Pertsonaia hau oso ondo ezagutzen dugu Euskal Herrian. EAJko presidente izan zen 2004 eta 2008 artean, Xavier Arzallus buruzagi historikoa ordezkatuz, eta Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko buru izan zen 1999 eta 2004 artean.

Bere jarduera politiko publikoa bertan behera uztea erabaki zuenerako, kontaktu bikainak zituen Imazek burgesia espainiar eta estatubatuarrarekin. Ongi asko frogatu zuen hauen aldekoa zela. 2008ko urtarrilean AEBetara joan zen familiarekin, eta handik aurrera suziri bat bezala igo zen enpresa-elitean. “Ikertzailea” izan zen sei hilabetez Harvardeko Unibertsitateko John F. Kennedy Gobernu Eskolan, CIAren eta Estatu Departamentuaren erreklutatze tradizio luzea duen gunean.
Eta 2008ko uztailean bezain laister Espainiako Estatura itzuli zen Petronorren, Repsolen filial baten, presidente exekutibo gisa. 2011ko azaroan Espainiako Petrolio-Produktuen Operadoreen Elkarteko (AOP) presidente aukeratu zuten, eta 2014ko apirilean Repsoleko kontseilari ordezkari.
Espainiako multinazional honek interes handiak ditu Venezuelan. Petrolioaz gain, La Perlan ustiatzen dituen putzuengatik, herrialdean kontsumitzen den gasaren %33aren hornitzailea da. Beraz, Imazen eta bere enpresaren jarrera, Caracasen gaineko eraso militarra eta Maduroren bahiketa baldintzarik gabe babestuz, bermatuta zegoen.
Imazek ez zuen hutsik egin Etxe Zurian deitutako bileran. Den manupeko losintxaria izanik, eskerrak ematen zizkion Trump faxistari “Venezuela hobe bati ateak irekitzeagatik”. Espainiako eta EAEko kapitalaren ordezkari porrokatu honek esan nahi duena da Washingtonen ekintzak bere negozioak biderkatuko dituela, horrek Venezuelako herriaren zapalkuntza ekarri arren.
Hitzaldian, ia lerdea zeriola, konpainiak Venezuelan duen asmoa datozen hiru urteetan produkzioa hirukoiztea dela azaldu zion Nagusiari, 45.000 upeletik 135.000ra. Jakina, Repsolek azken urteetan AEBetan egin dituen negozio eta inbertsioei buruzko informazio zehatza eman zuen, 21.000 milioi dolar “Amerikako Golkoa” barne, zer nolako pertsona den argi uzteko lekaioak egindako keinua. Trumpek bere diskurtso koipetsuari “lan ona” esanez erantzun zion.
Imazen jarrera ez da ezustekoa. Euskal Herriko langile klaseak eta gazteriak oso ongi ezagutzen dugu “euskal negozioen alderdia”. Ez goaz inora norbanako hauekin, gainera Venezuelan eskuin muturreko oposizioa babesten aritu dira urte hauetan. Batzuek pentsa dezakete gutxienekoen akordio bat lortu behar dela hauekin. Akats larria da hori gure ustez. Ez dugu faxismoaren aurka eta inperialismoaren aurka hobeto borrokatuko hauei ateak parez pare irekitzen dizkieten horien eskutik.
Horregatik Ezker Iraultzailetik eta Ikasle Sindikatutik oso argi daukagu: Trumpen eta inperialismo iparramerikarraren lagun euskaldunekin inolako itunik ez, autodeterminazio eskubiderantz eta Euskal Herri Sozialista baterantz aurrera egin nahi badugu. Ez dira gure aliatuak, gure klase-etsaiak dira.