Franco garaian euskaraz Euskal Herria irakasteko sortutako ikastolen elkarteak dar-dar egin du LOMCEri planto egiteko aurkeztutako neurri zehatzen aurrean. Bezeroak galtzeko beldur? Gazteei langabetu ilararako edo tabernari-umezain aritzeko primeran datorkien titulua kenduko dieten beldur? Bi beldur horiekin ez lirateke sortu eta gaurko egunera arte garatu izango era guztietako euskarazko hezkuntza proiektuak.
Gizonezkoen indarraren beldur izateko hezten ditugu neskak txikitatik: sei urterekin kalean bakarrik ibili edo ilunpetan etxeratzea sekulako axolagabekeria bailitzan, ezezagunekiko (eta "desberdinekiko") "Kontuz!" erretolikak botaz... Villabonan koloreztatutako hormak erakusten du irtenbidea, herriko puntu beltzak, beldur guneak emakumeak jabetzeko gune bihurtzea.
Lanera bidean amorruak zulatzen dizkit hesteak, AHTaren txikitze lanen parean pasatzerakoan. Berau egiten ari diren enpresak diru-lapurretagatik epaituak direla dakigunetik, amorruari babu aurpegia gehitu zaio. Isunen beldur izango gara, lortuko ez genukeenaren beldur... ezer ezin dela egin sinetsita jokatzen baitugu.
Bitartean lapurren beldur bizi da inoiz baino gehiago herritarra. Bere bizi osoko sosak bankuak edo politikariek ez, baina berak baino gutxiago duen batek lapurtuko dizkiolakoan. Bapo ustiatzen dute beldur hau telebistako iragarkietan ugaritutako segurtasun eta alarma etxeek. Beldur, zer lapurtzeko baina?
Ekainaren 8an eskuak batuko dituen ekimenak Katalunia du eredu, eta hango prozesua geratzeko Espainiak duen arma bakarra beldurra zabaltzea da.
Beldurra, beldurra, ez erreakzionatzeak eman behar liguke beldurrik handiena. Euskaltasuna ezabatzera etorri eta gureari eusteko zentzunik ez izateak. Eraso sexistei indar osoz ez erantzuteak. Gure etxea, ingurumena txikitu eta gurea ez bailitzan axolagabetzeak. Gure bizi osoko denbora eta diruak lapurtzen dizkigutenei gure bizitza delegatzeak... Erreakzionatzeko, beldurra da garaitu beharrekoa.
Ausardia, nork bereari eusteko harrotasuna, horra bizitzarako oinarrizko jarrera.