Erresuma Batuan mobilizazio jendetsuek aurre egiten diete faxistei. Konfiantzarik ez poliziarengan eta Estatuarengan!

Uztailaren 30etik, indarkeria faxistak Erresuma Batuko kaleak zeharkatu ditu. Meskitek, merkataritza-lokalek, migratzaileei eta bizilagunei asiloa ematen dieten hotelek eraso basatiak jasan dituzte eskuin muturreko taldeen aldetik, besteak beste, Ingalaterrako Defentsa Ligak edo Nigel Faragek Reform UK alderdi ultraeskuindarreko buruak zuzenduta.

Horren aurrean, kolpatutako hiri eta auzoetako gazteen eta langileen erantzuna eredugarria izan da, muzin eginez etxean geratzeko eta pertsianak ixteko dei egin duten poliziaren eta gobernu laboristaren eskaerei. Estatuko aparatuak, laborismoak eta sistemako alderdiek eraso horiekin duten konplizitatearen aurrean eta diskurtso arrazista instituzionalizatuaren aurrean, milaka antifaxistek kaleak bete dituzte lunpen zurien banda faxistak geldiaraziz.

Pogromo berri horiek eskuin muturrak elikatutako gezur baten ondorioz sortu ziren, Southporteko hiru neskatoren hilketaren ondoren. Asaldatzaile faxistek, asmo argiarekin, erantzulea asilo eskaeran zegoen gazte bat izan zela zabaldu zuten Telegram eta sare sozialetan. Hala ere, gertaeren eragilea gezur hori izan bazen ere, eskuin muturrak ezin dezake oinarri sozial hori eta halako zigorgabetasuna eskuratu bat-batean  ustekabeko gertaera huts batetatik. Milaka faxista ez dira harrien azpitik sortzen albiste baten ondorioz.

Beharrezkoa da ulertzea eta azaltzea zer oinarri material eta politiko dauden Erresuma Batuan eskuin muturraren gorakada horretarako, aldaera guztietan, eta nola aurre egin benetako mehatxu horri.

Pobretzea eta muturreko polarizazioa

Duela hilabete eskas, Alderdi Kontserbadoreak porrot historikoa jasan zuen, 251 eserleku eta botoen erdia baino gehiago galduta. Horrela, Alderdi Laborista burgesiaren apustu nagusia bihurtu zen politika nazionalari egonkortasuna bat eman eta bake soziala ezartzeko. Egun, laborismoa gogor kontrolatzen du Keir Starmerren hegal kapitalista eta eskuindarrak eta alderdia elementu ezkertiarretatik garbitzen aritu da.

Britainia Handiak benetako lurrikara bat bizi izan du torien gobernu eskuindarretan zehar. Osasun edo hezkuntza arloko murrizketa etengabeek, herritarren sektore zabalen pobretze gero eta handiagoak, langile auzoen degradazioak eta erreakzio nazionalistaren indarrek zuzendutako Brexitaren porrot ikaragarriak aurrekaririk gabeko hondoratzea eragin dute familia langileen bizi mailan. Erresuma Batuan, hiru haurretik bat pobrezia erlatiboan dago eta, etxebizitza eskuratzeko aukerari dagokionez, egoera azken 147 urteetako okerrena da.

Egoera horrek klase borrokaren eztanda eragin zuen 2022ko amaieran eta 2023ko hasieran, sektore publikoko langileen, osasunaren, hezkuntzaren, trenbideko langileen eta abarren greba oldea piztuz. Borroka horiek greba orokor garaile batean batzeko baldintza argiak zeuden, baina TUCen burokrazia sindikalaren jarrera koldar eta kolaborazionistak urrats hori oztopatu zuen.

Izan ere, gazteen eta langileen sektore zabalen erradikalizazioa agerian geratu da laborismoaren ezkerrerako hautagaien aurrerapenetan eta Gazako genozidioaren aurkako masa-mobilizazio ikaragarrietan. Mobilizazio horiek Londresko kaleak eta dozenaka hiri bete dituzte Estatu guztian zehar.

Haizea alde eduki arren, esan beharra dago Alderdi Laboristak 9,6 milioi boto eta 412 diputatu lortu bazituen ere, Starmerrek ez zuela lortu Jeremy Corbynek 2019an lortutako 10,2 milioiak gainditzea. Hau da, laborismoa bozkatu zutenen gehiengo zabalak Toriak gainetik kentzea zuen helburu eta hori lortzeko eskura zuten hauteskunde tresna erabili zuten. Baina egungo laborismoaren zuzendaritzaren politika kapitalistak, militaristak eta sionismoarekin bazkidetzeak ez du konfiantza zipitzik pizten.

Kontserbadoreek porrot latza jasa zuten. 244 eserleku eta bozken %51,5 galdu zituzten, 6,8 milioi boto eta 121 diputatu lortuz. Baina ezin da alboratu tarte hori eskuineko beste alderdi batzuk eskuratu zutela. Liberal Demokratek, 3,5 milioi boto (%12,2) eta 71 eserleku lortu zituzten, 2019an baino 61 gehiago. Baina, batez ere, Nigel Farage buru duen Reform UK alderdi eskuindar eta nazionalistak lortu zuen zatirik handiena: 4,1 milioi boto. Kopuru horrek 5 eserleku baino ez zizkien eman Britainia Handiko hauteskunde-sistema dela eta, baina botoen %14,3 eskuratu zuten. Frantziako, Espainiako edo Alemaniako hauteskunde-sistemarekin pareko babesa izateak 80 eserleku emango zizkien.

Hau da, indar erreakzionarioek, beren sostenguak nabarmen murriztu beharrean, eutsi egin diote, baina beste modu batean: birbanaketa egon da demagogia antiestablishment nabarmena eta profil arrazista eta immigrazioaren aurkako profil are bortitzagoa duten formazioen aldera.

Sistemaren politikariek faxistak elikatzen dituzte. Euren gezurretan eta demagogian konfiantzarik ez!

Testuingurua azalduz gero, errazago ulertzen da talde faxistek egun hauetan izan duten larderia. Sir Starmerrek aurkeztu duen programa politikoa, sionismoaren eta NATOren alde jarriz eta toriak aplikatzen ari ziren austeritate-politiken jarraipena bermatuz, beste faktore garrantzitsu bat da elementu horien oldarkortasuna puzteko orduan.

Esan bezala, eraso horiek gertatzeko baldintza materialak ez dira ezerezetik sortzen. Gaur egun pogromoen eta indarkeria faxistaren aurrean eskuak burura eramaten dituzten politikari berberak aritu dira munstro hori elikatzen diskurtso eta politika migratzaile arrazisten bidez. Eskuin muturreko talde horien kontsigna nagusietako bat, "gelditu itsasontziak", duela hilabete pasatxo Rishi Sunak torien liderraren kanpainako leloa zen.

Alderdi Laboristan ere ez dira atzean geratzen. Yvette Cooper barne ministro laboristak duela aste batzuk ziurtatu zuen Sunak baino gogorragoa izango zela migrazio politikari dagokionez, asilo eskatzaile migratzaileen aurkako "sarekada eta deportazio oldea" iragarriz. Sarah Edwardsek, Tamwortheko diputatu laboristak, duela astebete esan zuen parlamentuan "Tamwortheko biztanleek beren hotela berreskuratu nahi duela" eta "oporretarako izan beharko lukeela", gaur egun asilo-eskatzaileen babesleku gisa erabiltzen den Holiday Inn aipatuz. Ez da kasualitatea, handik egun batzuetara, Holiday Inn bihurtu izana talde faxista horien jomuga. Diputatu horrek erasoen aurrean adierazitako aieneek ez dute kentzen konplizea eta erantzulea izan dela.

Erantzukizunak alboratzeko eta fokua desbideratzeko asmoz, Starmer ekintza horiek suharki gaitzestera atera da eta 400 atxilotu baino gehiago eragin dituen erantzun poliziala goraipatu du. Nabarmendu behar da ordea, hasteko, Estatu bera dela politika arrazistak eta immigrazioaren aurkako politikak barreiatzen dituena, austeritatea eta nazionalismo ingeles nazkagarria justifikatzen dituena eta banda faxistak erabiltzen dituena demagogia hori zapalduenak eta baztertuenak. Bistan dago eskuin muturreko erakunde horiek sistema defendatzeko duten funtzio politikoa.

Erresuma Batuko langile klasea argi dago eta erantzuna berehalakoa izan da. Abuztuaren 7an milaka pertsona mobilizatu ziren Londres, Brighton, Liverpool eta dozenaka hiritako auzoetan, egun batzuk lehenago iragarritako martxa faxistak galarazteko. Irmotasunez, gazte eta langile migratzaileek, arrazakeriaren aurkako aktibistek, ezker borrokalariaren erakundeetako militanteek, suhiltzaile, trenbideko langile eta funtzionario publikoen taldeekin batera, kaleak kontrolpean hartu zituzten, faxista horiei aurre egiteko prest.

Egiazki, autodefentsa-taldeen enbrioiak sortu ziren eta jarraian manifestazio jendetsuak bihurtu ziren. Langile klaseak argi utzi zuen eskuin muturra geldiarazteko ez duela konfiantzarik Gobernuan ezta bere segurtasun indarretan ere.

Erresuma Batuko eraso faxistek nazioarteko langile klasea interpelatu badute, bertako langileen eta gazteriaren erantzunak inspirazioz betetzen gaitu eta jarraitu beharreko bidea zein den erakusten digu. Ikasgai asko ditugu esperientzia honetatik ateratzeko. Eskuin muturraren gorakada errealitate bat da nazioartean, eta kapitalismoaren egungo egoeraren ezinbesteko ondorioa da. Historiako beste une batzuekin paralelismoak daude, hala nola joan den mendeko hogeita hamarreko hamarkadarekin. Jakina, ezberdintasun esanguratsuak ere badaude. Baina zalantzarik erantzun sendoa eman behar zaio banda horiek elikatzen dituzten alderdi erreakzionarioen eta euren liderren demagogiari, horren atzean kokatzen ari baitira langile klaseko sektore desmoralizatu eta pobretu batzuk eta batez ere milioika burges txiki, hain zuzen, langile etorkinen esplotazioarekin eta lan eskubideetatik gabetuak egotearekin urrezkoak egiten ari direnak.

Alderdi Laboristak burgesiaren programa eta austeritate-politikak aplikatu izanak gehiago sakonduko du gaur egun Britainia Handian dagoen gizarte polarizazioa. Baina politika horiek eta eszenatoki horrek aukera zabalak sortzen ditu komunismo iraultzaileko indarrek aurrera egin dezaten, baldin eta kontsigna zuzenak eta klaseko programa bat jasotzen badituzte, eta gaur egun borrokaren lehen lerroan dauden sektore aurreratuenekin bat egiten badute.

Banda faxisten aurkako borroka kapitalismoa boteretik kentzeko borroka da; haren instituzionaltasun ustelarekin eta murrizketa sozial iraunkorren agendarekin amaitzeko borroka; gure izerdiarekin eta ahaleginarekin sortzen dugun aberastasuna gure eskuetan jartzeko borroka. Eta horretarako modu eraginkor eta koherente bakarra dago: aberatsak desjabetzea. Gaur, atzo bezala, borroka antifaxista sozialismoaren aldeko borroka da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!