Hezkuntza publikoa borrokaren bidez defendatzen da!
Astean zehar, irakasleen grebak hezkuntza geldiarazi du. Astelehenean manifestazio erraldoiak 3 hiriburuetan, asteartean piketeak eta mobilizazioak auzoz auzo, eta asteazkenean, sindikatuen eta Kontseilariaren arteko bilera zela eta, milaka irakaslek kaleak hartu zituzten Kontseilaritzaren aurrean. Valentzian, egun horretan, milaka irakaslek berehala gaitzetsi zuten Orti kontseilariak sindikatuei egin zien proposamen hutsala, eta mezu oso argia helarazi zieten negoziazio-mahai horretan esertzen diren guztiei: ez dugu ogi-apurrik nahi. Aurreko egunean, Generalitateko Palauaren aurrean, presidentea seinalatuz horren arduradun gisa, Sindicat d’Estudiants-eko kide bat poliziaren gehiegikeria baten biktima izan zen kontzentrazio hartan, non astindu eta identifikatu egin zuten, gure sare sozialetan salatu ahal izan dugun bezala.
Hau guztia ostiralean gertatuko zenaren atarikoa izan zen. Ikasgelak berriz ere hutsik zeuden, irakasle grebaren eta Sindicat d’Estudiants-ek deitutako ikasle grebaren ondorioz. Valentziako auzo ezberdinetatik abiatu ziren lehen zutabeei beste probintzietatik iristen hasi ziren autobus eta autoak gehitu zitzaizkien. Poliki-poliki erdigunea berriro kolapsatu eta berdez tindatzen ari zen. Berriz ere indar sentsazioa zen nagusi zutabeak, irakasle eta ikasle taldeak, pankartak… nola iristen ziren ikusten genuen guztion artean. Ordu erdi inguruan Sant Agustiko Plaça txiki-txiki egin zen bazter guztietatik etorritako jendetzarentzat. “Educació, publica, de qualidad i en valencià!”. Milaka irakasle, ikasle eta familien oihua hiri osoan entzuten zen.
