Greba orokor feministak EAJ eta patronala kolpatu ditu

Politika kapitalisten eta Gazako genozidioaren aurka borrokatzen jarraitu behar dugu

Joan den azaroaren 30ean Hego Euskal Herrian deitutako greba orokor feministaren erabateko arrakasta aurrerapauso handia izan da patronalaren eta bere irabazi lizunen aurkako borrokan, eta EAJ-PSE gobernuaren politika kapitalista eta pribatizatzaileen aurka. Mobilizazio masiboek eta jarduera irmo geldiarazi zuen greba orokorrak, batez ere sektore feminizatuetan, langile mugimenduaren eta mugimendu feministaren indar izugarria islatzen dute, baita jarraitu beharreko bidea ere eskubideak konkistatu, prekarietatearekin amaitu eta %100 publikoak eta kalitatezkoak diren zerbitzuak bermatu nahi baditugu.

Halaber, agerian utzi du Pedro Sanchez buru duen Espainiako Gobernua, pribatizazio politikekin amaitzearen aurka dagoela, pentsio publikoak erasotzen dituela eta PPren lan erreforma edota Mozal Legea funtsean indargabetzea ukatzen duela.

Estatuko gainerako lekuetan ez bezala, non CCOO eta UGT sindikatuetako zuzendaritzek langile borroka guztiak geldiarazten dituzten bake soziala kosta ahala kosta bermatzeko, Hego Euskal Herrian gehiengo sindikal borrokalaria egoteak, ELA, LAB edo ESK, bestelako egoera islatzen du.

Greba orokor feminista EAJren aurkako beste kolpe bat izan da. Borrokari esker EAEn duen nagusitasun instituzionala gero eta mehatxatuago ikusten du. Hori dela eta, Urkulluri erreleboa eman behar izan diote, eta hautagai izendatu dute Imanol Pradales, hautagai "gazte eta modernoa" diote, baina egia esan euskal patronalaren ordezkari leiala da: Sacyrren 7.200 akzio ditu, euskal erakundeekin kontratu publikoak dituen eraikuntza-enpresa nagusietako bat, baita Mapfren, Santander Bankuan eta BBVAn ere.

Eusko Jaurlaritzaren negozioak sionismo genozidarekin

Urkulluk eta egungo Eusko Jaurlaritzak egiten duten bezala, Padrales ere, noski, prest dago euskal patronalak Netanyahuren gobernu faxistarekin dituen negozioak babesteko. Izan ere, aiene hutsalak eta nazioarteko zuzenbidea aipatu arren, hori bai, Israelek bere burua defendatzeko eskubidea duela adierazi eta errepikatu ondoren, EAJk eta euskal patronalak negozio mordoa dituzte defendatzeko. Esate baterako, CAFek 1.800 milioi dolarreko hitzarmena sinatu zuen 2019an Israelgo Shapir enpresa eraikitzailearekin, Jerusalemgo tren arina eraiki eta garatzeko, hiria kolonoen legez kanpoko kokalekuekin lotuko duena, palestinarrei lapurtutako lurretan.

Urkulluk Israelgo erregimen genozida eta kolonialistarekin dituen harreman estuak ukatzeko ahalegin patetikoak egin zituen arren, bere Jaurlaritzak 2020rako nazioartekotze-estrategiari buruz egindako txostenak argi zioen: "Ekialde Hurbilean, Israel lehentasunezko bazkidea da, ikasteko eredua". Harreman horiek historia luzea dute, 80ko hamarkadan Mondragon taldearekin, edo 90eko hamarkadan EAEko nekazaritza-enpresekin besteak beste.

Ertzaintzak berak aspalditik ditu harreman garrantzitsuak Israelgo enpresekin, bereziki telekomunikazioei, informazioari eta espioitzari dagokionean. Berriki jakin da euskal erakundeek 1,66 milioi euro eman dizkietela Mossadeko agente ohi baten jabetzako Guardian Defense & Homeland Security taldeko enpresei, poliziaren materiala erosi eta hobetzeko. Enpresa horrek 150 kontratu publiko baino gehiago sinatu ditu euskal administrazioekin, horietatik %60 2018 eta 2020 artean.

Harreman ekonomiko horien bidez, batzuek zibilizatu eta demokratikotzat jotzen duten euskal eskuinak genozidio sionista sustatzen du. Gogor  aurre egin behar zaio, CAFeko Enpresa Batzordeak egin duen bezala, multinazionalak Israelgo apartheidarekin eta kolono faxistekin dituen negozioak salatuz, eta berehala etea exijituz. ELAk, LABek eta ESKak milaka langileren haserrea bidera dezakete palestinarrak jasaten ari diren sarraskiaren aurka altxatzeko. Genozidioaren aurkako ekintzak, mobilizazio masiboak, lanuzteak eta grebak, konplizeak diren Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Estatuko Gobernua seinalatuz, eta kaleetan basakeria hori geldiarazteko bidea irekiz.

Pedro Sanchezen Gobernua, Gazako genozidioa eta eskuin muturraren aurkako borroka


Hain zuzen ere, mundu osoan milioika mobilizatzen ari garenean Israelgo Gobernu faxista eta kolonialistak piztutako genozidioaren aurka, Pedro Sanchez Tel Avivera joan da Netanyahu kriminalari eskua luzatzera. Bisita honek Gobernu sionistaren aurpegia garbitzeko balio izan du batez ere. Pedro Sanchezen adierazpenen arabera, Gazako zibilen heriotzak "jasanezinak" dira, baina garbiketa etnikoa eta genozidioa ez ditu aipatu ere egiten. Netanyahuren Gobernu nazia Pedro Sanchezen aurka epel kexatu arren, Israelekin dauden harreman ekonomiko, diplomatiko eta militar guztiak bere horretan mantentzen dira. Albares Atzerri ministroak berehala esan zuen "Israel estatu laguna" dela eta " ez dagoela zalantzarik Espainia non kokatzen den".

Atzerri politikan, keinuak keinu, Ukrainan AEBko inperialismoarekin lerrokatu izanak eta orain Israelgo Estatuaren alde kokatu izanak, agerian uzten du zein den Espainiako Estatuko Gobernu berriaren izaera. Aurrekoa baino eskuinerago biratu du Podemos kanporatu ondoren, eta arlo praktikoan aurreko legegintzaldiko politika kapitalista berberak bultzatuko ditu. Pedro Sanchez palestinar herriaren aliatu gisa saldu nahi izan duen zirku mediatikoari sinesgarritasuna ematea kea barreiatzea da. Negar egiten dute alferrikako aieneekin, orain Borrellek ere bai Bruselatik!, baina praktikan bidea libre uzten diote Israeli palestinar herria kanporatu eta sarraskitzeko.

EH Bilduko zuzendaritzak hori guztia agerian uzteko betebeharra dute, amore eman gabe. Pedro Sanchez seinalatu eta eskuin muturraren mehatxuari buruzko bere hitzontzikeria salatu behar da, aldi berean, ez baitu arazorik gaur egun munduan dagoen Gobernu faxistenari eskua emateko. Feijoo eta Abascalen Gobernua eragotziz erreakzioari bidea ixteak ez du esan nahi Pedro Sanchezi eta bere politika kapitalista eta inperialistei txeke zuria eman behar zaienik.

Pedro Sánchezek ere egiten duen bezala, nazioarteko erakundeek esku hartu behar dutela eta nazioarteko zuzenbidea aplikatu behar dela planteatzea utopia erreakzionarioa da. Nazioarteko erakundeek eta nazioarteko zuzenbideak ahalbidetu dute Israelgo Estatuak hainbat hamarkadatan Palestinako herria zapaltzea. Azken hilabeteotan, milaka pertsona mobilizatu gara Euskal Herrian aldarrikapen argi batekin: genozidioa salatzea eta PSOE Sumarren gobernua presionatzea Israelgo Estatuarekin harreman ekonomiko, diplomatiko eta militar guztiak eteteko. Hori da Palestinan gertatzen ari den amesgaiztoa amaitzeko bidea.

Borrokarako ezker iraultzaile eta antikapitalista baten alde

Galdera, beraz, argia da: EAJren eta gobernu zentralaren politika kapitalistei edo Gazan ikusten ari garen basakeriari aurre egiteko, zer alternatiba behar dugu? Lehenik, kaleetako borroka erdigunean jartzea, hor erdiesten baitira benetan lorpenak, eta bigarren, logika kapitalistarekin apurtzen duen politika planteatzea.

EH Bilduk ere hautagai berri bat aurkeztu du EAEko hauteskundeei begira, Pello Otxandiano. Duela gutxi arte EAJren Hezkuntza Lege berriaren defendatzaile nagusienetako bat izan da, nahiz eta orain aurka atera borrokaren eta kritiken ondorioz. EH Bildu hautestontzietan indartu egin da, baina ez EAJren edo Gobernu zentralaren aurrekontu kapitalistak babestera eraman duen politika pragmatistagatik, euskal eta espainiar eskuinari bidea ixteko aukera gisa ikusten delako baizik.

Maniobra instituzionalen politika “errealista” hori, kaleetako borroka bigarren edo hirugarren mailan utzi eta programa antikapitalista eta sozialista bati uko egiten diona, eraldaketa soziala alboratuz, guztiz negargarria izan da langileriarentzat eta ezkerrarentzat. Horrela ikusi da Podemosekin ez ezik, baita 2008ko krisi kapitalista handiaren eta sozialdemokrazia tradizionalaren krisiaren ondorioz sortutako ezker erreformista berriaren korronte guzti-guztiekin ere: Syriza, Die Linke, Corbyn, Bernie Sanders edo Latinoamerikako ezker beraren aldaera desberdinetan besteak beste. Masen bizi baldintzak hondoratzen jarraitzea eragotzi ez eta, gainera, bidea zabaldu zaio gero eta faxistagoa eta erreakzionarioagoa den eskuin muturraren igoerari, Argentinan ikusi berri dugun bezala.

Auzi nazionala konpontzeko bitarteko gisa zuhurtziara jotzea ere ez doa norabide zuzenean. Mobilizazioa gure lan aldarrikapenak lortzeko bide bakarra den bezala, Euskal Herri independente eta sozialista lortzeko bide bakarra ere bada.

Azken urteotan Euskal Herriko kaleak bete dituzten mobilizazioek argi erakusten digute indar handia dagoela borrokarako alternatiba iraultzaile bat eraikitzeko. Langile klasea oso indartsua da antolatzen eta kaleetan borrokatzen duenean, baina alternatiba politiko sendo bat behar du, bankuen eta monopolio kapitalisten desjabetzea planteatuko duen programa argia.

Soilik sozialismoaren programarekin lortuko dugu arrazakeriarik, matxismorik edo gerra inperialistarik gabeko gizartea. Gazako egoerak gordin erakusten digun bezala, ez dago beste aukerarik. Sozialismoa edo basakeria! Egin bat Ezker Iraultzailearekin!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!