Gobernatzen gaituen sozialdemokraziaren zinismoa

Palestinar herria sarraskitu? Ez dago arazorik, baina nazioarteko zuzenbidea errespetatuz esaten digute!

Netanyahuren gobernu sionista, arrazista eta faxistak Gazan abian jarritako sarraski genozida argi eta garbi justifikatu du Europako sozialdemokraziak, Israelek bere burua defendatzeko duen eskubidearen izenean. Hala baieztatu du Pedro Sánchez Espainiako Gobernuko presidenteak, eta Estatu sionistaren jarduera basatia estaliz. Izan ere, estatu sionistak, duela hamarkada batzuetatik hona egin duen bezala, nazioarteko edozein motatako legeria urratu du, eta gerra krimenak modu irekian gauzatzen ari da, bonbardatuz ospitaleak eta eskolak, eta setioa ezarriz; Gazako Zerrendako biztanleei ur, elikagai, botika edo elektrizitate hornidura eten die, gosez, egarriz eta gaixotasunez hiltzen utzi edota euren lurretatik kanporatzea behartzeko, 1948an bezala.

Testuinguru horretan, Pedro Sanchezek eta PSOEk Israelek bere burua defendatzeko duen eskubideaz hitz egitea broma zabarra da. Palestinarren garbiketa etnikoa bultzatzen duten indar faxistek zuzendutako Estatuak 70 urte baino gehiago daramatza gatazkari buruz NBEk emandako Ebazpen guztiak urratzen, eta ez da ezer gertatu. Are gehiago. Mendebaldeko inperialismoak eta bere lekaioek Estatu hau babesten, armatzen eta finantzatzen jarraitu dute, bere krimenen aurrean men eginez. Israelgo ordezkariak argi hitz egin zuen, NBEari lezioa eman nahi ziela esan zuenean orain egun batzuk.

Netanyahuren Gobernuak milaka haur gazatar hil ditu dagoeneko Zerrendaren setioan. Pedro Sanchezek kondenatu al du? Deitu al du hiltzaile hauekin harremanak haustera? Guztiz kontrakoa. Enegarren aldiz, "nazioarteko zuzenbidea" den maskaradaren barruan jarduteko eskatzen die, hau da, potentzia inperialistek eta burgesiak edozein herri inbaditzeko, bonbardatzeko, hiltzeko, zapaltzeko eta espetxeratzeko duten eskubidean, partekatzen duten xedea interes ekonomiko eta geopolitikoak defendatzea baita.

Pedro Sanchezek begiak ditu ikusteko, munduko beste guztiek bezala, eta egiaztatzeko indar militarrei eta kolono sionista-supremazista israeldarrei aise uzten zaiela nahi dituzten basakeriak egiten. Zein nazioarteko eskubidez hitz egiten digu Pedro Sanchezek? Zuzeneko genozidioa ahalbidetzen duena?

Pedro Sanchezek arrazoi material sendoak ditu zapaltzaile kolonialista hau biktima gisa saltzen saiatzen den jarrera hartzeko. Izan ere, Espainiako Estatuak Ekialde Hurbilean egiten dituen inbertsioen bigarren postuan Israel kokatzen da, Saudi Arabiaren diktadura teokratikoaren ondoren. Herrialde horrekin 3.000 milioi euro baino gehiagoko merkataritza-harremanak ditu, eta 2022an 2.170 milioi euroko esportazio errekorrak, Sacyr, Indra, ACS edo Comsa bezalako multinazionalek baliatzen dituztenak. Armamentuko esportazioak milioika euro mugitzen dituzte, zehazki 9,3 milioi 2022ko lehen seihilekoan. Azkenean, beti bezala, sozialdemokraziarentzat negozioak negozio.

Pedro Sanchezek, ahoan etengabe eskuin muturraren aurkako borroka darabilenean azken aldian, ez du arazorik Netanyahuren Gobernuarekin lerrokatzeko, alegia, Israelgo Estatua sortu zenetik egon den erreakzionarioena babesteko. Kanpo politikaren noraez hau Inperialismo estatubatuarraren eta Bidenen administrazio ultramilitaristaren erabat meneko jarrerak markatu zuen, Ukrainako abentura inperialistan oinarrituta, eta Saharako herriaren kausa behin betiko alboratzea ekarri zuen, Marokoren okupazio basatia babestuz.

Kanpo-politika barne-politikaren jarraipena da beti, eta Pedro Sanchezen Gobernuak Gazako genozidio basatiaren aurrean duen jarrera lotsagarriak are nabarmenago uzten du hori. Yolanda Diaz eta Sumar, Izquierda Unida eta Podemos, ministroen kontseiluko kideek eta EH Bildu eta ERC parlamentariek jarrera kritikoa izan dute estatu sionistarekiko eta elkartasun formala adierazi dute, baina horrekin ez da nahikoa.

Irmo gaitzetsi behar da Pedro Sanchezen eta PSOEren jarrera eta, batez ere, kaleetan elkartasun mugimendu internazionalista altxatu behar da, mundu guztian ikusten ari garen bezala. Israelek aurrera daraman genozidioa eta bere konplizeak geldiarazi behar dira, eta argi esan behar da. Konplizeen artean Espainiako Gobernua dago!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!