EH Bildu eta Pradalesen Jaurlaritza. Herri akordioak ala klase borroka?

"Herri txikia gara, nazio txikia, arrisku handiak dituena, eta hauteskunde esparru batzuetan, gure ustez, herri gisa jokatu beharko genuke. [...] Zer zentzu du EAJk Europako hauteskundeetan Coalicion Canariarekin batera parte hartzeak, zeinak Amnistia Legearen aurka bozkatu duen, herrialdeko zerrenda bat egin beharrean? Aukera hori defendatzen dugu, gure maxima delako lehenengo herrialdea eta gero alderdia." Hitz horiekin, Otegik etorkizunean EAJrekin, patronalaren alderdiarekin, Europako hauteskundeetarako zerrenda bateratuak eratzeko aukera aipatu zuen.

Uda hasieran EAJ eta PSE alderdiek Jaurlaritza berria eratzeari ekin zioten eta lehendakari izendatu zuten Imanol Pradales, "obren diputatua" ezizenez ezaguna, eraikuntzako enpresaburu lagunekin egindako kontratuak direla eta. Alabaina, horren ondotik badirudi EH Bildu prest agertu dela EAJren magalera hurbiltzeko eta Jaurlaritzan alderdi arduratsu eta fidagarri gisa agertzeko.

Hori al da, ordea, langileok eta gazteok pairatzen dugun egoerari aurre egiteko bidea? Hori al da etxebizitzaren eta lan-prekarietatearen arazoarekin amaitzeko bidea, errepresioa edo Osakidetzaren eta hezkuntza publikoaren suntsitzea geldiarazteko bidea? Halako jarrerak hurbilduko al gaitu independentziara? Kataluniako herriaren altxamenduaren aurka egin zuen EAJ beraren eskutik joanda? Gure ustez ez. Aitzitik, hartu beharreko bidea guztiz kontrakoa da.

Inmanol Pradalesen Jaurlaritza: patronalaren, sionismoaren eta errepresioaren alde, are gehiago

EAJ-PSE gobernu berria aurreko kontu berarekin dator, baina okerrago. Pradalesek inbestiduran demagogikoki iragarri zuen "Osakidetzari harrotasuna itzuliko" ziola "talka-plan" batekin. Errealitatea, ordea, bestelakoa da. Pribatizazioaren truke irabaziak lortzen dituzten enpresak eta aholkularitzak gero eta gehiago dira. Eta gauza bera esan daiteke beste zerbitzu publikoei buruz ere, hala nola egoitzei buruz, enpresa lagunei esku betez ematen zaizkien negozio bihurtu baitituzte. EAEn dauden 434 egoitzetatik 40 bakarrik dira kudeaketa publikokoak. Hortik datoz azken urteotan bi sektoreetan ikusi ditugun greba eta mobilizazio indartsuak.

Baina demagogia horrek, zoritxarrez, nolabaiteko eragina izan dezake, EH Bilduko buru Peio Otxandianok Osakidetzaren suntsiketaren arduradun den EAJrekin osasunaren aldeko mahai bat eratzea onartzen duenean. "Doinua gustatzen zaigu, ea letrak zer dioen" aipatu zuen. ELAk egin duen bezala, kanpaina hau salatu eta mobilizazioak bultzatu beharrean, osasun publikoa etengabe suntsitzen ari den Jaurlaritzari arnasa ematen diote.

Argi dago Jaurlaritza berriaren aurpegia zein den: patronalari lotutako sailburuak, irrikitan daudenak zerbitzu publikoak suntsituz edo etxebizitzarekin espekulatuz negozio mardulak bultzatzeko eta mobilizazioak are gogorrago zapaltzeko.

Hori da Mikel Jauregi Letemendiaren kasua, Industria, Trantsizio Energetikoa eta Jasangarritasuneko sailburu izango dena. Jauregi, orain arte, zuzendari gisa aritu da British Petroleum-en Espainiako Estatuko Centrica Plc. filialean. Enpresa horri  "energia berdeko" inbertsioengatik iruzurra egitea eta Trumpekin lotutako think tank kontserbadore eta negazionista bat finantzatzea egotzi diote. Elementu hori izango da "jasangarritasunaren" arduradun.

Baina gobernu horren benetako aurpegiaren adibiderik onena —eta EH Bildu horrekin itxaropentsu agertu da— Ertzaintzan eta errepresioaren gogortzean ikus daiteke. Delituen indizeak oso baxuak izan arren, Jaurlaritza berriak eta Ertzaintzak beldur kanpaina bat bultzatzeari ekin diote, eskuin muturraren estiloan, polizia eta errepresio gehiago justifikatzeko, batez ere etorkinen aurka zuzendua.

Argi ikusi da hori udan Bilboko poliziak manteroen aurka egindako jazarpen basatian. Horrek ez du eragotzi EH Bilduk bat egin izana EAJren Bilboko Segurtasun Plan berrian, poliziaren presentzia eta bideozaintza areagotzea aurreikusten dituen plan batean. Eta gainera hori justifikatu dute "irizpide zientifikoak" jarraituko dituela eta "horrek gehiago hurbiltzen gaituela polizia komunitarioaren eredu batera" esanaz.

Ertzaintzaren barruko elkarte eta sindikatu ultraeskuindarrak, Estatuko gainerako lurraldeetan bezala, politika eta diskurtso arrazistak eta kriminalizazioa bultzatzen ari dira. Aldi berean, Eusko Jaurlaritza berriak segurtasun enpresa sionistekin kontratuak errazten jarraituko du, errepresioa hobetzeko eta, bide batez, EHko armamentu industria ahaltsuarentzat kontratu mamitsuak bermatzeko, genozidio sionistak Palestinan aurrera jarraitu dezan.

Izan ere, EH Bildu bera ere errepresioaren biktima da. Ernaiko 133 kideri 290.500 euroko isunak jarri zaizkie. Ez al da nahiko kontraesankorra itxaropentsu eta lankidetzarako prest agertzea, hain zuzen, horrela jokatzen duen gobernu batekin eta alderdi batekin, EAJrekin alegia?

EH Bildu, botere instituzionala eta kaleetako borroka. Zein da behar dugun alternatiba?

Azken urteotan, EH Bilduk aurrerapauso ikusgarriak eman ditu hauteskundeetan eta instituzioetan. Une honetan, Hego Euskal Herriko udal indarrik indartsuena da, EAEko zinegotzien % 40 (1040) eta Nafarroako zinegotzien % 16 (341) baititu; horrez gain, 51 eserleku EAEko foru-aldundietan ( % 33), 27 eserleku Eusko Legebiltzarrean, 9 Nafarroakoan eta 6 Diputatuen Kongresuan. Baina botere instituzional hori guztia indargabe geratzen da logika kapitalista onartzen bada eta guztia kretinismo parlamentario eta instituzionalera mugatzen bada. Iraganean maiz ikusi izan dugu hori, besteak beste, PCErekin Trantsizioan edo Podemosekin duela hamar urte.

Arnaldo Otegik EAJri "herri" politikak egiteko dei egitea txundigarria da. Baina are txundigarriagoa da Katalunian gertatutakoaren ondoren, izan ere, Juntsen eskuinak eta ERCren sozialdemokraziak, ustezko batasun nazional horren alde eginez, eta patronalaren eta enpresari katalanen mesedea eskuratzeko moderazioa aldarrikatuz, independentziaren eta Errepublikaren aldeko borroka irtenbiderik gabeko kalezulora eraman baitute. Kataluniak bizi izan zuen altxamenduaren behin behineko porrotak agerian uzten du zerk balio duen eta zerk ez. Kaleetako masen mobilizazioa eta ekintza zuzena izan ziren benetan ataka estu batean ezarri zituenak estatu aparatua, eskuin espainolista, monarkia eta 78ko erregimen osoa.

Ikasgai sakonak atera behar dira 2008ko krisi kapitalistaren ondoren sortutako “ezker berriaren” porrotetik, hala nola, Podemos, Die Linke, Syriza, Sanders edo Corbyn. Lehenik eta behin, kaleetan mobilizazio sendorik egin gabe, masa mugimendurik gabe, edozein posizio instituzional porrotera kondenatuta dagoela. Eta bigarrenik, kapitalismoaren logikarekin hausten ez bada, haren arauei eta gaitz txikiaren politikari men egiten bazaie, gauzak ez aldatzeaz gain, azkenean atea irekitzen zaiela eskuin muturrari eta erreakzioari, ikusten ari garenez.

Hego Euskal Herrian azken urteotan etengabe mobilizatu gara errepresioaren eta estatu aparatu gero eta faxistagoaren aurka, 78ko erregimenaren eta espainolismo frankistaren aurka, baina baita EAJren eta patronalaren aurka ere. Adibide asko daude: Tubacex, Mercedes edo Michelin, Guggenheimeko garbitzaileak edo egoitzetako langileak, mugimendu feminista eta pentsiodunak, edo Gazan genozidioaren aurka egin berri diren mobilizazioak. Urkulluren gobernua bera, mobilizazioari esker, larri egon zen 2020ko urtarrileko greba orokorraren ostean. Hori da gauzak aldatzeko bide bakarra, eta ez parlamentuko negoziazioak eta maniobrak!

Otegik edo Otxandianok EAJrekin hautagaitza bateratuak aurkezteko egiten dituzten adierazpenek edo Osakidetza aurrekontuen eztabaidatik kanpo uzteak, hau da, jeltzaleak "politika abertzale eta ezkertiarrak" egitera gonbidatzeko diskurtsoek ez dute zipitzik balio aldarrikapen bakar bat ere lortzeko.

Aurrez aurre ditugun mehatxuei, hala nola muturreko eskuinaren eta faxismoaren gorakadari, gerra inperialistei, Gazako genozidioari eta herri palestinarraren aurkako sarraskiari ezin zaie aurre egin “politika errealistekin". Politika ausartak behar dira, jakina, iraultzaileak, eta hasteko planteatu behar dena da kapitalismo pean ezinezkoa dela gaitz horiekin amaitzea.

EH Bilduren norabideak, politika instituzionalak eta klase arteko kolaborazio politikek gero eta kemen gabeago uzten dituzte. Baina horrek, aldi berean, ideia eta antolakuntza iraultzailerako bidea irekitzen du. Egin beharreko bideak elkarrizketa eskatzen du Ezker Abertzaleko milaka militanterekin, zuzendaritzarekin oso kritikoak direnekin, ulertzen baitute, botoa eman arren, bide horretatik gauzak ez doazela ondo.

Komunista eta iraultzaile gisa aldarrikatzen garen erakundeek, hala nola Ezker Iraultzeak edo milaka gazte eta langile biltzen dituen GKSk, alternatiba hori altxatzeko betebeharra dugu, sektarismorik eta ultimatumik gabe. Hori izan zen Leninen metodoa, eta horrela bereganatu zituzten boltxebikeek sobiet gehienak. Kaleetako mobilizazioarekin jarraitu behar da, langile mugimenduari lotu behar zaio, LAB eta ELA bezalako sindikatu borrokalarietan parte hartu behar da, korronte komunistak eraikiz, eta kapitalistak —izan EHkoak, espainiarrak edo europarrak— jomugan jarriko dituen benetako alternatiba komunista bat eraiki behar da. Horra hor aurrean dugun erronka.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!