Nori egiten dio mesede eta nori kalte?
Klaseko aldarrikapen antikapitalistak dituzten masen ekintza antolatuetan indarkeria bakarra istiluen aurkako poliziak eragindakoa da, eztabaida publikoaren fokua ultraeskuinari eta eskuinari kendu eta taula politikoa aldarazi duten ikasleen eta irakasleen aurka gogor kargatzen duten horiena.
Une horretantxe agertu dira sare sozialen bidez zabaldutako deialdiak, adimen artifizialaren estetikarekin. Zuzenean indarkeria erabiltzeko deia egiten dute, eta ez dute inolako loturarik ezker militanteak egindako deialdiekin.
Deialdi horiek ongarri politikoa dira Abascalentzat, Feijorentzat eta beren eskuadra mediatikoarentzat, diskurtso arrazista eta borrokatzen duen ezkerraren eta gazteriaren aurkako gorrotoa zabaltzeko. Jakina, zirko horrekin batera JUPOL, SUP eta antzeko sindikatu polizialen ordezkarien hitzak ere hor daude; ergelak bagina bezala esplikatzen digute ETA berri bat dela, Gazte Koordinadora Sozialistak edo Ikasle Sindikatuak sustatutako “kale borroka”.
Ez dago ezer berririk hemen. Komunikabideek betidanik zuritu eta normalizatu dituzte errepresio poliziala eta borrokatzen duen ezkerraren aurkako muntaia judizialak, eta probokatzaile polizialek eta elementu infiltratuek eragindako istiluak puztu dituzte.
Trikimailu politiko horiek Estatua legitimatu nahi dute, bizikidetasunaren berme delakoan, eta indar errepresiboei erabateko eskumena eman nahi diete. Komunistok badakigu, ondo jakin ere, Blocus-en deialdiak baliatuz ezarri nahi dituzten neurri errepresiboek azken asteotan bizi izan duguna ezkutatu nahi dutela: Madrilen greban dauden irakasleen aurkako eraso ankerrak, antifaxisten aurkako kargak A Coruñako Maria Pita plazan, Zaragozan eta UABn. Eskuin muturreko probokatzaileak, aldiz, inpunitate osoz zaintzen dituzte indar polizial horiek berberek.
Gainera, istilu horiek, hala dei badaitezke, eskuin muturrari aukera ematen diete “ezker muturraren” indarkeriari buruzko propaganda zinikoa zabaltzeko. Frantzian Macronek, Italian Melonik eta AEBetan Trumpek erabilitako ereduari jarraitzen diete, guztia bere oinarri soziala mobilizatzeko, beren politiken ondorioez zigorra jasotzen ari diren momentuan.
Guztiok jakin badakigu indar polizialek probokatzaile ejertzito bat dutela manifestazioetan, ehunka bider kendu diegu mozorroa. Jakin badakigu inteligentzia zerbitzuek erakunde batzuen jarraipena egiten dutela eta beren funtzionarioak bidaltzen dituztela infiltratzeko eta barrutik kontrolatzeko. Eta jakin badakigu “guztia suntsitzera” deitzen duten gisa horretako deialdiak gazteen amorruaz baliatzen saiatzen direla, baina kaltegarriak direla, indarkeriak borroka antolatu eta kontzientea ordezkatzen baitu, eta horrek, testuinguru honetan, estatuari eta indar kapitalistei bakarrik egiten die mesede.
Euskal Herriko Kontseilu Sozialistako kideek komunikatu publiko batean azaldu duten bezala, Bilbon bi manifestazio indartsu egon ziren, inolako istilurik gabe, ezkerreko hainbat eragilek deituta, eta Vito Quiles probokatzailea isolatu eta bere ekitaldia bertan behera uztea lortu zuten. Behin helburua lortuta eta mobilizazioak amaitu zirenean gertatu ziren albistegiak bete eta PPk eta EAJk borroka egun antifaxista masibo eta eredugarria desprestijiatzeko instrumentalizatu dituzten istiluak.
Manipulazio makur honen beste adibidea da kartelak egiteko adimen artifiziala erabili dutela edozein aktibismotik urrun dauden pertsonek. Euskal Herrikoetan ikurrinak espainiar banderarekin agertzen dira eta gaztelania hutsean, euskara edo katalana ere erabili beharrean, ezkerrak ohi duen bezala. Hizkuntzen erabilera horrek, lelorik ezak edo aurpegia estali eta guztia suntsitzeko deialdiek sinesgarritasun oro kentzen diete.
Bien bitartean, JUPOL, SUP eta polizien gainerako sindikatu ultraeskuindarrek itxialdia abiatu dute Barne Ministerioan, ustez Gobernua eskuzabala delako ezkerreko ekintzaileekin eta harro agertzen dute beren diskurtso arrazista fokua marokoar gazteengan jarrita.
“Gazteak fatxak” direla esatetik “gazteak bortitzak” direla esatera
Hilabete luzez, eskuinak bere baliabide propagandistikoak erabili ditu bizi dugun polarizazioa lausotu eta gazteak eskuinera lerratzen ari direla esateko. Lehenago ere azaldu dugun bezala (¿La juventud se ha vuelto facha? La propaganda se estrella contra la realidad) propaganda hori manipulazio makurra da. Aipatu berri ditugun mobilizazio horiekin gauzak argi geratu dira. Gazteria, oro har, antifaxista eta ezkertiarra da. Ez hori bakarrik: sozialismoaren aldeko ideien babesa zabaltzen ari da Estatu espainiarreko eta mundu osoko milioika gazterengan. Horrek beldurra ematen die: Genovan, Ferrazen, Madrilgo burtsan eta Barne Ministerioan kezka handia dute.
Denok dakigu poliziak probokatzaileak sartzen dituela manifestazioetan. Badakigu, baita ere, inteligentzia zerbitzuek erakundeak monitorizatzen dituztela eta euren funtzionarioak bidaltzen dituztela barnetik infiltratzeko eta kontrolatzeko.
Erradikalizazioa eta klase arteko borroka gorantz doa eta, egoera horretan, muntaia politikoek, infiltrazio polizialek eta probokazio faxistek ere gora egingo dute. Horren aurrean, antolakuntza politikoa indartu behar dugu ikastetxe eta auzo bakoitzean; hori da infiltrazioak atzemateko, gure mobilizazioak modu kontzientean antolatzeko eta erasoetatik babesteko erramintarik hoberena.