Astelehenean, otsailaren 23an, Vox alderdi faxista dator EHUko Arabako kanpusera, ez da horrelako lehen agerraldia izan: Granadara Macarena Olona, Espinosa de los Monteros Somosaguasera edo Vito Quiles pseudokazetari faxistaren agerraldiak unibertsitate ezberdinetan. Ordea, Euskadin eman den lehen agerraldia da.
Honen atzean dagoen aitzakia unibertsitateko hainbat eragilek jarritako pankartak eta kartelak dira; haien esanetan, “mehatxuzko pankartak”. Baina kanpusean ikusi ditugun pankarta bakarrak 1976ko martxoaren 3arekin lotura zuzena dutenak dira, Gasteizen eraildako langileak gogorarazten dituztenak. Vox-ek gure aiton-amon eta gurasoen memoria hori “mehatxuzkoa” jotzea ez da probokazio hutsa: langile memoria kriminalizatzeko eta frankismoaren azken urteetan eta trantsizio odoltsuan aparatu estatalak erabilitako indarkeria zuritzeko saiakera kontzientea da. Langile haiek ez zeramaten armarik, aldarrikapenak baizik; ez zuten inor mehatxatzen, oinarrizko eskubideak eta soldata duinak eskatzen zituzten. Benetako mehatxua eliza bateko asanblada baten aurka tiro egin eta bost langile erail, eta makina bat zauritu zituenarena izan zen, 1976ko martxoaren 3an, Gasteizen.
Haien oroitzapena gaur egun “mehatxu” gisa aurkeztea historia irauli eta errealitatea desitxuratzea da: biktimak seinalatu eta erantzuleak sinbolikoki absolbitzea. Kontakizun atzerakoi horren aurrean, martxoaren 3ko memoria aldarrikatzea ez da keinu nostalgiko bat, baizik eta justizia, egia eta erreparaziorako aldarri politiko bat. Izan ere, langile klasearen memoriari erasotzen zaionean, helburua argia da: haren kontzientzia ahultzea, antolakuntza kriminalizatzea eta boterea berriro zalantzan jartzeko duen gaitasuna desaktibatzea.
Erantzuna berehalakoa izan da: faxismoak ez du lekurik gure fakultateetan, ez ikastetxeetan, ezta kaleetan ere. Hori behin eta berriz geratu da argi Gasteizen, urriaren 12ko mobilizazioetan ikusi zen bezala, erreakzio antifaxista irmoa eta antolatu zelarik. Unibertsitatea ez da gorroto diskurtsoentzat babesleku, ezta memoria historikoa zapaltzeko espazio neutro bat ere.
Ikasleok argi daukagu: faxismoari aurre egitea ez da aukera bat, ardura politiko eta kolektiboa baizik. Antolatuta eta elkartasunez jardunez, ez dugu onartuko beldurra zabaltzea, ezta memoria kriminalizatzea ere. Gure fakultateak eta gure kaleak espazio aske eta antifaxistak izango dira.
Gaurkoan, urtarrilak 20an, dekanotzaren erantzunak norabide kezkagarria hartu du: “ardura instituzionala” eta “prebentziozko neurriak” aitzakiatzat hartuta, aurrez aurreko jarduera guztiak bertan behera utzi eta campusa husteko agindua eman dute. Segurtasuna eta ongizatea bermatzeko dela diote ardatza, baina, ondorioa faxistek kaleak garbi izatea da: faxistak kalean, ikasleok etxean, eta unibertsitatearen irudia “garbi”, Israelekin harremanak oraindik eten ez dituen bitartean. Honen aurrean, EAJko Unibertsitate sailburuak dio klaseak ixtea “zuhurrena” bada ere, ekitaldia galaraztea proposatzen duten “izaera totalitarioko” taldeetan fokua jartzeko eskatu du. EAJrentzat totalitarioak ez dira gure aiton-amonak odoletan ito zituen diktadura aldarrikatzen dutenak. Ez. Frankismoaren garai ilunetara itzultzearen aurka gauden gazteak gara bortitzak. Alderantzizkako mundua.
Neutraltasunaren izenean hartutako erabaki honek ez du gatazkarik desagerrarazten; aitzitik, despolitizatu eta desaktibatu egiten du, probokazioa salatzen duen komunitatea desmobilizatuz. Are gehiago, errektoretza taldearen ustez, izpiritu kritikoaren eta ilustrazioaren bidez garaituko dugu faxismoa, historiak behin eta berriz erakutsi digun arren faxismoa kalera ateraz garaitzen dela, eta ez diskurtso teoriko hutsen bitartez.
Ikasle Sindikatutik argi daukagu: neo-frankismoa gaitzestea hitzez ez da nahikoa, erantzun politiko eta soziala praktikoa beharrezkoa da, kalean eta fakultateetan antolakuntzarekin eta masen mugimenduarekin. Faxismoa ez dugu dialektika hutsez garaituko; borroka kolektiboaren bidez baizik, historiak erakutsi digun lezioari jarraituz. Gure unibertsitatea ez da espazio neutro bat: gure klasearen memoria defendatzen ez badugu, atzerapausoak ematen dira. Eta guk ez dugu atzera egingo.
Guztiok farmaziako fakultatera astelehenean, otsailak 23, 12:00etan!
