Gaza munduko kartzelarik handiena izatetik milaka gorpu dituen hilobi bihurtu da. Makineria militar sionista garbiketa etniko planifikatu eta sistematiko bat gauzatzen ari da, AEBetako eta Europako inperialismoaren konplizitatearekin. Zaila da esatea zerk ematen duen nazka gehien, Netanyahuren supremazismo sionistak edo mendebaldeko handikien hipokresia zinikoak ahoa irekitzen duten bakoitzean justifikaezina justifikatzeko.
Irudi benetan danteskoak ikusten ari gara. Israelen bonbardaketek dozenaka mila tona lehergai jaurti dituzte, eta Gaza errautsetan birrindu dute, lehenik iparraldea eta orain hegoaldea. Behinik behin, 25.000 hildakotik gora eragin dituzte, horietatik 10.000 haurrak eta 22.500 zibilak, eta hondakinen azpian milaka pertsona erreskatatu ezinik geratu dira, makina eta erregai faltagatik; 50.000 zauritu inguru, milaka mutilatu, milioi erdi etxe suntsituta eta 1,9 milioi desplazatuta, biztanleriaren % 90.
Aski ez eta armada sionistak ospitaleak, anbulantzien konboiak eta eskolak erasotzen jarraitzen du, baita NBEko instalazioak ere, ehunka pertsonen babeslekuak, bertako dozenaka langile erailaz. Eta gauza bera gertatzen da kazetariekin, 90 hildako inguru, nazioarteko iritzi publikoaren aurrean genozidioa isilarazteko helburuarekin. Aurrekaririk gabeko kopuruak dira.
Horrez gain, setioa zabaldu da, elikagaiak, botikak eta erregaia sartzea eragotziz, eta hornidura elektrikoa, telefonoak eta internet etenez. Bi milioi palestinar baino gehiago, %40 haurrak!, gosez, egarriz edo kolera bezalako gaixotasunez hiltzeko mehatxupean daude. NBEk apokaliptikotzat jo du egoera. Gazako osasun-sistema kolapsaturik dago eta milioika daude Rafahen setiatuta, Egiptoko mugaren ondoan, Gazatik behin betiko kanporatzearekin mehatxatuta.
Elkartasun internazionalista hazten ari da
"Nazioarteko komunitatearen" pasibotasunaren eta, egia esan, konplizitatearen aurrean, mundu osoan elkartasun internazionalista lehertzen ari da. Altxamendu jendetsuek herrialde arabiarrak nahiz AEB eta Europa astintzen dituzte, gobernu horien guztien hipokrisia eta sarraski honekin duten kolaborazioa agerian utziz. Errepresioak ez du gelditu mugimendu hau, etengabe hedatuz eta erradikalizatuz ari dena.
Klaseko elkartasun internazionalista hau da sarraskia geldiarazi dezakeen tresna bakarra, genozidio sionistaren ezinbesteko konplizeak diren gure gobernuak soken kontra jarriz.
Izan ere, eraso hau ez da erraz geldituko. Gazako Zerrendaren iparraldea airetik eta itsasotik bonbardatu eta lurreko artilleria erabiliz suntsitu ondoren, sarraskia indartsu hedatzen ari da hegoalderantz, 10 kilometro eskasetan pilatzen diren 1,9 milioi gazatarrak inguratuz eta ihes egitera bultzatuz. Garbiketa etniko antolatua da. Armadak kontenplaziorik gabe exekutatzen ditu zibilak eta “gerrako presoak”, lurraldea hobi komunez josiz, SS nazien estiloan.
Israelgo klase agintariarentzat, bere Estatu aparatu eta gobernuarentzat, ankerkeria horien justifikazioa publikoa da, inolako konplexurik gabe. Netanyahuren Kabineteko kideen hitzetan ez dago zibilik Gazan, animaliak bakarrik, eta bonba nuklearra erabiltzea zilegi litzake. Zer alde dago honen eta nazien herri judua garbitzeko "azken irtenbidearen" artean?
Israelgo goi-kargudunek, diputatuek, militarrek, enbaxadoreek, medikuek eta abarrek egindako adierazpenak, asko Likudekoak eta ez soilik muturreko erakunde sionistetakoak, ez dira anekdota hutsak, etenik ez duen marmarra baizik. Agerian uzten dute Israelgo Estatuaren izaera supremazista, arrazista eta kolonialista.
Faxismo sionistaren benetako mehatxua
Gerra honen helburuetako bat, Netanyahuren Kabinetearentzat eta estamentu militarrarentzat, bigarren Nakba bat eragitea da, hau da, palestinarrak Gazatik Sinai penintsulara kanporatzea. Israelgo inteligentziaren dokumentu filtratu batek agerian utzi du hori. Plan horretarako, Al Sisiren diktadura militarraren laguntza behar dute, eta erregimen hori tentatzen saiatzen ari dira Egiptoko kanpo-zorra osorik barkatzearekin.
Hala ere, Biden, Sunak, Von der Leyen, Borrell, Macron, Scholz edo Pedro Sanchezek ez dute genozidio hitza aipatzen. Israelen eta Hamasen arteko ustezko gerra bati buruz hitz egiten dute, baina hara non, palestinarrak bakarrik hiltzen diren eta Gaza bakarrik suntsitzen den. Nazioarteko legeria humanitarioa errespetatzeko eskaerak egiten dituzte, Israelek hori jada birrindu ez balu bezala. Noski, Netanyahuren gobernu faxistarekin dituzten harreman ekonomiko eta militar oparoei begira koartada bat izan nahi dute.
Baina ez da Gaza bakarrik. Israelgo Gobernuaren eta Estatuaren politika txobinista eta supremazistak muturreko eskuina eta milaka kolono fanatiko hauspotu eta armatu ditu. Eta horiek Zisjordanian pogromoak areagotzen ari dira, ehunka palestinar hil eta euren lurretatik eta etxeetatik kanporatuz.
Gobernuaren buruan dauden indarrek Israelen diktadura teokratiko bat finkatu nahi dute, Torah izan dadin legea eta herritarren oinarrizko eskubide demokratikoak erabat ezabatu daitezen, arabiarrenak zein judutarrenak. Netanyahuk esku-hartze militarra gerra jainkotiar gisa justifikatzen du, argiaren eta ilunaren arteko guda eta profeta biblikoak aipatuz. Aldi berean, errepresioa gogortzen du, Israelgo herritar arabiarrak erbestearekin mehatxatuz, baita bakezale, ezkerreko ekintzaile edo, besterik gabe, Palestinako herriaren zapalkuntzaren aurka agertzen den edonoren aurka ere.
Fanatismo erlijiosoz jositako deriba autoritario hori ez da ezerezetik jaio ordea. Oposizio laikoak eta Israelgo ezker sozialdemokratak (gaur egun ia desagertuta dago, baina hainbat hamarkadatan Alderdi Laboristaren bidez herrialdea gobernatu zuen) eta sindikatuek erantzukizun osoa dute. Netanyahu eta Zisjordaniako kolonoak kritikatu arren, Gazan egindako eraso genozida justifikatu dute. Batasun nazionaleko politika negargarri horrek ultraeskuin supremazista sionista indartzen du, eta erasoen jomugan erreforma judizialaren eta Gobernuaren norabide totalitarioaren aurka kaleak hartu dituen masa-mugimendua jartzen du.
Trump, Bolsonaro, Meloni, Milei eta abarrek osatzen duten fenomeno globalaren abangoardia militarizatuan kokatu da Netanyahu. Ezaugarri faxista argiak dituzten diktadura bonapartisten mehatxua ezin da gutxietsi. Ez dute soilik Palestinako herria mapatik kendu nahi, gazte eta langile mugimenduaren ezkerreko erresistentzia oro zapaldu nahi dute.
Baina Netanyahu eta bere kideak mundu mailako mobilizazio masibo batekin topo egiten ari dira. Eta oposizio zantzu garrantzitsuak daude Israelen, operazio militarrak martxan badaude ere. Alde bakarreko gerra genozidak ez du saihestuko Gobernuaren eta Estatu sionistaren krisia sakontzea eta gizartearen kontraesanak klase-lerroetan azaleratzea.
Mendebaldeko inperialismoaren zinismoa eta Ekialde Hurbileko joko handia
Ekintza kriminal hau ez litzateke posible izango AEBren eta Europako potentzia nagusien babes politiko, ekonomiko eta militarrik gabe. Babes horrek ez du etenik, eta horren erakusle da Bidenen Administrazioak eta Kongresuak berriki onartutako 14.300 milioi dolarreko laguntza militarra.
Baina manifestazio masiboak eta langile klasearen ekintza zuzenak indartsu presionatzen ditu mendebaldeko gobernu inperialistentzat. Geltokiak edo aireportuak okupatu dira, enpresa israeldarrak edo okupazio sionistarekin negozioak egiten dituzten lantegiak blokeatu dira, eta gerra material militarra kargatzeari uko egin diote zamalariek.
Masen altxamenduaren beldur, AEBk eta Europako Gobernuek Netanyahu presionatzen dute eraso militarra apur bat! arindu dezan, korridore humanitarioak ireki ditzan eta zibil palestinarrak gizaki gisa tratatu ditzan. Hala ere, euren aliatuak nazi sionistak eta supremazistak direnean, horrelako aholku epelak ezerezean geratzen dira.
Hamasen erasoa ezin zen prestatu eta gauzatu Mosdad, CIA eta AEBko eta Israelgo buruzagitza militarrak ezagutu gabe. New York Times egunkariak agerian utzi duenez, Hamasen plana zehazki ezagutzen zuten duela urtebetetik! Baina arreta desbideratu beharra zuten, bai Netanyahuk barneko egoera kritikoagatik, bai inperialismo estatubatuarrak Ukrainako triskantzatik. Ekialde Hurbilean galdutakoa berreskuratu nahi zuten, Afganistanen eta Sirian porrot oso gogorrak jasan ondoren, Saudi Arabia aliatu ohiak Txinaren babespean Iranekin harremanak berrezarri ondoren, eta erraldoi asiarraren aurrean atzera egin ondoren.
Baina ez zaio ezer ongi ateratzen inperialismo estatubatuar dekadenteari. Israelen eta Saudi Arabiaren arteko harremanak berrezartzeko saiakera eteteaz gain, deriba genozida horren aurrean, lehendik harremanak berrezarri zituztenek horiek haustera behartu ditzake, Arabiar Emirerri Batuak edo Bahrain besteak beste
AEBk eta Europak ezin dute leziorik eman. Kolonialismoaren eta inperialismoaren txapeldun hauek XX. mendeko eta XXI. mendeko ankerkeria handienen erantzule dira. Baina zentzugabea litzateke Gobernu burges arabiarrengan konfiantza izatea, duela denbora asko traizionatu baitzuten Palestinaren askapen borroka. Halaber, demagogikoki beren interes inperialista eta geoestrategikoetarako erabiltzen dutenak ere badaude, hala nola Erdoganen Turkiako erregimen autoritarioa, herri kurduaren zapalkuntzarik okerrenean mantentzen baitu. Era berean, Irango aiatolen diktadura kapitalistak, bere langile-klasea sarraskitu eta emakumeen eskubideak eta herri-altxamenduak bortizki zapaltzen baititu.
Erregimen erreakzionario horiek eta inguru horretan dituzten sukurtsal politiko-militarrak, hala nola Hezbola Libanon, asko zaintzen ari dira Israelen aurkako eskalada ez bultzatzeko, elkartasuna diskurtso erretorikoetara eta mugako ekintza txikiagoetara murriztuz. Inperialismo txinatarraren aliantzek baldintzatutako erabakia da. Argi dago, eskualdeko potentzien eta gatazkan dauden alde inperialisten interesetara makurtuz, ezinezkoa dela herri palestinarraren askapen borrokan irabaztea.
El pueblo palestino tiene derecho a la resistencia armada, pero para vencer el único camino es la revolución socialista
La lucha armada contra la ocupación y el exterminio en Gaza es legítima, igual que lo fue el levantamiento del gueto de Varsovia contra los nazis. Pero para que sea realmente popular y efectiva tiene que ligarse a la movilización de masas, a los métodos de lucha de la clase obrera, como la huelga general, y debe poner el acento en la solidaridad internacionalista. La causa palestina solo puede vencer, si adopta un programa revolucionario y socialista dirigido contra la clase dominante israelí y su Estado terrorista y también contra la corrupta burguesía árabe, incluida la Autoridad Nacional Palestina (ANP), que se ha convertido en un agente económico y policial de Israel para garantizar la seguridad en los territorios palestinos, reprimiendo a su propio pueblo y generando una burguesía palestina que se ha enriquecido fruto de sus negocios con la burguesía sionista y árabe.
Herri palestinarrak erresistentzia armaturako eskubidea du, baina garaipenerako bide bakarra iraultza sozialista da
Gazan okupazioaren eta sarraskiaren aurkako borroka armatua zilegi da, Varsoviako ghettoa nazien aurka altxatu zen bezala. Baina hori benetan eraginkorra eta herriarena izan dadin, masa mobilizazioarekin lotu behar da, langile klasearen borroka metodoekin, greba orokorra besteak beste, eta klaseko elkartasun internazionalistan jarri behar du arreta. Kausa palestinarrak garaipena erdiesteko bide bakarra programa iraultzaile eta sozialista bat hartzea da, Israelgo klase agintariaren eta bere estatu terroristaren aurka, eta baita burgesia arabiar ustelaren aurka ere, Palestinako Aginte Nazionala (PAN) barne. Hau lurralde palestinarren kontrola bermatzeko Israelen agente ekonomiko eta poliziala bihurtu da, bere herria zapalduz eta burgesia palestinarra eratzea ahalbidetuz, burgesia sionista eta arabiarrarekin egindako negozioekin aberastu dena.
Bere burua iraultzailetzat duen ezkerrak ezin du Hamasekiko jarrera akritikoa izan. Erakunde hori gaur egun erresistentzia armatuaren buru izateak ez dizkigu begiak itxi behar errealitatearen aurrean: erakunde integrista da, programa erreakzionario batekin, eta Irango mulen gobernu burges eta teokratikoaren transmisio-uhala da. Ezin du bide eraginkorrik eskaini Palestinako herriaren askapen sozial eta politikorako.
Hamas jatorrian Israelek finantzatu zuen, mugimendu palestinarraren erakunde ezkertiarrei aurre egiteko. Osloko eta Madrilgo Akordioen ondoren, PANen eta Al Fatahren Israelekiko kolaborazionismoaren aurka agertu zen, eta horrek gero eta babes handiagoa eman zion gazteria militanteenaren eta gazatarren sektore zabal baten artean. Baina Hamasen autoritatea ere erortzen joan da. Erasoaren aurretik Gazan egindako inkesta batean, %44k Gobernu integristan ez zutela "inolako konfiantzarik" adierazi zuten, eta % 23k "ez oso konfiantza handia". %72k ustelkeria handia edo nahiko handia zegoela adierazi zuten.
Nazioarteko ezkerraren gehiengoa, sozialdemokrata eta sustrai estalinista edo trotskista zuten erakunde asko Al Fatahren eta "bi estatuen" tranparen aurrean makurtu ziren. "Errealistak" izan behar dugu, esaten zuten. Baina frogatu denez, ez dira inoiz bi estatu existitu, ezta existituko ere, Israel burgesia sionista eta kolonialista batek gobernatzen jarraitzen duen bitartean, bere menderatze eredua herri palestinarraren sarraskian oinarritzen baitu.
Herri palestinarrak askapen nazionalerako eta independentziarako duen borroka askapen sozialari lotuta doa, ezinbestean. Ez da borroka erlijiosoa, Hamasek dioen bezala, klasekoa baizik. Palestina independentea iraultza sozialistarekin bakarrik izango da posible. Horrek esan nahi du borroka loturak ezarri behar direla Israelgo langile klaseko sektore aurreratuenekin, mugimendu ezkertiar, feminista eta demokratikoarekin, zeinak mehatxutzat hartzen baitu Netanyahuren Gobernuaren eta kolonoen deriba totalitario eta fanatikoa.
Munduan zehar zabaltzen den elkartasuna aparteko urratsa da, baina alternatiba iraultzaile eta sozialista baten defentsarekin osatu behar da, Israelgo burgesia kolonialistaren desjabetzea, Estatu sionistaren suntsipena eta burgesia arabiarra boteretik kentzea mahai gainean jarriko dituena. Horixe da Palestinako herriaren autodeterminazio eskubidea, kolonizazioaren eta zapalkuntza inperialistaren amaiera eta errefuxiatu guztien itzulera bermatzeko bidea. Ekialde Hurbileko Federazio Sozialista da aukera errealista bakarra masa palestinarrak duintasunez eta askatasunez bizitza berregiteko.