Venezuelako hauteskunde presidentzialen balantzea. Azalpen bat marxismo iraultzailetik

Joan den uztailaren 28ko Venezuelako hauteskundeek eztabaida garrantzitsua piztu dute ezker militante eta borrokalariaren lerroetan, bai mundu osoan, bai Venezuelan bertan.

Venezuelako Alderdi Komunistak (PCV) eta ezkerreko beste erakunde batzuek Maduroren garaipena zalantzan jarri dute. PCVren zuzendaritzak egindako adierazpenaren arabera, "Nicolas Maduroren Gobernuak Venezuelako herriari bere eskubide sozial eta ekonomikoak kendu dizkio, gaur (hauteskundeen ostean) eskubide demokratikoak kendu nahi dizkio", eta "Hauteskunde Kontseilu Nazionalari bozketa-akta guztiak argitaratzea eskatzen dio -hauteskundeen araudiak ezartzen duen bezala- hala nola, emaitzen zenbaketa ahalik eta gardenena izatea”. PCV Venezuelako Alderdi Sozialista Batuaren (PSUV) gobernuaren jazarpen politiko gogorraren jomuga izan da, chavismoaren blokean hastapenetatik egon ondoren.

Eskuinerago dauden esparruetan, Boric Txileko presidenteak, Petro kolonbiarrak, Lula brasildarrak, Andres Manuel Lopez Obrador Mexikoko agintari ohiak eta nazioarteko sozialdemokraziaren buruzagi nagusiek Maduroren aurka egin dute, neurri handiagoan edo txikiagoan, hauteskunde-zenbaketaren akta osoak argitaratzeko eskatuz.

Ildo askoz erasokorrago batean, inperialismo estatubatuarraren bozeramaileek eskuineko oposizioak Venezuelan egindako salaketen berri eman dute. Adibidez, Carter zentroko behatzaileek anbiguotasunik gabe hitz egiten dute iruzurraz eta legez kanpoko hauteskundeez, eta AEBko goi mailako politikari askok Maduroren berehalako ukoa eta Edmundo Gonzalez Urrutiaren garaipenaren aitorpena eskatu dute. Ez dezagun ahaztu indar horiek hasieratik iraultza bolivartarraren aurkako erasoaldi kolpistari eutsi dioten indar berberak direla, eta Juan Guaido izendatu zutela presidente, inolako herri hauteskunderik gabe. Zertarako bozkatu presidente bat hatzez izendatu dezaketenean? Baina orain iruzurraz ari dira, nola ez.

Bestalde, alderdi estalinistak edota Espainiako Estatuan PCE edo Sumar bezalako erakundeak (PSOErekin gobernatzen dute, beste aldera begiratzen dute Gazako genozidio sionistaren aurrean edo historiako aurrekontu militaristenei oniritzia ematen diete) Maduro defendatzera atera dira eta hauteskunde-iruzurraren edozein akusazio errefusatzen dute. Gauza bera gertatu da Putinen, Xi Jinpingen edo Teherango mulahen erregimenarekin, Maduroren garaipena pozarren onartu baitute.

Jakina, nahasmen handia dago milaka ekintzaile eta borrokalariren artean Venezuelan gertatzen ari denari buruz, eta horrek zerikusi handia du Chavezen heriotzaren ondoren iraultza bolivartarraren degenerazioarekin eta herrialdearen barneko egoeratik ihes egiten duten beste elementu batzuekin.

Sektore batentzat, inperialismo estatubatuarraren aurkako borrokak, zalantzarik gabe historiako indar kontrairaultzaile handiena denak, dena justifikatzen du. Berdin dio zer metodo erabiltzen diren eta zer politika defendatzen diren borroka honetan. Nire etsaiaren etsaia nire laguna da, eta edozein azterketa eragiketa geoestrategiko batera mugatzen da. Jakina, hurbilketa horrek, xumea eta asmo onekoa badirudi ere, ahaztu egiten ditu Leninen eta Marxen irakaspenak, eta garrantzi politiko handiko fenomenoen aurrean ikuspegi komunista, klase-independentzia eta internazionalismoa mantentzeko beharra. Azterketa marko hori gabe, oso zaila da gertaera hauetara zuzen orientatzea eta indarrak prestatzea eraso inperialistaren eta blokeoaren aurka borrokatzeko, oligarkia kapitalistaren eta lurjabearen aurka borrokatzeko, eta Venezuela benetan sozialista baten alde borrokatzeko, burokrazia pribilegiatutik, desberdintasunetik, ustelkeriatik eta pobretzetik askatua.

Emaitzak

Uztailaren 28ko gaueko 12ak pasatxo zirenean, Elvis Amorosok, Hauteskunde Kontseilu Nazionaleko (CNE) presidenteak, Nicolas Maduro Venezuelako presidentetzarako hauteskundeen irabazle izendatu zuen.

Datu ofizialen arabera, %59ko parte-hartzearekin eta 2 milioi boto zenbatu gabe (%20), Nicolas Madurok 5.120.000 boto lortu zituen (%51,20), eta eskuinaren, ultraeskuinaren eta AEBetako eta Europako inperialismoaren aldeko hautagaiak, Edmundo Gonzalez Urrutiak, 4.400.000, %44,20. Tartea nahikoa da emaitza atzeraezintzat jotzeko.

Gobernuaren jarrera ezagutu bezain laster, González Urrutiak eta María Corina Machadok (MCM), oposizio erreakzionarioaren benetako liderrak, beren boto-emaileak kaleak hartzera deitu zituzten, eta armadaren ofizialtasunari esku hartzeko deia egin zioten. Adierazi dute bozketa-akten %73 dutela eta % 70eko babesarekin irabazi dutela.

Aurreko aldietan eskuineko oposizioak kaleak erre ez bezala, oraingoan protestak, nahiz eta herrialde osoan zehar gertatzen diren eta giza eskubideen aldeko erakundeen iturrien arabera 20 hildako erregistratu dituzten, ez dira klase ertain oparoaren urbanizazioetan kontzentratzen, 1998 eta 2013 artean Hugo Chavezek gidatutako prozesu iraultzailearen gotorleku izan ziren auzo xume askotan baizik. Protestetan azpimarratzekoa da geruza pobretuenetako eta desesperatuenetako milaka gazte daudela.

Nola iritsi gara egoera honetara?

Hauteskunde-kanpainan, María Corina Machadok eta Urrutiak mitin masiboak egin zituzten duela urte gutxi txistu egin eta harrika bota zituzten lekuetan, hau da, lehen chavisten gotorleku zirenetan, eta gaur egun Gobernuaren politikekiko atsekabea gori-gorian dagoen tokietan.

Duela aste batzuk argitaratu genuen adierazpenean azaldu genuen bezala: "Venezuelako ezker borrokalariak hamarkadetan aurre egin dien hauteskunde zailenen aurrean gaude (...) ez bakarrik geruza ertainak, baita langile desesperatu eta etsituen sektoreak ere, baita errepresioak zapuztu eta kolpatutako ekintzaileak ere, eskuinari botoa emateko tranpan eror daitezke."

Gobernu honen pean jarraitzea baino ezer okerragorik ez delakoan. Beste batzuek, atsekabetuta eta kritiko egon arren (...) kontrakoa egingo dute: PSUVen eta Maduroren alde bozkatuko dute, hain zuzen ere, AEBren kontrolpeko eskuina Mirafloresera iristea saihesteko. Gobernuaren eta eskuinaren alternatiba sinesgarririk ezean, milioika langile abstenituko dira".

Zinismo kalkulatuan, "Milei venezuelarrak" motozerra gorde zuen bere benetako programa ezkutatuz: murrizketa sozialak, pribatizazioak (PDVSA petrolio-enpresatik hasita), kaleratze masiboak eta mendeku politikoa espetxeratzeekin eta ezker militantea jazartzearekin... Herriko sektore porrokatu eta kolpatuenetara iristeko modurik onena zen. Gainera, bere hautagai txotxongiloaren garaipenak AEBko zigorren amaiera, inbertsioen etorrera, enplegua, soldata hobeak eta azken hamarkadan herrialdetik irtendako zortzi milioi etorkinen itzulera ekarriko zituela agindu zuen.

"Demokraziaren" izenean Machado eta Urrutia bezalako ultraeskuindarrei jokoa egitea akats larria da

Arestian adierazi bezala, herri xumeko sektoreek iruzurra salatzeko eta kaleetara irteteko jarrera hartu izanak harridura eta desorientazio handia eragiten du ekintzaileen eta ezkerreko erakundeen artean. Venezuelako Alderdi Komunistak (PCV), kontuan hartu behar da bertako militanteek hainbat urtez ultraeskuinaren eta inperialismoaren aurkako borrokaren partaide izan direla eta burokraziak gogor kolpatu dituela, honako deia egin du: "indar benetan demokratiko, herrikoi eta aberkoiei indarrak batzea, uztailaren 28ko igandean, Venezuelako herriaren borondatea defendatzea, herrialdean aldaketa politikoa egiteko asmo argia adierazi baitzuen" eta "batasun zabaleko espazioak eraikitzeko, Konstituzioa eta zuzenbidezko estatua berreskuratzeko borroka indartzea".

Atsekabe handiz adierazi behar dugu PCVren zuzendaritzaren baieztapen horiek komunistentzat oso garrantzitsuak diren puntuak nahasten dituztela. Zaila da sinestea Trump eta Netanyahu miresten dituen ultraeskuindar batek herriaren borondatea ordezka dezakeenik. Dozenaka hildako eragin zituzten Chavezen eta guarimben aurkako estatu-kolpe guztietan parte hartu zuen, eta AEBri esku-hartze militar bat eskatu zion, Irak, Libia, Afganistan edo Siria suntsitu zituztenak bezalakoa, Venezuelako iraultza odolean itotzeko. Eta are harrigarriagoa da PCVren zuzendaritzak modu positiboan agurtzea herriak aldaketa politikorako asmo argia agertu izana. Azken hori egia balitz, komunistok pozik egon behar al dugu eskuin muturraren garaipenarekin?

Bestalde, komunista iraultzaile garen aldetik, ez genuke klase menderatzailearen hizkuntza erabili behar eta "zuzenbide-estatuaz" abstraktuan hitz egin behar. "Demokrazia" hitza ez da termino absolutua, horren atzean ezkutatzen diren klase-interesak bereizi behar dira.

Leninek azaldu zuenez, kapitalisten demokrazia, beraiek "zuzenbidezko estatu" terminoarekin estaltzen dutena, kapital finantzarioaren diktadura parlamentarioa da. Badago demokrazia mota hori, eta beste bat, langileen demokrazia.

Bestalde, Konstituzio bolivartarrak konstituzio burgesa izaten jarraitzen du, dituen alderdi aurrerakoi guztiak gorabehera. Klase-borrokaren ondorioz elementu aurreratuak dituzten munduko gainerako konstituzio burgesak bezala, elementu horiek oso partzialki eta salbuespen gisa betetzen dira, edo klase menderatzaileak zapaldu eta baztertu egiten ditu, inoiz ez betetzeko.

Zehatzak izateko. AEBn, "hauteskunde libreek" eta "zuzenbide-estatuak" ez dute eragozten finantza-oligarkiak burdinazko ukabilez kontrolatzea Ordezkarien Ganbera eta Senatua, eta nahi bezala erabiltzea errepublikanoak eta demokratak. Gauza bera bizi izan genuen IV. Errepublikan “adekoekin” eta “kopeyanoekin” (AD eta COPEI iraganeko alderdi nagusiak), eta egunero ikusten dugu herrialde kapitalista guztietan: aberatsen zerbitzura dauden politikari burges, epaile, polizia eta militarren multzoak euren botere eta onura kolektiboak babesteko legeak egiten dituzte eta, parlamentuko diskurtsoek horretarako balio ez dutenean, errepresioa erabiltzen da behar adina.

PCVren milaka militante zintzo eta borrokalari bezala, ezkerreko beste sektore batzuk ere, Gobernuaren eta eskuinaren alternatiba izango den hirugarren eremu bat eraikitzea proposatuz, bozketa-akta guztiak berrikusteko aginduaren alde daude. Lehen adierazi dugun bezala, Lula, Petro, AMLO edo Boric bezalako buruzagiak ildo horretan daude neurri handiagoan edo txikiagoan. Baina nabarmentzekoa da beraiek izatea beren herrialdeetan neurri iraultzaileak aplikatzeari uko egin diotenak, politika kapitalisten aurka gogor borrokatzeari uko egin diotenak, eta burgesiaren presioaren aurrean amore ematen dutenak, AEBetako inperialismoarekin transakzio ezberdinetara iritsiz. Orain gauza bera egiten dute Venezuelari dagokionez, lurraldearen egonkortasuna eskatuz, hau da, sistema kapitalistaren egonkortasuna.

Politikan demokrazia kapitalistaren parametroen arabera kokatzeak, edo Venezuelako kasuan konstituzioa eta "zuzenbide-estatua" berreskuratzera deitzeak, ezinbestean eskuinaren mende jartzera garamatza. Iruzurra emango den balizko kasuan ere, alternatiba ez da Washingtongo ugazabaren zerbitzura dagoen gobernu inperialista bat, berehala langileriaren eta eskubide demokratikoen aurkako eraso bortitza abiatuko bailuke. Argentinako Mileiren adibidea nahikoa da edozein zalantza argitzeko.

Hala ere, honako galdera hau egin daiteke: jarrera marxista hori defendatzeak esan nahi al du Madurori eta PSUVeko buruzagitzari babes akritikoa eman behar zaionik, "sozialismoaz" hitz egin eta Chavez aipatzen duten bitartean, benetako kontrairaultza burokratikoa aurrera eraman dutenean eta masek lortutako aurrerapenak likidatu dituztenean? Inola ere ez!

Iraultza bolivartarretik kontrairaultza burokratikora

Erreakzioa eta inperialismoaren aldeko indarrak Mirafloresera itzultzea eragozteko, langileen grebetan eta gizarte-borroketan bat egiten dugun nazioarteko ezker militantearen hainbat sektoreek ulertzen dute Madurorekin posizionatzea eta txeke zuri bat ematea beste erremediorik ez dagoela.

Ezker Iraultzailetik ehuneko ehunean bat gatoz ultraeskuinaren eta inperialismoaren itzulera eragozteko helburuarekin. Baina ez gaude ados bitartekoekin. Hori saihesteko, gure ustez, ezkerra berrantolatu behar da, eta iraultza bolivartarraren konkistak berreskuratzeko borrokatu, eta horiek sakondu, benetako iraultza sozialista garaile bihurtu arte. Burokraziari boterea kentzean datza hori, indar sozial bizkarroia eta erreakzionarioa bihurtu baita, eta boteretik kentzea, halaber, bere aliatu burgesak eta nazioarteko babesleak, kapitalista errusiar eta txinatarrak. Guk defendatzen dugu botereak langile-klasearen eta haren zuzeneko demokraziako organismoen esku egon behar duela, eta Venezuelako finantza-oligarkia eta lurjabea desjabetu egin behar dela.

Chavezek ausarki bultzatu zituen nazionalizazioek babes sozial izugarria eman zioten, deitu zituen 19 hauteskundeetatik 18tan garaipen irmoa lortuz. Zapalduen mobilizazio masiboak hautestontzietan eta kaleetan inperialismo estatubatuarraren plan kolpistak garaitu zituen. Venezuelan lortutako garaipenek prozesu iraultzaileak bultzatu zituzten beste herrialde batzuetan, eta ezkerrerako biraketa eragin zuen Latinoamerika osoan, iraultza bolivartarra milioika lagunentzako erreferentzia-puntu bihurtuz planeta osoan.

Chavezek inperialismoaren erasoei heroikoki eutsi zien eta zapalduekiko konpromiso eta ausardia hautsezina erakutsi zituen. Baina akatsa ere egin zuen indar hori guztia azkeneraino ez baliatzean, ez zuenean iraultza osatu kapitalismoarekin amaituz eta benetako langile-demokrazia ezarriz. Sozialismoan pixkanaka aurrera egiteko aukeraz fidatu zen, ustezko "burgesia patriotiko" batekin akordioak lortuz, eta batez ere aparatu militarrean eta inperialista txinatar eta errusiarrekiko lankidetzan oinarrituz.

Azkenik, eta jada zendu zela, kanpoko klaseen presioek gero eta gehiago oztopatu zuten prozesu bolivartarra barnetik: iraultzaren isolamenduak eta burgesia boteretik kentzeko neurri sendorik ezak ahalbidetu zuten arribista eta karrerista mordoak PSUVen eta Estatuko eta Armadako administrazioaren kontrola hartzea. Geruza horrek pribilegio material berriak eta soldata handiagoak garatu zituen eta, boterean, zapalduen oso gainetik kokatu ziren. Geruza burokratiko hori sendotu egin da, eta ez dio inola ere uko egin nahi bere posizio nagusi berriari.

Kontrairaultza politikoaren eta erreakzioaren fenomenoak, Maduro buru duena bezalakoak, ez dira ezohikoak historian. Nikaraguan ere ikusi dugu: iraultza sandinista heroikoaren errautsen gainean Daniel Ortegaren erregimen bonapartista, enpresariala, ultrakatolikoa eta bortizki matxista altxatzen da gaur egun. Batzuek uste dute FSLN Nazio Askapenerako Fronte Sandinistaren bandera gorri-beltza astintzen duelako Ortegak iraultzaren indarrak ordezkatzen dituela. Baina ez, ez da horrela.

Maduroren Gobernuak chavisten ondarea birrindu du. Suntsitu egin du, kapitalistekin desjabetutako enpresa ugari ixtea edo pribatizatzea hitzartuz, milaka langile kaleratuz, langileen aldarrikapenak eta borrokak gogorki zapalduz, ezkerreko aktibista konprometituenak jazarriz eta lunpenetik datozen salatari eta txibatoen sare bat sortuz -horiei ondo ordainduz- greba eta mobilizazio klasistak desegiten jardun dezaten.

Bere gobernuak gutxieneko soldata hondoratu du, Latinoamerikako handiena izatera iritsi zena, eta orain baxuena da. Ez du inolako eragozpenik izan ekonomia dolarizatzeko, desberdintasun sozialek izugarri gora egin dezaten, eta hiri askotan burgesia txikiak aparteko bizitza-mailaz goza dezan, festetan, whiskyan eta gama altuko kotxeetan. Bien bitartean milioika familia langile ezinbestekoa lortzeko mugan daude.

Komunista gisa, errealitate hori alde batera utzi behar al dugu, zuritu edo ezkutatu behar al dugu? Horrela defendatzen al da sozialismoaren kausa Venezuelan eta nazioartean? Burokrazia eta kapitalistak elkarrrekin fusionatzeak ustelkeria izugarria eragin du. Horrek guztiak AEBetako inperialismoak eta peoiek orain beren onurarako erabili nahi duten samin masiboa eragin du.

Venezuela, giltzarria bloke inperialisten arteko munduko nagusitasunaren borrokan

Venezuela oso pieza preziatua da AEBren eta Txinaren arteko munduko nagusitasuna lortzeko lehian. Munduko petrolio-erreserba egiaztatu gehien ditu, baita beste baliabide mineral eta natural batzuk ere. Txinaren lehen aliatu estrategikoa izan zen Latinoamerikara hedatu zenean, yankien ustez eurena den zonalde baten kontrola mehatxatuz.

AEBk urrezko aukera ikusi du hauteskunde hauetan. MCM edo Urrutia Mirafloresen kokatzea, multinazional gringoei barra librea emateaz gain PDVSA eta herrialdeko baliabideak errazago arpilatzeko, kolpe bat izango litzateke mahaian, urteetan zehar Txinaren eta Errusiaren aurrean jasandako porroten ondoren.

Baina ez dago batere argi lortuko dutenik. Ukrainako gerrak erakutsi duen bezala, Washingtonek bere asmoak inposatzeko duen gaitasuna oso baxu dago, bere klase menderatzailean barne zatiketak daude, eta horiek bortizki adierazten ari dira azaroko presidentetzarako kanpainetan.

Maduroren burokraziak badaki hori, eta Txinaren, Errusiaren eta Iranen laguntzarekin eutsi nahi dio. Apustu arriskutsua da, baina Ortegarekin Nikaraguan gertatu zen bezala, epe laburrean behintzat, lor lezake. Beste kontu bat da ea zein politika eta gobernu-mota ateratzen diren hortik, aipatu dugun bezala.

Madurorekin lerrokatzeko deia egiten duten ezkerreko sektore borrokalari horietako batzuek uste dute Txinak, Errusiak eta Iranek gutxienez berma dezaketela Venezuela estatubatuarren atzaparretan ez erortzea. Argi dago Txinak eta Errusiak ez dutela AEBren moduko krimen, kolpe militar, esku-hartze eta sarraski odoltsuen historialik. Baina goraka doazen potentzia inperialistak dira, eta merkatuak eta lehengaien iturriak konkistatzea dute helburu, beren enpresentzat ahalik eta etekinik handiena bermatuz eta langileak modu basatian esplotatuz, bai beren herrialde barnean, bai inbertitzen duten lekuetan.

Ez Xi Jinping, ezta Putin ere, Venezuela "aliatu estrategiko" izendatu duena, ez dira herri zapalduen defendatzaileak, ezta langile klasearen defendatzaileak ere, eta ez dute sozialismorako aurrerapausorik ematen. Zer esan Irango mulahei buruz, grebak, protesta sozialak eta altxamendu iraultzaileak odoltsuki zanpatu baitituzte, ezkerreko aktibistak espetxeratu eta hiltzen dituzte, eta emakumeak eta LGTBI komunitatea zapalkuntza baldintza gogorretan mantentzen dituzte. Txinarekin, Errusiarekin eta Iranekin egindako akordio guztiek ez dute hobekuntzarik ekarri Venezuelako zapalduentzat, burgesiari, burokraziari eta erdi mailako klasearen goiko geruzei bakarrik egin die mesede.

Ezker iraultzailea eraikitzea programa komunista batekin

Iraultza bolivartarraren atzerakadaren eta hondamenaren gainean ezarriz, burokrazia maduristak diskurtso antiinperialista, chavista eta "sozialista" erabiltzen du, ez klase programa eta programa internazionalista bat defendatzeko, baizik eta bere posizio soziala eta pribilegioak sendotzeko, bere politika kapitalistei azaleko itxura ezkertiarra ematen saiatuz.

Maduro erregimen bonapartista burges baten buruan altxatzen da. Ez masa mobilizatuetan, ez kontzientzia iraultzailean oinarritzen den gobernu modu batean, baizik eta kupula militarrean eta estatuaren aparatuan, errepresio sistematikoa erabiltzeko ezkerraren, langile-mugimenduaren eta gizarte-borroken aurka. Protestaren presioa saihestuz eustea lortzen badu ere, epe ertainean gaitzespen handiagoa eragingo du, krisi berriak eta baita eskuinarentzako eta inperialismo iparramerikarrarentzako aukera gehiago ere.

Ezker Iraultzailetik Venezuela sozialista baten alde borrokatzen dugu eta inperialismo yankiaren aurkako borrokaren lehen lerroan gaude, munduko herri zapalduentzako mehatxurik handiena baita, eta eskuineko eta eskuin muturreko peoien aurka borrokatzen dugu, MCM kasu. Eta hori egiten dugu komunismo internazionalistaren programa defendatuz, Maduroren bonapartismo burgesaren eta haren politika kapitalisten aurka. Horrela bakarrik eskainiko diegu irtenbide iraultzaile eta sozialista Venezuelako kapitalismoaren krisi agonikoa pairatzen duten langile masei.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!