Norantz jo nahi du (herri) bakoitzak?

Erabiltzailearen aurpegia Estitxu Eizagirre Kerejeta 2014ko otsailaren 9a

Gustura irakurri dut albistea, Tolosaldean birziklatzea %43ra iritsi dela azken sei hilabetean. Herri denek ez dute ordea, ardura bera emaitza horretan. Atez ateko sistemarekin ari direnek %75 birziklatzen dute. Herrien arteko elkartasun kontua ere bada, beraz, hondakinena. Muturreko adibideak baititugu bailara berean: lehen zero zabor herria den Orendain, zorionez, batean.

Otsaileko lehen asteburuan Parisen izan da Europako Zero Zabor bilkura. Muturreko bi adibideak ikasgai izan dira han ere: Parisko aglomerazioan, Ivry-sur-Seinen dute Europako zabor metarik handiena: urtean 700.000 tona errausteko gai den labea, eskualdeko meategi guztiak zabortegi bilakatuak, hondakin erradioaktiboak, eta eraikuntzako hondakin mendiak, industriako hondakin toxikoak…

Italiako Treviso eskualdeko Contarina mankomunitatea da beste muturreko erreferentzia: 50 udalerri eta 550.000 herritar biltzen dituen herri elkargo hori izendatu du Rifiutti Zero mugimenduak Italian lanik txukunena egiteagatik nabarmendu beharreko instituzio. Hondakinen kudeaketa antolatu dute azken errefusa «0» izatetik hurbilenera eramateko (2022rako biztanleko 14 kilo errefusa urtean sortzea dute helburu. Tolosaldeko biztanle bakoitzak 242 kilo sortzen ditu urtero): industriako kalitate prozesuen ikuspegia lotzen dute etika sozialarekin, errefusa dakusate industri produkzioaren akats moduan eta herritarrei bezala agintariei eta ekoizleei lehentasuntzat ezartzen diete «erantzukizuna».

Norantz jo nahi dugu? Gure eskuak erabakitzen du uneoro zabor bakoitzaren norabidea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!