2014rako haria eta orratza opari

Erabiltzailearen aurpegia Estitxu Eizagirre Kerejeta 2014ko urtarrilaren 10a

2013ak eraman eta ekarri duena errepasatzeari ekin diot agenda sutara bota eta zuri dagoen berria asmo onen zerrendekin estreinatzeko. Gure herrietara eta komunikazioaren esparrura mugatuta, puntu hauek azpimarratu ditut:

- Mila esker eta gero arte, Joxean Lizarribar. Euskarazko Komunikazio Taldeko (EKT) presidentea, harremanetarako gozo moldatzen zena eta bere enpresatik bailarako proiektuak diruz ere laguntzeko apustu egiten zuena (besteak beste, Larraulgo Eskola Txikien Festa).
- Tolosaldeko Atarian batu dira Txolarre, Hitza eta Galtzaundi. Irratiko edukiak eta herrietako albisteak webean nola txertatzen dituen erakargarri zait. Zorionak jaiotzan, eta bizi luze eta oparoa izan dezala.
- Aiurrik hilabetez eten du bere jarduna eta langileek enpresa sortuz ekin dio berriz bideari. Etxean oso gustura irakurtzen dugu eta pozik hartu dugu itzuleran. Ea kultur elkartetik enpresara pasatzeak bideragarritasunean laguntzen dion.
- Bertsoa.com izan da Bertso Txapelketaren saio denak zuzenean eman dituen webgunea eta saio osoak bideoan ikusgai dituena. Finaleko egunean 4.000 pertsona aritu ziren bertatik BECeko saioa jarraitzen.
2014rako etxeko lanetan kontraesan bat nagusitu zait: Zenbat hitz egiten den enpresa munduan elkarlanaz, eta ze gutxi praktikatzen dugun. Krisiak denok estutu gaitu baina ez horretaraino, nonbait. Elkarren konpetentzia garela ukatu gabe, bakoitzaren emaitzak hobetzeko besteekin zer (eta nola) egin pentsatzea ez da debaldeko lana. Hasiera berriz ere agenda zaharretara jotzea izan daiteke, bakoitzak etxe barruan aztertzea orain arte zer elkarlan esperientzia izan dituen, eta zergatik atera ziren haiek ongi eta zer hobetu zitekeen besteetan. Eta batez ere, elkarlanerako jarrerak nolakoa behar duen. Amonaren esaerak arrazoi: hariak luzeagoa behar duela orratzak baino.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!