Samina izugarria da eta zauria deskribaezina. Gazte eta langile guztiak zur eta lur gaude Valentzian bizi izan denarekin. Jasanezina da. Ehunka hildako (zifra ofizialak oso motz gera daitezke), hainbat eta hainbat desagertu, milaka etxe suntsituak, lohiez lepo dauden herriak eta auzoak, dena galdu duten familiak. Urik, elektrizitaterik, janaririk eta osasun-zerbitzurik gabe.
Argi eta garbi hitz egin behar da. Krimen sozial honek Valentziako familia langileak kolpatu ditu zuzenean, gu bezala auzo eta herri xumeetan bizi direnak. Eta bai, erantzuleak ditu, izen-abizenak dituzten arduradunak, gertatu dena saihestu baitzezaketen, baina ez dute ezer egin hori eragozteko.
Bai. Carlos Mazonek eta PPko bere gobernuak erantzukizun osoa dute. Nahiz eta alerta meteorologiko ugari egon, ez zuten ezer egin herritarrei ohartarazteko arratsaldeko zortziak arte, DANA dena suntsitzen ari zen arte. Haiek desegin zuten Valentziako Larrialdietarako Unitatea, "txiringito" bat zela esanaz. Osasun eta hezkuntza publikoan murrizten dutenak dira, urteetan zehar beren lagunak aberastu dituen etxebizitzen espekulazioa ahalbidetu dutenak. Bai, bazekiten eta gertatua baimendu zuten.
Beste arduradun batzuk ere badaude, oso ondo dakigu hori. Joan Roigek eta enpresaburu handi horiek milaka langile beren postuetan egotera behartu zituzten alerta gorrian, euren onurak gure bizitzak baino garrantzitsuagoak direlako. Sarraski honetan lagundu dute.
Eta Pedro Sanchezen gobernu zentralak badu ezkutatu ezin daitekeen erantzukizun zati bat. Zergatik ez zenuten berehala esku hartu PPren Valentziako Generalitatea behartuz? Zergatik ez zituzten Estatuaren baliabide guztiak mugiarazi kaltetutako eremuetara, kanpaina-ospitaleak eraikiz, doako elikagaien banaketa ziurtatuz, edo suhiltzaileen eta erreskate-taldeen sarrera masiboa ziurtatuz? Ez daitezela aitzakiekin etorri. Carlos Mazoni emandako besarkadek eta argazkietarako erregearekin egindako ibilaldiek, logikoa denez, herritarren samina piztu dute.
Langileen eta gazteen elkartasuna izan da gakoa
Baina erakundeen utzikeria eta axolagabekeria horren aurrean, Valentziako gazteak eta familia langileak duintasun eta elkartasun lezioa ematen ari dira, eta horrek oso urduri jarri ditu goikoak, egoera honetan sartu gaituztenak. Argi dago herriak bakarrik salbatzen duela herria dioen esaera egia handia dela.
Milaka gazte eta auzokide, behetik antolatuz, behar den guztian laguntzeko auzo eta zonalde kaltetuenetara joanez, belarrietaraino lokatzez betez, funtsezkoak izan dira sufrimendu suntsitzailea arintzeko.
Eta duintasunaren adibide hori kontraesan zuzenean dago argazkia ateratzera bakarrik datozenekin, baita hondamendiaz baliatuz beren demagogia arrazista eta nazia zabaltzen saiatzen diren faxista ziztrin horiekin ere. Faxistak eta naziak gazte eta langile klasearen etsai zuzenak dira, eta kapitalaren borrero gisa jokatzen dute.
Argi dago une kritikoan gaudela, eta Valentziako herri xumeak gure elkartasun eta babes osoa behar dutela.
Horregatik, Ikasle Sindikatutik ikasleen greba orokorra eta manifestazioak deitu ditugu Euskal Herrian eta Estatu mailan azaroaren 12rako, astearterako. Institutu eta unibertsitate guztietan batzarrak eta ikasleen asanbladak egiteko deia egiten dugu, Valentziako langile familia eta gazteei gure babesa adierazteko, eta heriotza horiek eta suntsiketa hau euren axolagabekeriaz ahalbidetu duten erantzuleei gure gaitzespena erakusteko.
Institutuak eta unibertsitateak ekintzez, pankartaz eta kartelez bete behar ditugu, justizia eta erreparazioa exijituz:
1. Mazonen Gobernu osoaren berehalako dimisioa, epaiketa eta zigor eredugarria hainbeste heriotza, sufrimendu eta oinazeren arduradun politikoei.
2. Gobernu zentralak larrialdiko dekretu bat onartu behar du, kaltetutako guztiei doako eta berehalako osasun arreta bermatuko diena. Beste dekretu baten bidez, Mercadona eta gure kontura aberastu diren multinazional guztiak behartu behar dira, beharrezko elikagai eta produktu guztiak herritarren eskura doan jartzera.
3. Estatuaren baliabide guztiak (azpiegiturak, garraiokoak, osasuna...) hondamendi hori konpontzeko erabili behar dira, eta zergekin finantzatu behar dira aberatsei, bankuei eta enpresa handi horiei, zer gertatzen zen bazekitelako eta langileak etxera bidaltzen ez zituztelako, milaka pertsonaren bizitza arriskuan jarriz eta heriotza asko eraginez.
4. Gobernu zentralak hotelen eta pisu turistikoetan esku-hartzea dekretatu behar du, beren etxeetan bizi ezin diren familiei doako ostatua ematea bermatzeko. Larrialdiko beste dekretu bat onartu behar da, kaltetutako familien eta pertsonen alokairuen ordainketa eten dadin eta gero erreklamatu ez daitezen.
5. Klima-aldaketaren eta ingurumenaren suntsipenaren aurkako neurri sendoak hartzea. Eskuin muturreko ukatzaile ergelek hirigintzan duten agintearekin amaitu behar da. Onartezina da enpresak etxebizitzen espekulaziorekin aberastea eta urak har ditzakeen lurretan etxebizitzak eraikitzea.
Valentzian gertatutakoa beste edozein eremutan gerta daiteke edozein unetan. Zientzialariek klima aldaketaren ondorio katastrofikoak aurreikusi zituzten, baina agintariek entzungor egin dute. Borroka hau kapitalismo basati eta harrapari honen gaitzak pairatzen ditugun guztiongatik da.
Ordua da esateko Inoiz gehiago ez! Ez zaudete bakarrik!