Soldata miserableek eta prekarietate kronikoak harrapaturik, biztanleriaren gehiengoa etxejabe errentadunen, etxebizitzen espekulatzaile handien, funts putreen eta bankuen menpe gaude, haiek patrikak betetzen jarraitzeko gu gero eta gehiago pobretuz.
Bizkarroi hauek zigorgabe ari dira aberasten, harrokeriaz inoizko aurrerakoiena dela dioen Gobernu baten babesarekin, orgia espekulatibo hau geldiarazteko inolako neurririk hartzeari uko eginez.
Datuak benetan adierazgarriak dira: CaixaBank Espainiako Estatuko etxejabe pribatu handiena da, fidantza gordeta eta erregistratuta alokaturiko 22.000 etxebizitza inguru baititu. Baina CaixaBanken oso hurbil dago Blackstone, AEBetako inbertsio-funtsa; 19.600 etxebizitza inguru ditu alokatuta autonomia-erkidegoetan, 27 filialen bidez, eta horietatik 13.000 Madrilgo Erkidegoan daude, non alokatzaile pribatu handiena den.
Etxejabe handienek 178.000 alokairu dituzte 11 autonomia erkidegotan, Etxebizitzaren Alokairuaren Prezioaren Estatuko Erreferentzia Sistemaren arabera. Baina etxejabe handiek alokatutako beste 303.150 etxebizitza daude gutxienez, eta arazoaren zati bat baino ez dira.
Une honetan, dozenaka mila errentadun eta etxejabek, bi, hiru, lau, bost etxebizitza edo gehiago dituztenek, osatzen dute gehienbat alokairuaren merkatua, lau milioi etxebizitza baino gehiagokoa. Kontua da PSOE-Sumar Gobernuak eta Isabel Rodriguez arlo horretako ministrak ez dutela ezertxo ere egin etxebizitza publikoen parke bat, prezio eskuragarrietan, sortzeko. Alderantziz, beren promesa guztiak saldu dituzte bizkarroi hauen aurrean amore emanez, arautu gabeko merkatu batez baliatuz eta inolako eskrupulurik gabe aberasten direlarik.
Honez gain, oporretako eta iraupen laburreko bizitegi-alokairuak nagusi dira turismo-eremuetan, eta azkar ari dira zabaltzen hiri askotako erdiguneetara, baita langile-auzoetara ere, “funts putreen” eta inbertitzaile pribatu askoren poltsikoak betez, eta, aldi berean, milaka langile-familia gaizki komunikatuta dauden eta infraetxe ugariko periferietara mugiaraziz.
Gaur egun, etxebizitza bat behar duten langileen gehiengo handiarentzat, inposaturiko ohitura bihurtu da pisu partekatu batean bizitzea, prezio neurrigabeetan, edo, askotan, zulo osasungaitz diren espazioetan: garajeak, sotoak, trastelekuak edo txabola inprobisatuak, karabanak eta atoiak ez aipatzearren, Balear Uharteetan gertatzen den bezala.
PSOEk eta Sumarrek banderatzat daramaten eta hainbeste goraipatu duten pertsona zaurgarrien “etxegabetzeen debekua”, gezur hutsa da egun argiz: aurtengo lehen hiruhilekoan 5.443 maizter kanporatu dituzte beren etxeetatik gehiegizko alokairuak ordaintzeko ezintasunagatik, eta beste 1.500 etxegabetze inguru gehitu zaizkie hipoteka exekuzioengatik.
Gobernuaren eta auzitegien adostasunarekin poliziak zein Desokupa bezalako kutsu faxistako erakundeek gauzatutako bidegabekeria hauen biktimen artean, pertsona zaharrak, baliabide urriko gaixo kronikoak edo miserian nekez bizi diren familia gurasobakarrak daude. Etxea galtzea, PAHk salatzen duen bezala, gero eta faktore erabakigarriagoa da Espainiako Estatuan gertatzen den suizidio kopuru gero eta handiagoan (11 baino gehiago egunero).
Pedro Sanchezek, Yolanda Diazek eta Parlamentuko haien kideek erabat eman dute amore inbertsio funtsen, etxejabe handien eta espekulatzaile zein etxejabe errentadunen interesen aurrean. Zifrek diote dena.
Babes Publikoko Etxebizitza (BPE) erabat geldirik dago: 2023ko urtarrila eta iraila bitartean 5.441 BPE baino ez ziren amaitu Estatu osoan. Kopuru eskandalagarria da, eta, gainera, ia %20ko beherakada adierazten du aurreko urtearekin alderatuta!
Eta ez BPEn eraikuntza soilik, oro har, etxebizitza berrien eraikuntza ere geldirik dago. Urtean 275.000 etxebizitza baino gehiago eskatzen diren arren, etxebizitzen enpresek urtean 90.000 inguru baino ez dituzte eraikitzen, eta, ondorioz, etxebizitza-defizita 600.000 baino gehiagokoa da dagoeneko, Espainiako Bankuaren arabera. Hau da gabezia honen arrazoia: inbertitzaileek nahiago dutela, errazago aberasteko, bigarren eskuko etxebizitza eta eraikinak erosi, hauekin espekulatuz edo alokairu merkatuan prezio astronomikoetan jarriz.
Egoera honen aurrean, beharrezkoa da mobilizazio orokor, sendo eta masiboa, greba orokor handi batean bat egiteko. Ezin liteke sindikatu handiek beste alde batera begiratu eta larrialdi sozial honen aurrean ez ezer egitea. Etxebizitza ministra negargarriak egiten duen bezala, inbertitzaileei borondate ona izateko eskatzea, gu guztioi aurpegira barre egitea da. Bai Gobernu zentrala, bai autonomia-erkidegoetako gobernuak, bizileku duin baterako eskubidea bermatuko duten neurri zorrotzak hartzera behartu behar dira!
Hiri askotan garatzen ari diren maizterren sindikatuak indartu behar dira. Eta gure indar guztiekin babestu behar ditugu haien ekimenak, alokairuen ordainketaren greba progresibo batera deitutakoa, esaterako.
Azken hilabeteetan Kanarietan, Balearretan, Malagan eginiko mobilizazio jendetsuek, eta Madrilen zein beste hiri batzuetan datorren urriaren 13an egingo direnek, markatzen dute bidea.
Borroka eta antolakuntza, hori da gakoa. Horregatik, Ezker Iraultzailetik honako neurri hauek ezinbestekoak direla planteatzen dugu:
- Banku, putre funts, espekulatzaile eta etxejabe errentadunen esku dauden alokairuko etxebizitzak desjabetzea, Sarebek oraindik kudeatzen dituen etxebizitzekin batera alokairu sozialerako bi milioi etxebizitza publikoko parke bat eratzeko.
- Alokairuen prezioa berehala mugatzea, metro karratu bakoitzeko gehienezko bat ezarriz. Era guztietako abusuzko klausulak debekatzea, arauak hausten dituzten etxejabeei zigor eredugarriak ezarriz.
- Alokairuko kontratu mugagabeak ezartzea, maizterrak babesteko eta gehiegizko igoerak eragozteko.
- Inbertsio-funtsen, bankuen eta etxebizitzen espekulatzaileen esku dagoen hiri-lurzoruaren eta lurzoru urbanizagarriaren desjabetzea, kalte-ordainik gabe.
- Alokairu turistikoa edo sasoikoa debekatzea bizileku-defizita duten guneetan.
- Etxegabetzeak legez debekatzea.
Etxebizitzaren espekulazioa muga-mugara iritsi da. Kapitalismoaren ustelkeriaren isla da. Soldata miserable bat jasotzeko lan egitera behartzen gaituzte, eta inflazio eta alokairu deskontrolatuen bidez lapurtzen digute gero. Ezin dugu hau onartu!
Etxebizitzak merkatu pribatutik kanpo egon behar du!
Parte hartu etxebizitza eskubidearen aldeko mobilizazioetan eta babestu sindikatuek eta maizterren plataformek proposatutako ekintzak!
Bat egin Ezker Iraultzailearekin espekulatzaileen eta negozio eskandalagarri hau baimentzen duen Gobernuaren aurka borrokatzeko!