PPk eta Voxek eraso arrazista sustatu dituzte diskurtso kriminal, arrazista eta faxistarekin
PPko eta Voxeko eskuinak eta eskuin-muturrak diskurtso atzerakoia, supremazista eta xenofoboa dute eta Ceutan diren etorkinen aurkako jazarpena aldarrikatu eta erasoen jo-puntuan jarri dituzte.
“Inbasio bat da. Soldadu izateko adina duten gizonak dira eta Sanchezen Gobernu ustelak agindu die gure mugei eraso egiteko” zioen Abascalek. “Banan bana ehizatu behar dira”, aldarrikatzen zuen José María Figaredo Voxeko idazkari nagusiak Diputatuen Kongresuan. Miguel Tellado PPko idazkari nagusia ere ahobizarrik gabe mintzatu zen: “Defentsa ministroak azaldu behar digu zergatik ez zuen agindu ejertzitoa berehala kalera ateratzeko”.
Etorkinak “inbaditzailetzat” hartzen dituen diskurtso berbera da, “Espainiako lurraldearen integritatea” bortxatua izan dela diote eta mugak indartzeko eta etorkinak ehizatzeko neurri militarrak eskatzen dituzte, eta halaxe egin dute Juan Jesús Vivas Ceutako alkate-presidenteak, Ayusok, Aznarrek, Borja Sémperrek, Ester Muñozek eta Feijook berak ere.
Atzerakoi horiek guztiek baztertzen dute etorkinak penintsulara arreta duina jasotzera ekartzeko proposamena. Feijook gezurra ere zabaldu zuen: etorkinak osasunarentzat kaltegarriak direla esan zuen, “hazteria, tuberkulosia eta beste gaixotasun batzuk” dituztelako eta konfinamendua eskatu zuen kontzentrazio-esparrutzat har daitekeen guneetan sartuta.
EAJk ere zail izan du bere diskurtso arrazista eskuin espainolistarenetik bereizteko. Mikel Legarda diputatuak muga babesteko neurri falta aipatu zuen eta Nerea Melgosa sailburuak adin txikikoak eta familiak berriz biltzeko aukera.
Marokoko diktaduratik eta pobreziatik ihesi doazen gizon, emakume eta haur errugabeak ejertzito inbaditzailetzat hartu dituzte. Biktimei gizatasuna kendu diete politika arrazista eta xenofobo zitalak hedatu eta justifikatzeko. Testuinguru horretan, CCOOko eta UGTko agintariek Ceutan izandako konplizitatea ere kriminala izan da.
Zabor arrazista honek oihartzuna izan du hiriko erdigunean bizi diren dirudunen artean. Uzman Bersabé Al Ambar erakundeko kideak RNEri eskainitako elkarrizketa batean halaxe esan zuen: “Hemen bi Ceuta daude, erdiguneko zuria, oro har eskuinari botoa eman eta Vivas jauna boterean mantentzen duena (…); bestea, beti elkartasunez erantzuten duena, periferian bizi diren Ceutako espainiarrak dira, gizartearen gehiengoa”.
Pedro Sanchezen gobernua eskuin muturraren aurrean makurtu da
Pedro Sanchezen gobernua ahalegindu da Voxeko eta PPko gizatxar horien jarreratik bereizten, baina ekintzek bere kabuz hitz egiten dute. Bizia galdu duten 141 lagun horiekin, beren senitartekoekin, lagunekin eta etorkizun hobea nahi duten horiekin enpatia eta elkartasuna erakutsi ordez, amore eman du eskuinaren presioaren aurrean.
Marlaska, Bolaños, Margarita Robles eta Albares bat datoz: estatu espainiarraren mugei eraso egin diete eta etorkinak kanporatu behar dira. Pedro Sanchezek berak “Espainiaren lurralde integritatearen aurkako bortxaketatzat” hartu zuen, “inbasiotzat” hartzeko beste modu bat da hori.
Exekutiboak zalantzarik gabe atera da Maroko defendatzera eta Mohamed VI.aren diktadura zuritzera. Horrela, gobernu “aurrerakoienak” Marokoko erregimena babestu du —EBren bitartez milioika euro jasotzen ditu Europako hegoaldeko muga gurutzatu nahi duten etorkinei aurre egiteko— eta monarkia diktatorial horrekin erlazioak mantendu ditu kapitalista espainiarrek Marokon dituzten interes ekonomikoak babesteko.
Human Rights Watcheko Judith Sunderlandeko salatu zuenez, “milaka pertsonak ia hiru aste daramatzate kalean, egoera legal ziurgabean bizitzen, indarkeria sexualaren arriskuan, jatekorik, jantzi egokirik eta osasun baliabiderik gabe”. Zalantzarik gabe, pilaketa hau tentsio eragile indartsua da eta gizarteko sektore batean ultra-eskuinaren bidez hedatzen ari diren ideia arrazistei eta xenofoboei bidea errazten die.
Abuztuaren 20an, Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak 1.800 behin-behineko plaza sortu zituen karpa batzuen azpian, larrialdietarako kanpamentu batean, etorkinei babesa emateko. 27an beste 2.000 jarri zituen. Etorkinak iritsi eta hogei egunetara lehenak, ia hilabete geroago besteak! Gobernu autonomikoek eta zentralak laguntza urria atzeratu eta dosifikatu dute Marokora itzul daitezen “konbentzitzeko”.
Behar diren baliabide guztiak erabili dituzte etorkinak artatzeko? Ez, Gobernuak nahiago izan du atzerritarren legea indartu
EBk etorkinen aurka duen agenda xenofoboarekin jarraituz, “historiako gobernu aurrerakoienak” iragarri du atzerritarren legea gogortuko duela. Lege berriak asiloa lortzeko aukera zailduko du eta kanporaketak errazteko eta azkartzeko tramiteak arinduko ditu, besteak beste.
Pedro Sanchezen gobernuak arrazoi ematen die praktikan etorkinak mehatxu direla diotenei. Lotsagarria da hori bere burua ezkerrekotzat duen gobernuak egitea. Horrela botoak lortuko dituztela uste badute, jai dute. Voxen eta PPren demagogia maltzurrak irabaziko du.
Ezker Iraultzaileak aldarrikatzen du berehala martxan jar daitezela beharrezko diren baliabide guztiak —bai, badaude, gastu militarrera bideratzen direnak adibidez— etorkinak modu duinean artatzeko. Elkartasunerako deia egiten dugu, gure klaseko anaia-arreba zapalduz beren posizioa indartu nahi duen marea maltzur horri aurre egiteko —Ceutako bizilagunek behartsuen aurkako gorrotoa eta indarkeria hedatzera joandako faxistei aurre egin zieten bezala—.
Ultra-eskuin arrazistaren aurka gure indar guztiarekin borroka egiteko prest gaude eta Gobernuaren politika sozialdemokrata ere salatzen dugu, beste behin erakutsi baitu ekintzetan zapaltzaileen eta sistema kriminal eta bidegabe honen ondoan dagoela, ez zapalduon ondoan, jaio garen lekuan jaio garela ere. Horregatik sistema basati eta arrazista hau defendatzen dutenen aurka ere borrokatuko dugu, Donostian elkartasun afariak debekatu eta manteroak jazartzen dituztenen aurka. Karl Liebnechtek aldarrikatu zuen bezala: etsai nagusia etxea dago!
Hemengoa ala atzerrikoa, langile klase berekoa!