Ikasle Sindikatuko eta Emakume Aske eta Borrokalarietako kideok ohar hau argitaratzen dugu joan den ostiralean, otsailak 16, Bilbon EAJko Aburtoren Udaltzaingoaren eskutik jasan dugun errepresioa salatzeko. M8ko ikasle greba feministaren kartelak jartzen ari ginela, poliziaren presentzia handiarekin, bi udaltzainek eraso egin ziguten, gure eskuorri eta kartelak konfiskatu zizkiguten eta gure kide bat identifikatu zuten. Jarrera harroputza eta larderiatsua izan zuten denbora guztian, geure eskubideak defendatzen ditugunoi egiten zaizkigun identifikazioetan bezala edo gure neba-arreba migratzaileek egunero jasaten dituzten sarekada arrazista lotsagarrietan bezala. Ez ziguten hitz egiten uzten, gure propaganda eraman zuten, gezurra erabili zuten gu beldurtzen saiatzeko, esanez kalean kartelak jartzeko baimena behar genuela eta ikasle greba feministaren kartel gehiago ikusiz gero gure kidea 700 € arteko isunarekin salatuko zutela. Aburtok duela gutxi esan zuen ea ezin ziren manifestazioak antolatu espaloietan, errepide-mozketengatik kexu. Agian gaineratu zenezakeen ez zaizula gustatzen kaleetan aldarrikapen-kartelak egotea? Are gehiago hauteskundeetarako hilabete gutxi falta direnean.
Kide gazteak gara, baina ez gara ergelak. Diktadura frankista ez genuen bertatik bertara bizi izan, baina badakigu garai hartan zegoela propaganda politikoa debekatuta, ez orain. Bide batez, ez da horrelako erasoei aurre egin diegun lehen M8a. 2018an, Gasteizen, EAJk isuna jarri nahi izan zigun M8an kartelak jartzeagatik. Gizartearen presioari, antolatuta egoteari eta mobilizatzeari esker, eraso hori bertan behera utzi genuen.
Oraingoan berriro esango diogu EAJri: ez dugu larderiarik, mehatxurik edo beste inolako errepresio motarik onartuko. Aspalditik ezagutzen dugu elkar. Badakigu M8an eta A25ean pin morea jarri eta feministak zaretela esaten duzuela. Eta urteko gainerako egunetan? PPk eta VOXek bezala: Ertzaintza erabiltzen duzue langileen gatazkak zapaltzeko, baita gatazka feminizatuak ere –esparru horietakoak dira gehienak, jakina–. Are gehiago, 2023ko M8an ikusi ahal izan genituen Ertzaintzak Sabin Etxearen aurrean egoitzetako langileen aurka egindako karga gogorrak. Zaintzak gure gain hartzera behartzen gaituzten zerbitzu publikoak murriztu eta prekarizatzen dituzue. Eta beste asko ere bai.
Horregatik, azaroaren 30eko greba orokor feministaren aldarrikapenek indarrean jarraitzen dutelako, gure borrokari jarraipena eman behar diogu. Horrelaxe egingo dugu M8an ikasleen greba feministara deituz. Badakigu deialdia ikastegi eta fakultateetan antolatzen eta bozkatzen ari dela. Hori da bidea. M8 honetan historia egingo dugu berriro.