Pausoz pauso, bidea eginez

Erabiltzailearen aurpegia Ezpala Gaztetxea 2016ko mar. 20a, 16:25

Hasteko, atzo ere argi geratu zen gazteok gure espazio propioen beharra erakutsi dugula, gizarte batean ezinbestekoa ikusten baitugu gazteok ahaldundu eta burujabetza praktikara eraman ahal izateko tresnak eskuratzea.

Horretarako, gaur goizean Tolosako Gazte Asanbladak azken urteetan hutsik eta erabilerarik gabe egon den Euskal Herri plazako lokal bat Ezpala bilakatzeko saiakera egin dugu. Lokala Tolosako Udalarena da, beraz, Limusin etxearekin azaleratu genuen bezala, Udalarenak diren etxe hutsak egon badaude eta baliabideak ez bazaizkigu eskaintzen guk gure kabuz eskuratuko ditugu, horretarako eskubide guztia dugula uste baitugu.

Okupazioa eman eta gero zabaldu den idatzian azaldu dugu espero genuela Udalak azken saiakeretan izan duen jarrera ez errepikatzea, baina gaurkoan ere argi  geratu da gure proiektua zapaltzea besterik ez dela beraien nahia. Eraikinean sartu eta bost minutu ere ez dira pasa Ertzainak eta Udaltzaingoa azaldu diren arte, ondoren oldarkor eta indarkeriaz gazteak identifikatu eta paretaren kontra jarri dituzte. Jokabide hau gazteon aurka prest daukaten protokolo baten baitan kokatzen dugu, oringoan ere agindurik erakutsi gabe ilegalki desalojatu gaituztelako.

Hala ere, probokazio eta eraso hauen aurrean gazteok aurrera jarraituko genuela esan genuen eta gaurko okupazioarekin pausoak ematen jarraitzen dugula berretsi dugu. Harturiko bide hau ez da bukatu, eta gure egitarauak ere ez du izango etenik, gaztetxea izan edo ez izan proiektu hau aurrera baitoa. Gaur gauean zerkausian egitaraua aurrera eramateaz gain, bertan egingo dugu lo. Beraz jendea bertara azaltzeko deialdia egiten dugu, proiektu honekin aurrera jarraitu eta etorkizuna guztion artean eraikitzeko.

Guzti honez gain, data garrantzitsu bat jarri nahi dugu gazteon proiektuak babestu edo bertan parte hartzen duten orori zuzenduta. Astelehenean 18:00 tan triangulotik aterako den manifestaziora deitzen zaituztegu, pausoak ematen jarraitzeko eguna izango baita.

Ametsak ezin dira desalojatu! GORA GAZTERIA ETA AURRERA EZPALA!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!