Ikasle Sindikatua, gure tresna bullying-aren aurka

Erabiltzailearen aurpegia Ezker Iraultzailea-Euskal Herria Sozialista 2025eko azaroaren 12a

Salatu eta antolatu! Sandra Peñaren galera izugarriaren ondoren, milioi bat ikasle baino gehiagok egin genuen greba urriaren 28an, eta 150.000 inguruk parte hartu genuen manifestazio jendetsuetan. Gure elkartasuna adierazi nahi izan genien haren familiari eta lagunei, eta Sandra bezala gurekin ez dauden kide guztiei ere bai.

Hala ere, 28koa mobilizazio masibo bat baino askoz gehiago izan zen. Eskola-jazarpenaren gaitz izugarriaren aurkako benetako katarsia izan zen ikasle mugimenduarentzat. Deskarga elektriko bat izan zen, ahaldundu egin gaitu eta indarra ematen digu esateko: Behingoz amaitu dadila!

Ikasleen Sindikatuak berrogeita hamabost hiri baino gehiagotan antolatutako mobilizazio izugarria inflexio-puntua izan da. Ez dugu utziko zapal gaitzaten, gure estetikagatik, gure pisuagatik, gure hitz egiteko moduagatik, gure azalaren koloreagatik edo gure sexu-orientazio eta sexu-identitateagatik aske izatea galarazten gaituen zapalkuntzaren biktima izan gaitezen.

 

Ez dira umekeriak, askok dioten bezala. Bullying-ak goizero jaiki eta klasera joatea bera jasanezina bihurtzen du; amesgaizto bat da hurrengo irainaren txanda noiz iritsiko den pentsatzen orduak pasatzea, eta jakitea zigorrik gabe geratuko direla, hezkuntza-sistema honek eta bizi garen gizarteak hori ahalbidetu eta sustatzen dutelako.

Eskola-jazarpena ez da saihestezina, gizakien “gaiztakeriari” edo “arduragabekeriari” buruz modu abstraktuan hitz eginez sinetsarazi nahi diguten bezala. Lehenik eta behin, hezkuntza publikoaren etengabeko degradazioaren ondorioa da, arazoari serio aurre egin eta borrokatzeko giza baliabideen eta baliabide materialen faltarena.

Bullying-aren aurkako borroka ezin da gure irakasleen borondate onaren menpe egon, gehienak ikasgeletako masifikazioaren ondorioz gainezka baitaude. Diru publikoa armamentu-planetan, bankuen eta higiezinen espekulatzaileen finantzaketan, hezkuntza eta osasunaren pribatizazioan xahutzeari utz diezaietela: hori da behar duguna. Eta baliabide erraldoi horiek milaka irakasle, psikologo, orientatzaile eta bitartekari kontratatzera bidera daitezela, gure osasun mentalari eusteko eta hainbeste sufrimenduri amaiera emateko funtsezkoak baitira.

Hezkuntza publikoan izandako murrizketa basatiek eta milaka milioi euro diru laguntzen bidez hezkuntza itunpeko-pribatuko enpresaburuei bideratzeak ondorio oso negatiboak eta tragikoak ditu. Sandrak urte luzez bullying-a jasan zuen Sevillako itunpeko ikastetxe erlijioso batean, eta familiak etengabe protokoloak aktibatzeko eskaera egin arren, zuzendaritzak ez zuen ezer egin. Gure bizitzaren gainetik dago beren negozioa. Onartezina da!

Andaluziako Junta, Espainiako Gobernua eta autonomia-erkidegoetako gobernuek nahiago dute beste alde batera begiratu, arazoa estali eta alfonbrapean ezkutatu. Haiek dute erantzukizun osoa, gaitz hau urtez urte mantendu eta areagotzeagatik.

Bestalde, eskola-jazarpena bizitzen ari garen sistema basatiaren aurpegirik krudelenetako bat da. Sistema honetan ahulenaren zapalketa sustatzen da, arrazakeria eta LGTBIfobia normalizatu, faxismoa zuritu eta desberdinaren aurkako gorrotoaren kultura txalotu egiten dira; aldiz, aberastasuna pilatzeko arrakasta faltsua saritzen da, jendearen sufrimenduaren eta gizarte-injustizien kontura.

Bullying-aren aurka ahotsa altxatzea eta gure osasun mental eta integritatea babestea ez da kontu indibidual bat, borroka kolektiboa baizik. Gure ikasgelak eta ikastetxeak esparru seguruak izan behar dute, beldurrik gabe garena izateko.

Horregatik, institutu guztietan antolatu egin behar dugu, elkarrekin erantzuteko. Ikasle Sindikatutik dei egiten diegu institutu guztietako ikaskideei eskola-jazarpenaren aurka antolatzera, ISko bullying-aren aurkako asanbladak sortzera eta ezagutzen dugun kasu oro zuzendaritzen eta hezkuntza-administrazioaren aurrean salatzera, baita protesta ekintzak bultzatzera ere.

Nola antolatu BHI bakoitzean?

 

  1. Sortu zure ikastetxean bullying-aren aurkako batzorde edo asanblada bat eta legalizatu Ikasle Sindikatua zure institutuan edo eskolan. Honek indar gehiago emango digu salaketak egiteko.
  2. Koordinatu zure herriko eta hiriako ISko kideekin, kanpaina hau ahal den neurri handienean bultzatzeko.
  3. Aurkeztu bullying-aren salaketak ikastetxeko zuzendaritzaren aurrean eta bidali salaketa horren kopia nobullyingsindicatoestudiantes@gmail.com helbidera, ikuskaritza, Hezkuntza Sail eta Hezkuntza Ministerioaren aurrean aurkezteko. Hemen uzten dizuegu salaketa eredua deskargatzeko.
  4. Bete ikastetxeak eskola-jazarpenaren aurkako kartel eta pankartekin, eta antolatu asanblada publikoak gure ikaskide guztiekin gai honi buruz eztabaidatzeko eta proposatutako ekintza positibo guztiak abian jartzeko. Inork ez dezala berriro beldurrik senti!

 

Salatu nahi baduzu, ez zaude bakarrik. Ikasle Sindikatua zurekin dago! Idatz iezaguzu nobullysindicatoestudiantes@gmail.com helbidera zure harremanetarako datuekin, edo bete hurrengo formularioa eta elkarrekin zure ikastetxean salatu eta erantzuna antolatuko dugu.

Era berean, eskola-jazarpena jasaten duten edo jasan duten ikasle, gazte eta langile guztiak animatzen ditugu kanpaina hau zabaltzen laguntzera, zuen testigantzak nobullysindicatoestudiantes@gmail.com helbidera bidaliz ahalik eta publizitate handiena egiteko eta minbizi sozial honen dimentsioa ezagutzeko.

Antolatuta, inork ezin gaitu gelditu. Horregatik, argi eta garbi esaten diegu arduradun politiko eta hezkuntza arduradun guztiei ez diegula utziko gure salaketak inongo alfonbraren azpian sartzen. Ez bazaie arreta ematen, ez bazaio amaiera ematen salatutako jazarpenari, berriz ere mobilizaziorik sendoenarekin erantzungo dugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!