi nahi gaituzten bitartean LKS enpresa lokal horretarako proiektu bat garatzen hari da.

Guzti hau esanda, EH plazako lokala eskuratzeko borrokan jarraituko dugu, horretarako norbanako eta eragile ezberdinen firmak bilduz eta herrian gure aldarria zabalduz. Gaurtik aurrera ez dugu kultur etxeko ganbaran jarraituko gau eta egun, baina leku okupatu gisa, gure ekimenak aurrera eramateko toki bezala erabiliko dugu!

Ilusioak ez duelako etenik, erasoen aurrean gazteria bizirik eta tinko!

GORA EZPALA!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!