Azaroaren 29ko hauteskundeak egun gutxi barru izango dira, eta gero eta nabarmenagoa da une historiko baten aurrean gaudela. Irailean ia ziurtzat jotzen zen PPk eta Voxek garaipen-bide erraza izango zutela Moncloaraino. Baina masa-borrokaren eztandak goitik behera aldatu du egoera.
Behetik gora, autoantolakuntzaren bidez, argi eta garbi antikapitalistak diren leloekin eta gure indarretan soilik konfiantza jarriz, mobilizazioak lortu du «Gobernu aurrerakoi» honek legegintzaldian zehar egin ezin izan duena: indar erreakzionarioak eta haien demagogia ultraeskuindarra auzitan jartzea. Aldi berean, Sánchez buru duen gobernuaren politika kapitalistak agerian utzi ditu.
Etxebizitza duinaren aldeko borroka jendetsuak, kanpaldiek, azaroaren 11ko greba orokor handiak eta egun hartan hiru milioi pertsona baino gehiago bildu zituzten manifestazioek erakusten dute noraino iritsi den klase-borrokaren tentsioa. Gauza bera erakusten dute egun horretan bizitako poliziaren basakeriak eta Ayusok Madrilgo hezkuntza-greba historikoa zapuzteko hartutako neurri diktatorialek.

Ezin dugu gutxietsi gertatzen ari dena, ezta Europa osoan zabaltzen ari den fenomenoa dela ahaztu ere. Matxinada handi batek astindu du kontinente zaharra. Matxinada hori austeritate-politiken eta murrizketen aurkakoa da; militarismoaren, totalitarismoaren eta polizia-aparatuen indarkeriaren aurkakoa; arrazakeriaren eta eskuin muturraren gorakadaren aurkakoa. Ezker instituzionalaren eta gobernukoa denaren mugak gainditzen dituen mugimendua da, baita sindikatuen burokraziarenak ere. Gazte erradikalizatuak dira mugimendu horren abangoardia. Kontzientzian jauzi ikaragarria egin dute, eta gero eta erabakitasun handiagoa dute klase-etsaiei aurre egiteko.
Frantziar Estatuan, Italian, Alemanian, Grezian, Belgikan, Portugalen, Albanian, Serbian… ikusten ari gara. Greba orokorren olatuan ere bizi dugu fenomeno hori. Greba horiek agerian uzten dute gazteen matxinadak langile-klasearekin duen lotura. Horrek guztiak krisi politiko sakonak eragiteko baldintzak sortzen ditu, baita irtenbide iraultzaile eta sozialista baterako aukerak ere.
Belaunaldi berri honen agerpenak, ikasle eta langile gazteena, mezu argia bidaltzen die eszeptiko eta derrotistei. Baita gure klasearen mesedetan indar-korrelazioa nola aldatzen den ulertzeko gai ez diren sektarioei ere. Ez dugu azaleko triunfalismorik zabaldu nahi, ezta masa-izaerako alternatiba iraultzailea eraikitzeko bidean ditugun oztopo handiak ezkutatu ere. Baina eztabaidaren ikuspegia zabaltzea ezinbestekoa da. Funtsezko auziak mahai gainean jarri behar ditugu. Izan ere, askotan analisi estuek bazterrean uzten dituzte auzi horiek, iraganeko porrotek eta esperientzia mingarriek baldintzatuta.
Gure klasearen bizi-baldintzen okertzeak matxinada-giro hori sortzen du, baina badira beste faktore batzuk ere. Eskuin muturraren hauteskunde-aurrerapena geldiezina zirudien. Baina, hain zuzen ere, aurrerapen horrek indar handiz hauspotzen du mobilizazio antifaxista, kapitalismoaren aurkako borrokarekin estuki lotuta dagoena.
Ez al dute eragin handirik ezkerreranzko joera horretan Trumpen, Mileiren eta Macronen gobernuen esperientziek? Eta Alemaniako SPDren eta CDUren arteko koalizio-gobernuek? Ez al dago polarizazio politiko gero eta handiagoa, burgesiaren agenda basatia aplikatzen duen ezker erreformistaren porrotaren ondorioz etengabe hedatzen ari dena?

Azken urteotan, etapa berri baten ezaugarriak gero eta nabarmenago agertu dira. Horren adibide dira hainbat borroka: Palestinako herriaren aurkako genozidioaren kontrako mobilizazioetan, Kataluniako, País Valenciàko eta Madrilgo irakasleen matxinadan, baita Cadizko eta Murtziako metalgintzako langileen eta Airbuseko langileen grebetan ere, besteak beste.
Langile-klase gazte batek markatzen du etapa berri hau. Esplotazio gupidagabea jasaten du, ez ditu aurreko belaunaldiek ezagutu zituzten soldata duinak eta bizitzako egonkortasuna ezagutzen. Burokrazia sindikalaren itunen aurka altxatzen ari da, eta argi uzten ari da borrokarako prest dagoela, eta ez du atzera egiteko asmorik.
Elementu horiek guztiek, eta milaka aktibistaren artean borrokak beste fase batera eramateko beharra zegoelako kontzientziak, CCOOko eta UGTko aparatu burokratikoak behartu zituzten azaroaren 11rako greba orokorra deitzera. Egun horretan bertan, Sánchezek azaroaren 29rako hauteskunde orokorrak iragarri zituen. Baina pentsatzea PSOEren eta sindikatuen zuzendaritzen asmoa hori zela, erabateko ergelkeria da. Ez zuten horren alde borrokatu, eta ez zuten mugimendu hau nahi.
Eskuina eta eskuin muturra garaitzea funtsezko zeregina da iraultzaileontzat
Marxismoaren ikuspegi koherente batek ausardiaz eta argitasunez jardutea eskatzen du masa-mugimendu guztietan, baita langile-klaseari eragiten dioten gertakari guztien aurrean ere. Iraultzaileok, sustrai sendoak izango dituen alderdi bat eraiki nahi dugun komunista garen heinean, ez dugu beldurrik gure jarrera hauteskundeen eremuan argi adierazteko.
Milioika pertsona mobilizatu dira kaleetan azken hilabeteotan, sekulako indarrez. Horregatik, ezinbestekoa da galdera erraz bat egitea: zer pentsatzen dute klase-kontzientzia duten langile eta gazte horien gehiengo zabalak? Berdin al zaie PPk eta Voxek azaroaren 29ko hauteskundeak irabaztea?

Auziari modu zehatz eta konkretuan heldu behar diogu. Iraultzaileok borrokan ari diren masen eta haien abangoardiaren benetako girotik abiatzen gara, eta haiekin elkarrizketa eraginkor eta eraikitzailea bilatzen dugu. Sektarioentzat eta ultraezkertiarrentzat, ordea, horiek guztiak huskeriak dira. Beti jotzen dute propaganda-abstrakzioetara, eta langile-klaseari lezioak ematen dizkioten irakasleen moduan agertzen dira. Langile-klasearentzat garrantzi handia duten gaiak gutxiesten dituzte, baldin eta gai horiek beren eslogan aurrefabrikatuekin bat ez badatoz. Ezkerkeriak dialektika baztertzen du; ez du onartzen egoera konkretuaren azterketa zehatza abiapuntutzat hartzea, eta mespretxatu egiten du langile-klasearen borroka bizia, inperfektua eta amaitu gabea, beren formula-zale munduan kabitzen ez delako.
Milioika lagun atera gara kalera borrokatzera, bai. Lehenik eta behin, gobernu «aurrerakoi» baten aurka egin dugu borroka. Gobernu horrek bere oinarri sozialari eta hautesleei bizkarra eman die, behin eta berriz hautsitako promesak egin ditu eta kapitalisten interesen alde gobernatu du. Baina kaleetara atera garen gehienontzat, eskuinaren eta eskuin muturraren mehatxuari aurre egitea ere funtsezko arrazoia izan da.
Nork uka dezake Vox eta PP, Feijóo, Ayuso eta Abascal oligarkia kapitalistaren ordezkari zuzenak eta diktadura frankistaren oinordekoak direla? Haien esku balego, Israelgo Netanyahuren erregimenaren antzeko bat ezarriko lukete, AEBetan trumpismoak egin nahi duen bezala eta Argentinan Mileik egin duen bezala. Argi geratu denez, klase-indarrak eta borrokak eragotzi egiten diete hori, eta haien planak zapuzten ari dira.
Aretoetako ezkertiarrak diren batzuek langileen “kontzientzia-maila baxua” deitoratzen dutenean, langileek ezker erreformistako alderdiei botoa ematen dietelako, gauza bat gogorarazi behar diegu: langile horiek berak izan dira agertoki politikoa hankaz gora jarri dutenak, eztabaida publikoaren ekimena eskuin muturrari kenduz. Langile-klaseak masa-eragin handiko alderdi komunistarik ez badu, edo erreakzioari arrakastaz aurre egiteko hauteskundeetan behar adinako indarra duen aukerarik ez badu, horren errua langileei egotz diezaiekegu? Ala erantzukizuna behin eta berriz traizio egin duten buruzagiengan dago, marxismoari uko egin diotenengan eta sistemara modu lotsagarrian egokitu direnengan?

Eskuin muturrari bide guztiak erabiliz aurre egiteko erabakia, botoa barne, kontzientzia politiko eskasaren adierazgarri al da? Ala, kontrakoa erakusten du? Gure klaseak oso ondo daki zer ordezkatzen duten PPk eta Voxek. Haien aurrekoek 300.000 langile, nekazari eta ezker militanteko kide nabarmen baino gehiago fusilatu zituzten. Lubaki eta errepide bazterrak gorpuzkiz bete zituzten, eta horietako asko oraindik lurpetik atera gabe daude. Kontzentrazio-esparruak antolatu zituzten, eta milaka preso politiko esklabo gisa erabili zituzten kapital handiaren mesedetan. Lau hamarkadaz diktadura, izua eta errepresioa ezarri zituzten, emakumeak zapaldu zituzten eta Kataluniaren, Euskal Herriaren eta Galizaren eskubide demokratiko eta nazionalak ukatu zituzten. 78ko erregimenak zigorrik gabe utzi zituen krimen horiek guztiak.



