Greba Orokor Feminista

Azaroak 30 Denak manifestazioetara!
Gu hiltzen, bortxatzen eta zapaltzen jarraitzen dute. Aski da!
Klaseko feminismo iraultzailea altxatu!

2023a markak apurtzen ari da indarkeria matxistaren datuetan. Urtea amaitzeko hiru hilabete falta direnean, eraildako emakumeen kopurua 2022koaren parekoa da (49 krimen), eta bortxaketak %53,2 igo dira. Aldi berean, muturreko eskuina emakumeen eta LGTBI kolektiboaren aurkako diskurtso negazionista eta erreakzionarioa gogortzen ari da, eta mezu hori gure ikastetxeetan sartzen ari da.
Aski dela diogu. Ikasle Sindikatuak, Emakume Aske eta Borrokalariok eta Ezker Iraultzaileak bat egiten dugu datorren azaroaren 30eko greba orokor feministarekin, gure bizitzako esparru guztietan kolpatzen gaituen matxismoari aurre egiteko; Voxeko faxisten aurka eta eskuin espainolaren eta euskal eskuinaren aurka, PP eta EAJ, horiek baitira desberdintasun eta prekarietate basatia inposatzen diguten patronalaren, bankarien eta oligarkiaren ordezkariak.
Klaseko mugimendu feminista borrokalariak behin eta berriz erakutsi dugu geldiezinak garela. Indartsu erantzun diegu gure erasotzaileei, sistema judizial patriarkalari eta 78ko erregimeneko indar polizialei. Eta baita horien aurrean amore eman eta belaunikatzen direnei ere, esaterako PSOE, ‘Soilik Bai da Bai’ legea erreformatzea PPrekin eta toga janzten duten matxiruloekin batera bozkatu zuenean, onespenaren funtsezko oinarria ezabatuz gure aurkako sexu indarkeria salatzerakoan.
Emakume langileak borroka eredu izan gara Euskal Herrian eta Estatu osoan zehar garaile izan diren greba askotan. Ez gara ikusezinak, mundua eraldatzeko indar ahaltsua baizik. Eta argi gera dadila. Ez dugu onartuko gu hiltzen eta bortxatzen jarraitzea. Ondo dakigu geure indarretan eta zapalduen indarretan baino ezin garela fidatu sistema kapitalista honek inposatzen digun genero, klase, arraza eta nazio zapalkuntza eta indarkeriarekin amaitzeko.
Ez dago astirik alferrik galtzeko. Denak greba feministara! Batu zaitez eta eraiki gurekin klaseko feminismo borrokalaria:
Indarkeria matxistarekin eta justizia patriarkalarekin amaitu. Emakumeen aurkako bortxaketa eta eraso fisiko edo psikologiko guztien erantzuleei zigor eredugarria ezartzea.
Zaintzak eskubidea dira! Doako eta kalitatezko zerbitzu publikoa haur-eskoletan, mendekotasunaren arretan, jantokietan, garbiketan... Pribatizaziorik ez!
Prekarietaterik ez. Enplegu eta soldata duinak. Lan erreforma desegin!
Abortu aske, doako eta segururako benetako eskubidea osasun publikoan.
Gure gorpuak ez daude salgai! Gure gorputzekin trafikatzen duten negozio lodiekin amaitu, prostituzioaren, alokairuko sabelen eta pornografiaren aurka. Atzerritartasun legeari ez!
Heziketa sexual inklusiboko irakasgaia orain! Matxismoa, Eliza eta LGTBfobia gure ikasgeletatik kanpo! Kalitatezko hezkuntza publiko, euskaldun, doako eta laikoaren alde. EAEko hezkuntza lege berriaren proiektuaren aurka: euro bakar bat ere ez hezkuntza pribatu-itunpekoaren negoziorako.
EZKER IRAULTZAILEA-EUSKAL HERRIA SOZIALISTA

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!