Frantziako Estatua. Klase-borroka egoera lehergarrian

Europako hauteskundeek lurrikara politikoa eragin dute Frantziako Estatuan. Le Penen eskuin muturraren garaipen irmoaren eta Macronen ildoko hautagaitzaren gainbeheraren ondoren, presidenteak berehala desegin zuen Asanblea Nazionala, eta hauteskunde legegileak deitu zituen ekainaren 30erako eta uztailaren 7rako. Hurrengo hauteskundeek, ziurtasun osoz, klase borrokaren fase lehergarria irekiko dute Frantziako Estatuan.

Komunista iraultzaileok ezin ditugu emaitza horiek arinki hartu. Alderantziz. Bete-betean ireki da eskuin muturra garaitzeko eta kapitalismo frantses dekadentea eraisteko behar den programaren eta estrategiaren inguruko eztabaida.

Eszenatoki honetako indar eragileak

Estatu espainiarrean bezala, Frantziako Estatuko egoerak paralelismo garrantzitsuak ditu XX. mendeko hogeita hamarreko hamarkadarekin: klase ertaineko sektore zabalak eskuin muturrera biratzen ari dira, eta eskuin tradizionaleko formazioak, gaullismoa eta zentrismoa, berriz, azkar desegiten ari dira. Langileriak eta gazteriak, Macronen legegintzaldian, sistema eraisteko duten giharra eta ahalmena erakutsi dute, baina zuzendaritza politiko eta sindikalek mugimendua diluitzeko eta negoziazio antzuetan murgiltzeko bidea hartu dute, nahasmena eta atsekabea sustatuz.

Inperialismo frantsesaren gainbehera begi bistakoa da. Afrikan zituen merkatuak eta eragin politikoko eremuak azkar galtzen ari da eta horrek Macron kanpo politika erratiko batera eraman du. Washingtonekiko distantziak mantentzen saiatu zen, gero Ukrainako gerran harengana makurtzeko; NATO kritikatu zuen, gero militarismoaren txapeldun oldarkorrena bihurtzeko; Txinarekiko tentsioa murrizten saiatu zen, gero berriro tenkatzeko. Sionismo genozidoari erabat amore emanik, gogor aritu da palestinar herriarekiko elkartasun mugimendua zapaltzen.

Frantziako Estatua jada ez da garai bateko potentzia ekonomikoa. Soldatak hondoratuta daude, eskulan etorkinaren esplotazioa gupidagabea da, prekarietatea, higiezinen espekulazioa, gero eta handiagoa den desberdintasun soziala... Rassemblement Nationalen hazkundea bultzatzen dute, eskuin ofizialista eta kontserbadorearen porrotaren kontura. Baina ezker parlamentarioa ez da gai izan erreakzionario horien demagogia nazionalista eta arrazista, ekintzekin, desegiteko, eta langileen sektore atzeratuen eta desmoralizatuen artean eragina irabazten jarraitzen du.

Espainiako Estatuan, Alemanian edo Italian bezala, Le Penek oso laguntza sendoak ditu Estatuko ehunka mila zerbitzarien artean, Administrazio zentraleko eta kantoietako funtzionarioen eskala ezberdinetan, aparatu politiko eta militarrean, epailetzan, nekazarien eta abeltzainen artean, babes oso sendoa berau. Le Penek urteak daramatza nekazaritzako azoka garrantzitsu guztietara joaten.

Bai, Le Penen Rassemblement Nationalen emaitza izugarria izan da: 7 milioi eta erdi boto baino gehiago, %31,37 eta 30 eurodiputatu. 2019an baino 2,5 milioi boto gehiago, ehuneko 8 puntuko igoera eta 7 eserleku gehiago. Bestalde, Zemmourren hautagaitza (Reconquête) ultraeskuindarra indartsu sartu da Bruselako parlamentuan. 1,3 milioi boto baino gehiago jaso ditu, %5,5, eta 5 legebiltzarkide. Bi alderdien botoen batura %37 da, eta 81 diputatutik 35 lortu ditu. Hori oso abisu serioa da langileentzat eta gazteentzat, eta akats larria litzateke gutxiestea.

Macron presidenteak abalatutako Valerie Hayerren zerrendak porrot izugarria jasan du. 5 milioi boto baino gehiago izatetik 3 milioi eta erdi pasatxo izatera igaro dira, %14,6 eta 13 eurodiputatutan geratuz. 2019an 23 lortu zituzten. 2016an alderdia sortu zenetik jaso duen emaitza txarrena izan da, orain arte ez baitzen % 22tik jaitsi.

Bien bitartean, ezker erreformistako buruzagiek etengabe eskatu dute konfiantza Errepublikako eta Europako erakundeengan. "Demokrazia" burgesa aurkeztu dute ultrak uxatzeko antidoto gisa. Jakina, formulak ez du funtzionatu.

Macron hari batetik zintzilik eduki zuen langileen altxamendutik urtebete pasatxo igaro ondoren, Frantzia Intsumisoak ez du espero zitekeen gorakada jaso. 2.448.711 boto lortu ditu (%9,9). 2019. urtean baino gehiago dira, gazteen botoari esker, Palestinako kausarekiko duen aldeko jarreragatik eta Gazako genozidioa salatu izanagatik. Hala ere, zifra horiek urrun daude 2022ko presidentzialetako hauteskundekoetatik, orduan Jean-Luc Mélenchon izan baitzen hirugarren indarra, 7 milioi boto baino gehiagorekin eta %21,95ekin.

Frantzia Intsumisoak bere irudia epeldu zuen pentsioen erreformaren aurkako borrokaren fase erabakigarrian burokrazia sindikalera makurtu zenean edota PSren eta Berdeen programa liberalari kontzesioak egin zizkionean NUPES barruan (ezker parlamentarioaren hautagaitza, 2022ko ekaineko hauteskunde legegileetan). Horrek arnasa eman dio hilzorian zegoen PSri. Hauteskunde hauetan, sozialistek, Place Publique taldearekin duten koalizioarekin, hirugarren postua berreskuratu dute, 13 diputatu eta botoen % 13,83 lortuta.

Berdeen hautagaitzak kolpe latza jaso du. Bere politika elektoralistak eta ekologismo antikapitalista borrokalari bati uko egiteak hondoratze honetara eraman ditu. 2019an hirugarren indarra izatetik (13 eserleku, % 13,48 eta 3 milioi boto baino gehiago) seigarrena izatera igaro da, 5 diputaturekin eta botoen %5 pasatxorekin.

Alderdi Komunista Frantsesari dagokionez, bere emaitzak burokrazia sindikalaren eta PSFren menpe egindako politikagatik, bere programan elementu marxista edo komunista oro bertan behera uzteagatik eta FIren aurkako jarrera sutsuagatik zigortzen ditu. Botoen % 2,36 baino ez dute lortu, eta eurodiputaturik ez.

Zer ondorio atera daitezke gertakari horietatik? Lehenik eta behin, gaur egun muturreko eskuinari aurre egiteko erakunde errepublikarrak defendatzeko eskatzen dutenek ahaztu egiten dute, 30. hamarkadan, erakunde horiek, politikoek, epaileek, agintari militarrek eta polizialek, klase kapitalistaren gehiengoarekin batera, ahal zuten guztia egin zutela herri langilearen grina iraultzailea zapaltzeko, eta, azkenean, naziei eman zietela herrialdea, eta Vichyren erregimen kolaborazionista eta faxista sortu zutela.

Bigarrenik. Eduki antikapitalistarik ez duen eta masa-borrokari eta programa iraultzaileari muzin egiten dion "antifaxismo parlamentario" baten bandera astintzea ibilbide laburreko amua baino ez da. Erreakzioa gainditzeko, biraketa erradikal bat eman behar da, eta borroka-programa kontsekuente bat altxatu.

Hauteskundeak eta Fronte Herritar Berria

Asanblea Nazionala desegin ondoren, RNko buruzagiek argi eta garbi hitz egin zuten: prest daude hauteskunde legegileak irabazteko, boterea eskuratzeko eta Macron euren menpen ezartzeko hurrengo presidentzialetara arte (2027).

Komunikabide kapitalistek RNa zuritzeko egindako kanpaina sistematikoa, patronaleko sektoreek beren enpresa-programari egindako laudorioak, Melonirekin etengabe identifikatzea, Le Penek AfDren elementu neonaziekin hausteko hartutako erabakia... zalantzarik uzten ez duten sintomak dira. Dudarik gabe, burgesia frantseseko sektore garrantzitsuak eskuin muturreko balizko gobernu baterako prestatzen ari dira, hautagai makronisten aukera kaxkarrak ikusita. Zergatik ez? Ursula von der Leyenek ez al du Europako Parlamentuan Meloni eta Le Penekin itunak egiteko aukera berretsi? PPk ez al du Voxekin gobernatzen hainbat autonomia-erkidegotan eta udaletan?

Zuritze hori sakontzen joango da, baina ezingo du ezkutatu Jordan Bardella, legegileetako hautagaiak elementu ultra-erreakzionarioa, matxista, xenofoboa eta arrazista izaten jarraitzen duela. Reconquêteko liderrak hauteskundeetara elkarrekin aurkezteko proposamenari RNk ezetza ematea beste maniobra bat da zentzu horretan. Ez dira garrantzitsuak RNk lortu duen arrakastaren ondoren erreakzioaren botoa kontzentratzeko, eta, gainera, horrelako keinu batek balio die publikoki "politiko" zantzudun gisa agertzeko.

RNko zuzendaritzak, biraketa "liberalista" horrekin, burgesiari erakutsi nahi dio gai dela oraindik egiteke dauden langile-klasearen aurkako erreforma handiak egiteko: erretiro-adina are gehiago handitzea, langabeziaren erreforma edo Gizarte Segurantzako erregimen bereziak ezabatzea; eta, jakina, salbuespenezko legedia eta ezkerraren aurkako errepresioa gogortzea.

Azken 15 urteetan (Le Penen gorakadarekin batera), UMPren eta Errepublikanoen inguruan bildutako eskuinak 3,1 milioi boto galdu ditu, 20 puntu portzentual baino gehiago eta 23 eserleku Euroganberan. Izan ere, hauteskundeetako emaitzen ondoren, Errepublikanoek inplosionatu egin dute eta, praktikan, zatiketa bat gertatu da. Zatiketa horren ondorioz, eskuinean erradikalizatuta dauden sektoreek hurrengo hauteskunde legegileetan Le Penekin batera parte hartzea erabaki dute.

Frantziako eskuin tradizionaleko buruzagien arteko banaketa horiek oso ondo islatzen dute klase menderatzailearen barruko egoera eta ultraeskuina gobernu baten buru jartzeko aukeraren inguruan sortzen ari diren zalantzak, horrek klase-borrokan izango lituzkeen ondorioak eta bake sozialari eusteko ekarriko lituzkeen zailtasunak.

Hauteskunde gautik bertatik, milaka gazte, langile Frantzia osoan zehar eskuin muturraren aurka mobilizatzen ari dira. Kasu askotan bat-bateko mobilizazioak dira eta, Parisko Errepublika Plazakoak kasu, gero eta handiagoa den haserrea eta amorrua erakusten dute.

Matxinada sozialaren egoera potentzial hori zabaldu eta sakondu egin liteke Bardella legegileetan nagusitzen bada eta lehen ministro berria bihurtzen bada, eta hori ezin da baztertu. RNren aginteko Gobernu bat amesgaiztoa izango litzateke langile mugimenduarentzat, gazteriarentzat edo LGTBI mugimenduarentzat, eratu zen egunetik bertatik, eta milaka aktibista eta sindikalista horren jakitun dira, eta kaleak hartzen hasi dira aukera horren aurka.

Horixe da, hain zuzen ere, eskuin muturraren gorakadari aurre egiteko bidea: herri mobilizazioa, lantegi eta enpresetako grebak, lizeo eta fakultateen okupazioa.

Aukera hori ez da amets utopikoa. Behetik egindako presioa hain da handia, FI, PS, PCF, NPA eta Berdeen zuzendaritzek hauteskunde ituna iragarri dutela eskuin muturra garaitzeko: Fronte Herritar Berria. Aukeratutako izena ez da kasualitatea: 1936ko maiatzaren 3ko hauteskundeetako ezkerraren garaipena ekarri nahi da gogora, hartan Alderdi Erradikalarekin aliatua zena. Hauteskunde horiek Leon Blum buruzagi sozialistari eman zizkion Gobernua, eta herrialde osoan krisi iraultzailea eragin zuten grebalarien eta fabrika-okupazioen mugimenduarekin, kapitalismoarekin amaitzeko aukera izan zuena.

Argi dago hauteskunde-kanpaina basatia izango dela, inkestek oso polarizazio handia erakusten baitute RN eta FPren hautagaitzen inguruan. Baina ezkerreko indar parlamentarioen batasun elektorala aldarrikatzeko keinuak ez du berez balio. Zein programa, zein estrategia erabiliko du Fronte Herriarek eskuin muturrari aurre egiteko?

Ergelkeria sektarioa litzateke komunista iraultzaileek ez kontsekuenteki jardutea muturreko eskuina hautestontzietan eta kaleetan garaitzeko, hau da, hauteskundeetan Fronte Herriaren aldeko botoa kritikoki babesteari uko egitea. Ezkerkeria pet-petoa litzateke. Baina bozkatzea ez da nahikoa. Garrantzitsuena Le Pen eta burgesia frantziarrari aurre egiteko ekintza eta politika da. Eta sozialdemokraziaren politika tamalgarriek ez dituzte geldiaraziko eta garaituko.

Gure proposamena ez da kretinismo parlamentarioan konfiantza izatea, baizik eta klase arteko borrokan, langileen eta gazteen antolakuntzan oinarritzea, kontzientzia eta borrokarako gaitasunean aurrera eramateko. Mobilizazioa zabaldu behar da, berau kapitalismoarekin hausteko programa batean oinarrituz.

Programa horrek antifaxismo militantean oinarritu behar du, Macronen politikek egoera horretara nola eraman duten azalduz. Bankuen eta monopolioen nazionalizazioa langileen kontrol demokratikoan defendatu behar da, eta zalantzarik gabe nabarmendu finantza-oligarkia desjabetzea — gizartearen gehiengoari bere diktadura gupidagabea inposatzen dion biztanleriaren %1 hori —. Berehala talka-plan bati kin behar zaio, milioika enplegu duin sortuko dituena, soldata onekin, etxebizitza publiko duin eta eskuragarria eskuratzeko aukera emango duena, erretiro-adina murriztuko duena eta hezkuntzara eta osasun publikora bideratutako baliabideak nabarmen handituko dituena.

Estatuaren aparatua goitik behera garbitzeko eta elementu faxistak poliziarekin, epailetzarekin edo armadarekin amaitzeko programa behar da, inperialismo frantsesari amaiera emango diona, Kaledonia Berriaren independentzia bermatuko duena eta Palestinako herriari lagunduko diona, Israelgo estatu sionistarekin harreman ekonomikoak, militarrak eta diplomatikoak behin-betiko moztu ditzan.

Fronte Herritar Berriaren ekintzaren oinarria kaleko mobilizazioa izan behar da. Pentsioen erreformaren edo Pariseko banelieues-etako gazteen borrokaren izpirituari heldu behar diogu berriro. Hurrengo urratsa enpresa, lantegi, auzo, institutu eta fakultate guztietan ekintza-batzorde antifaxistak eratzea izango da, ikasleen eta langileen manifestazioak eta lanuzteak antolatzeko, eskuin muturraren aurkako greba orokor masibo eta sendoa prestatzeko.

Horrelako programa eta estrategia batek bakarrik eragotziko dute Bardella bezalako ultraeskuindar bat Matignon jauregira iristea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!