Ertzaintza asmo argiekin zetorrela ikusirik ezkutuko irteera batetik atera eta kanpotik ikusle papera hartuz beraien mugimenduak aztertu zituzten. Gutako bat beraiengana gerturatu zen zein asmo zuten galdetzera. Desalojatuak izango ginela esan ziguten. Guk desjabetzea legalki justifikatzen duen epailearen agindua eskatu genien, beraien erantzuna? “Vosotros tampoco pedisteis permiso para entrar”.
Momentu oro eskatu genien epailearen agindua erakutsi zezaten, guk gure eskubideak genituela eta beraien jokabidea guztiz ILEGALA zela salatuz. Ertzaintzak ez zuen ezer erakutsi. Zergatik? Zer ezkutatzen zuten? Agindua badute eskuan, zergatik ez dute erakusten mota honetako prozesu judizialetan egin ohi den moduan?
Bidegabekeria honetaz gain, azpimarratu beharra daukagu ertzainek izan zuten jarrera oldarkorra. Irainak, builak, mehatxuak eta kolpeak pairatu behar izan genituen bertan geure eskubideen defentsan geunden gazteok. Identifikazio eta miatze bortitz eta arbitrarioak ere jasan behar izan genituen.
Udaletxearekin harremanetan egon gara okupazioaren aurretik, eta beraien jarrera argi eta garbi gelditu da zein izan den. Batetik, guretzako leku aproposik ez dagoela esan zaigu eta gazteon problematikari heltzeko intentziorik ez dute erakutsi inondik inora ere.
Okupazioaren prozesu guztian zehar udalak izan duen jarrera salatu nahiko genuke. Elkarrizketaren bidea alboratuz, aldebakartasunez, gu desjabetzeko erabakia hartua zuen orain egun batzuk. Erabaki honen eta bere iniziatibaren ondorio izan da gure kaleratzea eta hau gogor salatu nahiko genuke.
Gainera, nola da posible, prozesu judizial bat daraman kontu batean udaletxeak esku-hartzerik izatea? Argi dagoena da, EAJ-ko udal gobernua gazteon beharrei bizkarra emanda bizi dela egunerokotasunean.
Oztopoak oztopo, bizi eta ikasi duguna ez digute desalojatuko eta gazteok gazteontzat eraikitako errealitate alternatibo bat posible dela erakutsi dugu. Ezpala kendu digute baina inork ez dizkigu kenduko 23 egunetan bizitako uneak, egindako lagunak eta borrokarako indarra!
Ametsak aginduek baino indar gehiago dutelako, pareta grisak kolorez bete ditugulako, gazte mugimendu antolatu baten beldur direlako, ez dugu etsiko! Amesten jarraituko dugu! Lanean jarraituko dugu! Iluntasunetik ihesi etorkizuna eraikitzera goaz!
Ezpala kendu digute, baina sustrai sendoak dituen zuhaitzak bizirik dirau!