Utzi amesten!

Erabiltzailearen aurpegia Eukene Larrarte Arteaga

Hastear da pistako txirrindularitza denboraldia Gipuzkoan, eta kadete eta jubenilak hasi dira Antonio Elortza belodromoan entrenatzen.

Txirrindulariak klubarekin joaten dira normalean, eta klub batzuetako taldeak neska-mutilez osatuta daude; hau da, talde mistoak dira. Egia da mutilen kopurua handiagoa dela, eta, azken urteetan nesken kopuruak gora egin duen arren, oraindik ere neska gutxi ikusten direla pistako entrenamenduetan.

Ikerketa soziologiko edo psikologiko bat egin liteke entrenamenduetan ikus daitekeenaren inguruan. Testuingurua ematearren, hasteko, ohikoena da klub berean neska-mutilak bereizita entrenatzea. Hori oso normalizatuta dago. Pistan itzuliak ematen ari direnean, mutilek peraltea erabiltzen dute entrenatzeko, eta neskek, berriz, ez. Neskak beheko aldetik joaten dira, aldaparik eta peralterik gabeko gunetik, esaterako. Poliki, tentu handiz, ia baimena eskatuz.

Elkar ulertzeko, pistako arauen arabera, lasai errodatzeko peraltea erabili behar da, eta esprintak edo serieak egiteko, beheko aldea, esprinterren lerroa. Noski, ikasi arte, beldurgarriagoa da peraltetik joatea. Baina ikasi egin behar dute denek, are gehiago pistako txirrindularitza bezain kirol tekniko batean.

Aurreko egunean, pistan bueltaka nenbilela, sei neska inguruko tropel bat ikusi nuen. Erritmo lasaian errodatzeko goiko aldetik joan behar zutela esan nien, peraltetik; beheko aldea esprintetarako, serietarako eta abarretarako delako. Neska batek esan zidan: «Baina kadeteak gara!». Aldi berean, talde bereko kadete mutilak peraltetik zihoazen. Bihotzetik atera zitzaidan erantzuna: «Eta zer?». Handik gutxira, peraltean entrenatzen ari ziren.

Inpotentzia sentitu nuen. Ondoren, pentsatu nuen agian norbaitek erakutsiko ziela handik joan behar zutela, edo, besterik gabe, ez ziela erakutsi.

Askotan egin diet errieta klubetako arduradunei, egoera tamalgarria dela esanez eta erantzukizun zuzena haiena dela gogoraraziz. Klubetako arduradunek diote: «Neskak zailak dira» edo, besterik gabe, «Neskak dira». Zenbat min egin duen topiko matxista horrek!

Gogoratu talde horietako txirrindulariak adingabeak direla eta helduak dituztela ardurapean: entrenatzaileak, gurasoak, hautatzaileak… Gehienetan, gainera, gizonak dira. Froga behar duen edonori entrenamendu batera etortzeko gonbita luzatzen diot.

«Mutilei diziplina eta errendimendua oinarri hartuta irakasten zaie; neskei, ez»

Profesional horiek ez dituzte neskak eta mutilak irizpide berberen arabera entrenatzen: mutilak serieak egiten, motor baten atzetik eta esprintetan ibiltzen dira; neskak, ez. Mutilei diziplina eta errendimendua oinarri hartuta irakasten zaie; neskei, ez.

Gaur egun, zorionez, emakumeak txirrindulari profesionalak izan daitezke, goi-mailako kirolariak. Eta txirrindularitza errendimenduaren ikuspegitik praktikatu nahi izan ala ez, neska-mutilei baldintza berdinetan erakutsi behar zaie. Izan ere, neskak ere lehiakorrak izan daitezke, eta entrenamenduetan pikeak izan ditzakete, taldekide mutilek bezala.

Demi Volleringek, munduko txirrindulari onenetako batek, beti dio: «Dena amets batekin hasten da». Ni ez naiz inoiz horrelako esaldi fantastikoen zale izan, baina, behintzat, utzi amesten!

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!