Ez errepresio militar eta polizial basatiak, hamarnaka hildako eta ehunka zauritu utzi zituenak, ez Estatuak antolatutako talde faxisten erasoek, ezin izan zituzten masak geldiarazi. Herrialdea porrotera eraman zuten oligarkiaren ustelkeria eta parasitismoz beteriko hamarkaden, eta multinazionalen, bankuen eta inbertsio funts inperialisten arpilatzearen ondoren, aldaketa iraultzaile baten irrika hain zen indartsua, ezen Gotabaya Rajapaksak eta haren anaia Mahinda lehen ministroak herrialdetik ihes egin behar izan baitzuten.
Ezkerretik eta sindikatuetatik programa sozialistarik eta ekintza-planik ez egoteak bakarrik eragotzi zien langileei botere eraginkorra eskuratzea. Eta horrek aukera eman zion klase menderatzaileari beste herrialde batzuetako estrategia bera aplikatzeko ekimenari berriro ekiteko: Gobernuaren aurpegiak aldatzea, funtsezko guztiak berdin jarrai zezan.
Rajapaksak Ranil Wickremesingheren figurak ordezkatu zituen, historikoki inperialismo estatubatuarrari lotutako politikari burges beteranoa, 1949an independentzia lortu zuenetik herrialdea menderatzen duten beste familia oligarkikoetako batekoa, eta ordurako bost aldiz lehen ministro izandakoa. Irailaren 21eko hauteskunde-deialdiaren helburua fatxada aldaketa hori legitimatzea eta herrialdea egonkortzea zen. Baina emaitza justu kontrakoa izan da.
Masek hankaz gora jarri dute erregimenaren plana
Hainbat hamarkadatan herrialdea gobernatu duten alderdi burges handiekin lotura zuzenena duten hautagaiak mapatik ezabatu dituzte. Wickremesinghe presidenteak gobernuaren makineria eta klase menderatzailearen eta inperialismoaren sektore erabakigarrien babesa izan arren, ez zuen %17ko babesa (2.290.000 boto) baino lortu, eta hirugarren postuan geratu zen. Namal Rajapaksak, herritarren matxinadak Gobernutik kanporatutako klaneko ordezkariak, %2,5 patetikoa lortu zuen.
Parte-hartze handiarekin (%79,46), garaile handia eta presidente berria Anura Kumara Dissanayake da, JVPko burua, hirurogeita hamarreko eta laurogeiko hamarkadetan gerrillarien altxamendu ezberdinak eragin zituen jatorri estalinistako alderdia. Ezkerreko koalizioaren buru, Herri Botere Nazionala (NNP), Dissanayakek 5.740.179 boto lortu zituen bigarren itzulian, %55,89, eta Sajith Premadasa politikari burgesari gailendu zitzaion. Premadasa 2019tik 2022ra Rajapaksaren aurkako oposizio parlamentarioaren buru izan zen, eta 4.530.902 lortu zituen, %44,11.
Garaitutako hautagaia oligarkiaren azken uneko apustua zen, eta aureola “aurrerakoi” eta “kritiko” bat ematen saiatu zen, bere alderdiaren (ohiko alderdi burges desprestigiatu baten zatiketa) inguruan koalizio zabal bat eratuz sektore sozialdemokratekin, gutxiengo tamil eta musulmanen ordezkariekin eta baita sindikatu batzuekin ere.
Baina milioika gaztek, langilek eta nekazarik (gutxienez etnia zingalesa nagusi den herrialdearen hegoaldean, erdialdean eta mendebaldean) sistemako alderdiak garaitzeko gai zen hautagai bakarra ikusi zuten Dissanayakengan.
83.000 milioi dolarrera iritsi zen zorraren pisuak zanpatuta, Sri Lankako ekonomiak %12 egin zuen behera 2022an, jada etsigarria zen egoera larriagotuz. 2023. urtearen amaieran, Munduko Bankuaren arabera, herritarren %25,9 —bost eta sei milioi lagun artean— pobreziaren mugaren azpitik bizi ziren. Beste iturri batzuek biztanleriaren %50era igo dute zifra hori.
Sri Lanka munduko bigarren postuan dago haurren desnutrizioan, 410.000 haur subalimentaturekin [1]. 2019az geroztik, LIRNEasiaren ikerketa baten arabera, herritarren ia erdiek kontsumo ohiturak aldatu dituzte, elikagaiak murriztuz beste behar batzuk asetzeko. %50ek baino gehiagok ez dute aurrezkirik eta familien %6k utzi egin diote seme-alabak eskolara bidaltzeari.
2023an, kapitalen etorrerak ekonomiaren erabateko kolapsoa saihestea ahalbidetu zuen. Batez ere Txinako kapitalen etorrerak, maileguak eman eta inbertsioak iragarri zituen lehen herrialdea izan baitzen Sri Lankako Gobernuak kanpo-zorra aldi baterako ez ordaintzean. Hala ere, BPGk %2,3ko beherakada izan zuen.
JVPren kontraesanak eta tamilen auzia
Dissanayakek presidente gisa egin duen lehen ekintza eskuineko alderdien menpe zegoen Parlamentua desegitea izan da, eta parlamentuan gehiengoa bilatuz hauteskunde legegileak deitzea. Eta aipatu behar da JVPko liderra nazioarteko prentsan “marxista leninista” gisa aurkeztua izan den arren, bere jarrera oso zuhurra izan dela, ustelkeriari eta pobreziari aurre egingo diola agintzera mugatuz, baina aurreko Gobernuak NDFrekin zuen konpromisoa berriz negoziatzeko leial mantenduz.
Manifestariek bandera gorriekin eta Marx eta Leninen erretratuekin garaipena ospatzen duten irudiek ezin dute engainurik eragin. Ez dira, hain zuzen ere, sozialismo zientifikoaren ideiak Dissanayake eta bere alderdiaren programa eta ibilbidea tindatzen dutenak.
JVPk duela hamarkada batzuk egin zien uko politika eta metodo komunistei. Ez du zalantzan jartzen kapitalista eta lurjabe handien jabetza, ezta banku handiari zorra ordaintzea ere. Azken hamarkadetan oligarkiaren sektore ezberdinekin itunak bilatzean datza bere taktika. 2004-2005ean Gobernu kapitalista bateko Nekazaritza ministroa izan zen Dissanayake. 2022ko matxinadan bera eta bere alderdia desagertuta egon ziren, eta, hauteskundeak irabazi ostean, behin eta berriz ari da alderdi burgesak akordio nazional handi baterako deitzen.
Baina bere jarrerak Lenin eta Marxen ideien ukapen handiena nazio auzian adierazten du. Herritarren %80 diren zingalesengandiko %15-18 diren tamilenganako zapalkuntzak (britainiar Inperioarengandik jasotako herentzia zuzena dena), gerra zibila eragin zuen 1983tik 2009ra, milaka heriotza eta ehunka mila desplazatu eraginez.
Independentziaren ostean, burgesia zingalesak chauvinismo bolada bat piztu zuen, erlijio budista eta hizkuntza zingalesa inposatuz, tamilak baztertuz, gehienak hinduistak baina baita musulmanak ere, eta haien aurkako pogromo odoltsuak antolatuz.
Masen babesa lortzeko, burgesia zingalesaren sektore batek nazionalizazio batzuk ere egin zituen, eta bere diskurtso chauvinista demagogia pseudosozialistarekin uztartu zuen. Izan ere, hainbat hamarkadatako kapitalismo basatiaren ostean, herrialdearen izen ofiziala Sri Lankako Errepublika Demokratiko Sozialista da oraindik ere.
Sustrai estalinista eta maoista duen ezker zingalesaren zati handienak, chauvinismoari aurre egin eta tamilek beren hizkuntza, erlijio eta kulturarako eta autodeterminaziorako duten eskubidea defendatu beharrean, olatu chauvinistarekin bat egin zuen. JVP izan zen txarrenetarikoa, nazionalismo zingalesa banderatzat hartuz eta tamilen aurkako errepresioan zuzenean parte hartuz. Hauek jatorri estalinistako beste gerrilla batek zuzendutako Estatu independente bat aldarrikatuz erreakzionatu zuten: Tamil Tigreak.
Estatu honek lurraldearen heren bat hartu zuen herrialdearen iparraldean. Baina Tigreen metodoek, gerrilla erresistentzia biztanleria zingalesaren aurkako erasoekin eta eskuin ultranazionalistaren sektore atzerakoiekin eginiko aliantzekin konbinatzen zituztenek, tamilen beraien arteko sostengua ahuldu zuten. Gerrillari tamilen azken guneak 2009an zapaldu zituzten.
Burgesia zingalesak konpondutzat eman du arazoa bere garaipen militarrarekin eta hizkuntzaren eta erlijioaren auzian oso mugatuak diren kontzesio batzuekin, baina autodeterminazio eskubidearen eta beste zenbait eskubide demokratiko-nazionalen ukapenak gatazka elikatzen jarraitzen du.
Krisi ekonomiko sakon baten eta boterea lortzeko oligarkiaren hainbat sektoreren zein Sri Lankan kontrola handitzeko tradizionalki esku hartu duten potentzia inperialista erregionalen maniobren testuinguruan, gatazka edozein unetan leher daiteke berriro.
Dissanayakeri emandako babesa gehiengo zingalesa duten zonaldeetan % 60tik gorakoa izan zen, eta langileen eta nekazarien guneetan % 70era iritsi zen. Baina gehiengo tamila eta musulmana duen ipar-ekialdean % 20tik beherakoa izan zen, eta Tamil Tigreen gotorleku izan ziren iparraldeko barrutietan ez zen % 10era iritsi. Zonalde horietan, alderdi burgesek JVPren nazionalismo zingalesari beldurra mugiarazi dute, %60ko babesak lortuz.
Sri Lanka inperialisten arteko lehian
Indiako Ozeanoko itsasbide komertzial eta militarretan Sri Lankak duen kokapen estrategikoa dela eta, India eta Pakistan bezalako potentzia erregionalek eta AEBek eta Txinak gidatutako bloke inperialistek interesak dituzte herrialdean.
Dissanayake guztiekin negoziatzeko prest agertu den arren, bere garaipena beste urrats bat da Txinaren aurrerapenean, honen pisu ekonomikoa eta politikoa handitu egin baita uhartean, Estatu Batuen kaltetan. Gainera, AEBen peoi tradizionalak Gobernutik kanpo geratu dira.
Itxura guztien arabera, Beijingekin akordioak indartu egingo dira. Eta ez bakarrik Dissanayakek eta JVPk nahi dutelako, baizik eta objektiboki Txinako inbertsioak erabateko kolapsoa eragotzi duen koltxoia direlako.
Sri Lanka porrot ekonomikoan sartu zenean, AEBetako eta Europako hedabideek kanpaina mediatiko bortitza abiatu zuten, porrot hau Txinaren presioek eragindako lehen ez-ordaintze gisa aurkeztuz. Berez, zorraren %10 zuen Asiako erraldoiak; %81 AEBetako eta Mendebaldeko banku eta funts espekulatiboekiko pilatutako zorra zen. Izan ere, hauek ezarri zituzten, NDFren bidez, kolapsoa azkartu zuten baldintza drakoniarrak.
Klase arteko borrokaren agertoki oinazetsua
Sri Lankako klase dominatzailearen sektore batek logistikaren boomaz baliatzeko aukera ikusi du Txinak portuetan eta azpiegituretan egindako inbertsioetan, eta lotura horiek indartu nahi ditu. India erabat baztertzeak ekarriko lukeen arriskuaz jakitun, New Dehlirekin ere egin dituzte akordio batzuk. AEBetako enpresak lasterketan sartzen saiatu dira, baina berandu iritsi dira eta atzean geratzen ari dira.
Bankuak, lurra eta monopolio handiak ukitu gabe, masen presioari erantzuteko Dissanayakeren saiakerak, eta tamilen auzian duen jarrera chauvinistari eutsiz, krisi eta liskar berriak baino ezin ditu eragin.
Sri Lankako historia borroka gerrillariez, greba orokorrez eta matxinadez beteta dago, eta tradizio iraultzaile eta klasista horiek, 2022an bezala, berriro azaleratuko dira. Milioien kontzientzia antikapitalistak azkar aurrera egiten duen testuinguruan, Dissanayakek aukera egin beharko du: edo herriaren eskaerekin, edo honen itxaropenak zapuztuz eta inperialisten eta NDFren interespean makurtuz. Ez dago erdibiderik. Eta kontraesan horrek klase arteko borroka elikatzen jarraituko du, behin betiko garaipena lortu arte.