Lehenik eta behin, eskerrak eman nahi dizkizuegu Ezpalaren desalojo ilegala salatu duzuen guztioi. Are eta gehiago, atzo manifestaziora hurbildu zinetenoi, eta esker mila lurrean eserita gazteon duintasuna mahai gainean jarri zenuten neska-mutilei. Izugarriak zarete eta pilo bat maite zaituztegu!
Poliziaren jokabidea lotsagarria eta guztiz bidegabea izan zen, erabat jarrera pasiboan eraikina defendatzen ari ziren gazteen aurka eta baita ere hauei elkartasuna adieraztera inguratu zirenen aurka. Porrazoak, zaplaztekoak, ostikoak, muturrekoak, mespretxuzko hitzak, belarrira ironiaz eginiko irainak eta era guztietako biolentzia erabili zuten herritarrak kikiltzeko.
Zenek aktibatu zuen aparatu militarra? Eraikina munizipala izanda udaletxeak ezin al zuen gelditu sarraskia?
Guzti hau bere testuinguruan kokatu nahiko genuke. Izan ere, Tolosako Gazte Asanbladak ibilbide luzea egin du egoera honetara iritsi aurretik. Tolosako gazteen beharrak lantzetik eta hauei erantzuna emanez, kaleko jarduerak antolatzetik, espazio propio baten beharra azaleratzera pasa gara azken hilabeteetan. Espazio horrek, gure proiektua aurrera eraman ahal izateko egokia izan behar duela uste dugu. Horren adibide da abenduak 23-an okupatu zen fabrika zahar abandonatua. Bertan, gazteok gazteontzat eraikitako errealitate alternatiboa posible dela ikusi, eta erakutsi dugu. Gazte perspektibatik eraikiz, Tolosa hobetu nahi dugu eta behar honi bizkarra eman izana da atzoko eta hilabete hauetako gertakarien arrazoia.
Urrian antolaturiko Gazteburuak izandako arrakastaren ostean udaletxearekin bildu ginen gure beharrak asetzeko toki bat eskatuz. Bilera horretan esan zitzaigun ez zekitela zein zen gure proiektua eta idatziz azaltzeko. Bide hori jarraituz, idatzi bat aurkeztu genuen, zehazki zein motatako tokia behar genuen adieraziz eta ordutik aurrera ez dugu haien berririk izan Ezpalatik bota gaituzten arte. Desalojo ilegal hau aurrera eraman dute gurekin inondik inora biltzeko asmorik erakutsi gabe eta desalojatu ondoren guk eman behar izan genuen pausua beraiekin biltzeko. Bilera honetan, beraien jarrera 3 hilabete lehenagoko berbera izan zen, berriz ere esan zaigu ez dakitela zein den gure proiektua eta berriz ere traba besterik ez zaigu erakutsi. Gainera esan izan digute, gure asmoak ez duela beraientzat lehentasunik eta guretzako leku aproposik ez dagoela oraingoz Tolosan.
Guk, batetik, garbi dugu tolosar guztien aurrean gure proiektua zein den ongi erakutsi dugula, besteak beste 23 egunez Ezpalan praktikara eramanez. Bestetik, sinesgaitza egiten zaigu gure proiektua nolakoa izango den udaletxeari zehatz mehatz azaldu behar izatea, argi dugulako, espazio horretara hurbiltzen diren pertsona orok asanblearioki erabakiko duela gaztetxearen bilakaera nola emango den. Bestetik, larunbatean okupatu genuen etxe hutsa munizipala da, hau da, udaletxearena. Hau adibide hartuz, guk badakigu leku hutsak eta gainera aproposak egon badaudela, beraz, esan zaizkigun gauza guztiak traba hutsa dira.
Batetik, gaur egun gizarteak orokorrean dituen beharrak ikusita, eraikuntza hutsak egotea eta horrelako eta bestelako proiektuei bizkarra ematea oso larria iruditzen zaigu eta honekin lotuta, okupazioaren bidea zilegi eta beharrezko ikusten dugu.
Bestetik, Tolosako gazte asanbladak, inoiz ez dizkio itxi ateak negoziaketari eta hemendik aurrera berdin jarraituko dugu. Hala ere, Tolosako udalari, gurekin biltzeaz harago, behingoz arazoaren erroari eustea eskatzen diogu, eta jarrera eraikitzaile batekin herri honetako gazteok pairatzen ditugun arazoak konpontze bidean, konpromisoa adierazteko ordua da. Azken finean, guk herri hau eraldatu eta hobetu nahi dugu, eta udalak holako proiektu zein kolektiboen aurka baino, alde egon beharko lukeela uste dugu.
Egoera honek epe motzean konponbidea behar du eta ez gaude prest arazoa gehiago luzatzeko. Bestela, beraiekin edo beraiek gabe, aurrera egingo dugu, ametsak errealitate bihurtuz.
Gazteon ametsak ezin direlako desalojatu! Ezpala aurrera!