Baina nola hasi? Zer egin? Hasieratik argi eduki dugu herrira datorren aldaketa honetan herritar guztiek dutela lekua, eta bereziki inguruko lantegi, denda eta etxebizitzetako bizilagunak. Horiei berehala eman genien egoeraren berri, eta jakinarazi genien gure helburuen edota edozein zalantzaren inguruan hitz egiteko prest gaudela.
Lehenengo momentutik ekin genion auzolanari, hainbeste urtetan erabilerarik eman ez zaion gunea garbitzen eta egokitzen. Hamarnaka gazte Ezpala gaztetxea eraikitzen. Baina ingurua txukuntzeaz gain beharrezkoa ikusi dugu alternatibak eskaintzea. Horren adibide ditugu egun gutxi hauetan Ezpalan egon diren tailerrak, hitzaldiak, dokumentalak, antzerkiak eta asanbladak. Denon artean erabakitzea dugulako oinarri, guztion artean ari garelako Ezpala sortzen.
Egunak aurrera joan ahala eraikinaren egoera asko hobetu dugu. Oinarrizko erabilera eman ahal izateko moduan dago Ezpala. Erabilera bat emateko bai, baina azpimarratu nahi dugu Ezpala ez dela gure helburua, baizik eta tresna. Egunero jasaten ditugun arazoak konpontzeko tresna, eta horretan ari gara. Aisialdi eredu ezberdina eskaintzen ari gara horrekin lokalismoaren aurkako tresna bikaina bihurtzen ari da. Hala ere argi dugu hemendik aurrera apustu honetan sakontzeko garaia izateaz gain beste erronka batzuk ere azalduko zaizkigula bidean.
Aipagarria da Tolosako gazteon konpromisoa, egunero jendetza bildu baita gaztetxean auzolanerako, lo egiteko, eztabaidatzeko, sukaldatzeko, parrandarako etab. Asanbladako kideoi aurreko okupazioan, Gazte egunean eta Gazteburuan argi geratu zitzaigun bezala orain ere gazteok erakutsi dugu bizi dugunarekin ez gaudela konforme eta aldaketa nahi dugula. Beste gaztetxe baten beharra duela. Adin ezberdinetako gazte asko batu gara Gaztetxearen inguruan eta oraindik gehiago batuko gara. Ezpalako ateak irekita daude eta zenbat eta gehiago batu, hobe!
Asanblada sortu genuenetik urtebete pasatxo igaro da eta lortu dugu Gaztetxea! Tolosako Ezpala Gaztetxea! Baina beti esan dugun moduan, hau helmuga bat baino gehiago, tresna bat da. Gure arazoak ez dira konpondu eta ez gara konpontzen saiatu gabe geratuko. Ilusioz eta indarrez beteta dago Tolosako Gazteria.
Gazteon alternatiban sinisten dugulako jarraituko dugu antolatzen, borrokatzen, herria aldatzen.