"Harriak negar egin lezake"

Erabiltzailearen aurpegia Estitxu Eizagirre Kerejeta 2014ko uztailaren 13a

Hala kantatu zuen Txirritak, «fracking» hitza sortu baino ia 100 urte lehenago. Araba ia osorik zulatu (eta lehertzeko) baimenak eskatuta daude, eta baita Gipuzkoaren %40 ustiatzeko ere, (agerkari hau eskuetan duzun horri, Goierritik barrena Tolosaraino gerturatuko zaizu frackinga).

Frackinga harriari gasa ateratzeko teknika arriskutsu bat da: lurra 5.000 metro sakon bertikalki zulatzen dute eta ondoren 2-5 kilometro horizontalki. Zulo horretan presio handiz sartzen dute ura hondarraz nahastuta eta gehigarri kimikoekin. Haitza txikitzen da eta haitzetik askatutako gasa lurzorura atera. Kontua da zulatutako milaka harri horietan gehigarri kutsakorrak metatzen direla eta kutsadura handia sortzen dutela inguruko lurrean eta urean. Ura eta lurra baino bizitzeko gasa beharrezkoago dugu orain, nonbait.


Badirudi dena bale dela krisi zulora ekarri gaituen martxari eusteko bada. Petrolioa eskas denerako prest izan dezagun gasa, ez dadin abiadura handiko gizarte hau erregairik gabe geratu. Aldiz, oraindik lan eskubideetatik kendu ez duten oporrek urtero erakusten digutela ia hobeto ere bizi garela pertsiana batzuk jaitsita, gutxiago eginda, lantokietan inork telefonorik hartzen ez dizunean...


Hozkaka jartzen duen droga sintetiko hori hartutako sistema iruditzen zait frackinga munduari ipurtzulotik sartzen dion hori, kosta ahala kosta trena lurpetik pasa behar duen hori. Bere burua maite ez duen gizarte bat, bere gorputza gaztigatzen duena, inguru osoa kontsumitu arren inoiz ase ez dena. Mandoen kontrola hartu duten pilotuak buruz sendatzera bidaltzea da munduko biztanleon hil ala biziko erronka.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!