Erasorik ez erantzunik gabe! Bat ikutzen badute, denok ikutzen gaituzte!

Erabiltzailearen aurpegia Ikasle Sindikatua 2025eko ekainaren 23a

Gaur, ekainak 23, 19:30ean Trianguloa plazan, ITAIAko kideek deitutako elkarretaratzean parte hartzera deitzen dugu.  

Larunbatean, Tolosako San Joan jaietako bigarren egunean, jai giro betean, gizon batek emakume bati sexu erasoa egin zion eta bortxatzen saiatu zen. Hau ez da kasu isolatu bat, baizik eta bizi dugun sistema patriarkal eta kapitalistaren adierazpen bortitzena.

Emakumeon bizitzak, gorputzak eta askatasunak etengabe arriskuan jartzen dituen sistema bat da. Adierazpen honen bidez gure elkartasuna eta babes osoa helarazi nahi diogu gure kideari. Gertatu zaiona ez da soilik berari gertatu zion zerbait: denoi eragiten digu. Bat erasotzen dutenean, denok erasotzen gaituzte.

Matxismoa gure egunerokoaren parte da: lanean, jaietan, etxean, komunikabideetan, aisialdian, hezkuntzan… Eta, sarritan, jaiak dira inpunitate matxista indar handienarekin agertzen den espazioetako bat. Alkoholaren eta “jai giroaren” aitzakiaz, askok uste dute dena zilegi dela: irainak, ukituak, jazarpena, bortxaketak…

Indarkeria matxista, abusuak eta bortxaketak errotik desagerrarazteko, bizi dugun sistema kapitalista eta matxistari aurre egin behar diogu. Horretarako, borrokaren eta mobilizazioaren bidez, sistema hori desegiteko tresnak eraiki behar ditugu.

Guzti honengatik, dei egiten dugu gaur, EKAINAK 23, 19:30etan, ITAIAko kideek deitutako elkarretaratzean parte hartzera, TRIANGULO PLAZAN.

Erasorik ez, erantzunik gabe!

Bat ukitzen badute, denok ukitzen gaituzte!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!